Makroetxaldeak. Noviercas

Noviercas, galbidearen aurrean

Valle de Odietak lurrak erosi ditu Soriako Noviercas herrian, Europako behi etxalderik handiena egiteko, eta lubaki sakon bat eragin du proiektuaren aldekoen eta aurkakoen artean. 23.500 behi pilatzeko egitasmo bat da.

Ur pozoitsua. Greenpeaceko ekologistek Caparrosoko botila ur pozoitsuak oparitu dizkiote Noviercaseko Udalari. MARIO GOMEZ.
xabier martin
Noviercas
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Garai batean mila biztanle ere bazituen Noviercasek (Soria, Espainia); gaur, Espainia hustuaren biktima da, eta 150 herritar baizik ez dira azaltzen erroldan. Herrian bertan egunero bizi direnak 90 izanagatik, liskarrik ez da falta han. Noviercasen geroa erabakiko duen behi haztegi erraldoi baten proiektuak lubaki sakon bat ireki du etxaldearen aldekoen eta aurkakoen artean. 23.500 esne behiren haztegirik ez dago Europa osoan, ezta antzekorik ere. Zertxobait hurbiltzen den bakarra Caparrosoko (Nafarroa) makroetxaldea da, ustez 3.500 behirena, Nafarroako Valle de Odietarena. Hura da 2017. urtean Noviercasera iritsi zen enpresa; Marshall Plan bat zekarren populazio txikia salbatzeko: inbertsioa eta enplegua.

Promesa horren laguntzaz, laborantza lurrak erosi zizkien herritar gehienei, «merkatuko preziotik pixka bat gora», saltzaile batek egunkari honi esan dionez. Lau urte geroago, makrohaztegia egiteko urrats gutxi egin ditu enpresak administrazioan, eta lurren balio guztia ordaindu gabe jarraitzen du. Erositako 700 hektarea lur horien balioaren %10 baizik ez zuen ordaindu duela ia lau urte, eta urtebete da kasik amaitu zitzaiola gainontzeko %90 pagatzeko epea; hala islatzen dute saltzaileen kontratuek. Bada enpresari gogorarazi dionik baduela ordaintzeko garaia, baina erantzun azkar bat jaso dute beti: «Abokatu armada oso bat daukagu, egin nahi duzuna».

«Ni bakarrik geratu nintzen saldu gabe, eta ez dut nahi nire izena hor azaltzea, oso gaizki pasatu baitugu herrian, eta oraindik ere ari baikara sufritzen», esan dio BERRIAri nekazari batek. «Familia bakar batek Soriako aurrerabidea oztopatzen zuela argitaratu zuen probintziako hedabiderik handienak. Seme-alabak ditut; aizu, hau ez da normala». Traktorea utzi berri du, eta Miguel Garcia zinegotziarekin batera azaldu da lurrak saldu ez dituen laboraria, COAGeko kidea bera. «Lanpostuak sortzearekin batera jendea Noviercasera aldatuko dela zabaldu dute. Bai, zera! Jende gutxiago geratuko litzateke hemen; nork bizi nahi du ingurune industrial kutsatu batean?», galdetu du Garcia zinegotziak.

Moncayoren itzalean

X. mendeko kalifen dorre garaiaren itzalpean denak bare ematen du, baina Noviercasen ez da giro. Oskarbi dagoenean, ederki ikusten da handik Moncayo dotorea, Soriako eta Zaragozako ordekak banatzen dituen mendia, 2.300 metro garai dena. Santu Justuen eliza gotiko ederraren ezkaratza garbitzen dabil behargin bat, eta teleklubeko mahaietan kafea hartzen ari dira herritar batzuk, isil antzean. Zergatik dago horrenbesteko kezka Noviercasen?

Denek dakitelako, jadanik, 23.500 behiko makroetxalde baten ondorioak izugarriak izan daitezkeela ingurumenean, aditu gehienek horrela azaldu baitute behin eta berriro; eta, hortaz, herria galbidean jar dezakete etxalde handiaren kalteek, hala lurretan nola uretan. Duela lau urteko negozio azkarrak beste aurpegi bat erakutsi du ekologisten lan didaktikoari esker. Etxea bete behik ez du kolkoa bete diru ekarriko.

«Baina etxaldearen aldekoek irabazi dituzte azken hauteskundeak. Eta argi eta garbi, hura izan zen eztabaidarako gai bakarra», azaldu du Garciak; irakasle erretiratua da. «Gu aurkakoak ginen, eskuinekoak, ezkerrekoak, denak elkarrekin, eta aldekoek irabazi zuten». Pedro Jesus Millan da aldekoen burua, PPko alkatea. «Hogei bat laborari bizi dira gaur egun Noviercasen, lurretatik, baina jadanik Valle de Odietarenak dira lurrak, nahiz eta laborariek haiek lantzeko eskubidea duten ehuneko ehuna jasotzen ez duten bitartean». COAGeko kideak hartu du hitza: «Herria salbatzera zetozela esan zuten, eta erakunde guztien presioa izugarria izan zen, jasanezina». Gaur egun, gero eta gehiagok dakite gauzak ez direla hain errazak.

Emiliano Revillak bultzatua

Ez alferrik, ez zen Soria izan Valle de Odietak etxalde erraldoiaren proiekturako izan zuen lehen jomuga. Beste erkidego batzuetako ekonomia arduradunen ezetza entzun ondoren iritsi zen Soriara Nafarroako enpresa hori, Olvegan —Noviercastik gertu— eta probintzia osoan eragin itzela duen enpresari batek lagunduta: Emiliano Revilla. Gaztela eta Leongo Juntak parez pare ireki zizkion ateak, eta zer esanik ez Soriako Diputazioak eta Noviercasko Udalak. 95 milioi euroko inbertsioa eta 155 enplegu sortzeko proposamena ez da egunero iristen Soriara, are gutxiago Noviercasen moduko herri txiki batera.

