Nvidia, estuasunean

Jensen Huang Nvidiako presidentea Txinara joan da, Donald Trumpek adimen artifizialerako H20 prozesadoreen Txinarako esportazioa eten ostean.

Jensen Huang, Nvidiako presidentea, artxiboko irudi batean. ALLISON DINNER / EFE
Jensen Huang, Nvidiako presidentea, artxiboko irudi batean. ALLISON DINNER / EFE
Irune Lasa.
2025eko apirilaren 17a
18:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez, Donald Trumpen muga zergak eta kontrolak ez dira guztientzat berdinak; eta ez, ez die tratu bera ematen konpainia guztiei ere.

Adibidez, aste honetan AEBetako presidenteak smartphoneak, ordenagailuak eta beste zenbait gailu elektroniko salbuetsi egin ditu Txinari ezarritako elkarrekiko muga zergetatik. Posible da Trump oso kezkatuta egotea iPhone-ek AEBetan har zezaketen prezioaz eta horrek izan zezakeen oihartzunaz, eta horregatik ezarri izana salbuespena.

Baina, bestela ere, sekulako mesedea izan da, adibidez, Applerentzat. Hala ere, ez pentsa Trumpek turuta hotsekin iragarri duenik salbuespena. Agindua AEBetako aduanetako buruzagitzaren ohar batean iritsi da.

NVIDIA
Nvidiak merkatuaren %85 dauka adimen artifiziala garatzeko ezinbestekoak diren prozesadore grafikoen alorrean. CJ GUNTHER / EFE

AEBetako beste konpainia teknologiko erraldoi batek, Nvidiak, ez du halako traturik izan, oraingoz. Eta ez da izan Nvidia saiatu ez delako. Hedabide batzuen arabera, hilabete hasieran konpainiako buruak, Jensen Huang-ek, eta Nvidiako beste exekutibo batzuek bilera egin zuten Trumpekin, Floridako haren resort-ean, Mar-a-Lagon.

Eta handik atera ziren pentsatuz libratuko zirela Etxe Zuriak Txinarako zenbait esportaziori ezarri nahi zizkien kontrol berrietatik. Ez zen kasualitatea izango Nvidiak bilkura horretan Trumpi azaldu izana AEBetako bilioi erdi dolar inbertitzeko plana dutela, han ere egiten hasia baita adimen artifizialerako prozesadore grafikoak.

Joan den astean bertan, Huang berriz ere Mar-a-Lagon zen Trumpekin afaltzen. Jakina denez, Floridan AEBetako presidentearekin afaltzea milioi bat ere dolar kosta da talde afari batean, eta bost milioi dolar, berriz, aurrez aurre egoteko bada.

H20 prozesadoreak iaz merkaturatu zituen Nvidiak, eta ahalmen txikiagokoak dira, Joe Bidenen administrazioak Txinarako esportazioei ezarritako baldintzak betetzeko

Baina itxuraz ez da nahikoa izan. AEBetako Gobernuak lizentzia izateko derrigortasuna ezarri die Nvidiaren H20 txipei. Hain zuzen, horiek dira Nvidiak Txinari saltzen dizkion txipak. Iaz merkaturatu zituen Nvidiak, eta ahalmen txikiagokoak dira, Joe Bidenen administrazioak Txinarako esportazioei ezarritako baldintzak betetzeko.

Orain, Trumpen administrazioak erabaki du H20 txipek lizentzia behar dutela, baina praktikan horrek esan nahi du Nvidiak ezin dituela Txinan merkaturatu. Lizentzia lortzeko prozesuak denbora asko har dezakeela uste dute merkatuko analistek, eta bitartean, noizbait lizentzia lortuko balu ere, prozesadore grafikoen hurrengo belaunaldiek zaharkituta utziko dituztela H20ak.

Txinako Gobernua ere ez da ezer egin gabe geldituko. Nvidiaren prozesadore grafikorik onenen pare jarri nahi ditu adimen artifizialerako Huaweiren Ascend zirkuituak, eta, beharbada, H20en faltak abagunea erraztuko dio, eta Alibaba, ByteDance, Tencent eta beste erraldoiak Huaweiren txipak erabiltzera bultzatu.

10.000 milioiko kolpea

AEBetako Gobernuaren erabakiaren ondorioz, Nvidiak esan du 5.500 milioi dolarreko kolpea hartuko duela etekin aldetik. Baina sektoreko analisten aburuz, horrek soilik prozesadoreak egiteko kostuak kontatzen ditu, eta kaltea 10.000 milioi dolar ingurukoa izan daiteke konpainiaren fakturazioan.

Egoera horretan, Huang Txinan da gaur bertan, hango gobernuko ordezkariekin biltzeko, eta baita Deepseek adimen artifizialeko konpainiaren sortzailearekin egoteko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.