Herri apal horrek, ordea, baldintza erakargarri batzuk ditu haztegi erraldoia egin nahi duen enpresarentzat: lur eremu handia eta laua du, Dueroko arroako akuiferoa lurpean, eta alde jarri zaizkio erakundeak. Ez erakunde denak eta ez duela hiru urte bezain alde, berriki Dueroko Hidrografia Arroak ohartarazi baitio akuiferoa ez duela ukituko. Erakunde horrek ura ukatu dio Valle de Odietari, eta, horrekin batera, galdera marka are handiagoa jarri dio makroproiekturi. Eta zer gertatuko da orain?

Nafarroako enpresak esan du erabaki horrek ez duela zertan ezbaian jarri etxaldea, eta proiektuak «zutik» jarraitzen duela. Alegia, baliteke helegiteak iristea luze gabe erabaki horren aurka. Ez alferrik, enpresaren arabera, «Noviercasko bioetxaldearen proiektua jasangarria da, familia kooperatiba batek bultzatua», eta ez ditu baldintzatuko «etorkizuneko belaunaldiak». Valle de Odietak agindu du haztegiak bermatuko duela oreka bat «ekonomiaren hazkundearen, ingurumenaren zaintzaren eta animalien ongizatearen artean».

Horrela ote den galdetzean, irri etsi bat marraztu du aurpegian Soriako Hacendera elkarte ekologistako bozeramaile Begoña Izquierdok. Biologoa arrapaladan hasi da aletzen Noviercasko proiektuaren «erokeria»: «Ez du ez hankarik ez bururik, denen ondasun publikoa izanda, ura pribatizatzeak enpresa bat aberasteko; eta neurri horretan, gainera». Orain eta gero Noviercasen eta inguru zabal batean bizi direnen «geroari harlauza bat» jartzea dela uste du. «Beste edozein jarduera ekonomikori bidea itxiko lioke etxaldeari egunero bi milioi litrotik gora ur eman beharrak». Enpresaren kalkulua da kantitate hori; COAG nekazarien sindikatuak uste du ur hori halako bi beharko litzatekeela 23.500 behirentzat. «Behiek edan dezaten eta lurrak ureztatzeko beharko lukete ura, erruz», azaldu du Izquierdok; «belarra behar dute, soro handiak». Hala ere, Hacenderako kideak uste du soja emango lieketela, «urrutitik ekarria».

Eta zenbat baimen falta ditu oraindik enpresak Noviercasen eraikitzen hasteko? Gutxi ez. Gaztela eta Leongo Juntan dago jatorrizko eskaera, baina urrats ugari falta ditu enpresak ingurumen baimenak eskuratzeko. «Dueroko Hidrografia Arroak ukatu egin dio ura, eta oztopo galanta izango da hori aurrerantzean», esplikatu du Izquierdok.

Urarekin batera, behien simaurrak eta pixorrak kudeatzea da bigarren arazo handia. «Astero, Soriako zezen plaza osoa betetzeko adinako mindak sortuko lituzkete; enpresak esan du biokudeaketa planta batera bidaliko duela hori guztia, eta metanoarekin argindarra sortuko duela, etxaldea bera hornitzeko. Dena oso polita da, baina arazoa da planta horrek hondakin arriskutsuak eragingo lituzkeela».

Becquer eta enara ilunak

Hondakin horiei «ongarri» esan die proiektua jaso duen agiriak, baina, zehazki, «digestatoak» dira, lurra eta ura kutsatzen duten hondakinak. «Ezingo dute dena konpostatu, ezinezkoa da. Isuri beltza hor dago, eta lurrak hondatuko lituzke, seguru. Ez da ongarria, nitratoekin batera antibiotikoak egongo bailirateke. Behiek usu hartzen dituzte, gaitzak saihesteko. Metal pisutsuak ere ager daitezke isuri horietan… Caparrosora, haien mindak bakarrik ez: beste 90 enpresak ere hara eramaten dituzte hondakinak. Zer ez lukete egingo Sorian?». Izquierdok gogoratu du ezen hondakin horiek, neurri handiegian, errekak eta akuiferoak ere kutsatzen dituztela, ez bakarrik lurra.

Hirugarren arrazoi bat ere ekarri du gogora Hacenderako kideak. Etxaldeak 450 inguru ustiategi desagerraraziko lituzkeela dio, horietako batzuk Euskal Herrian, nahiz eta 155 enplegu sortuko lituzkeen. Nafarroako mugatik 50 kilometrora baino ez legoke Valle de Odietaren haztegia. «700lanpostu gal daitezkeela kalkulatu du COAGek. Baina argi hitz egin dezagun: zergatik etorri da Soriara enpresa hau? Bada, etsipena eta utzikeria handia dagoelako hemen, jendea edozeri baietz esateko prest dagoelako. Zer utzi behar diegu seme-alabei hemen? Lur errea? Zabortegi bat?».

Miguel Garcia, Noviercasko haztegia geratzeko alkategai izan den zinegotzia, harro dago bere herriaz; 4x4 batean, hara eta hona dabil etxaldeak hartuko lituzkeen lurretan barna. «Ikusi duzu Becquerren etxe-museoa ere badugula?». Idazlea, Noviercasko alaba batekin ezkondu, eta urte askoan bizi izan zen Sorian. Garciak ikusi nahiko lituzke enara ilunak berriro habia egiten etxeko balkoietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.