Bi urte bete dira Novaltia farmazia enpresan greba hasi zenetik, eta, gaur-gaurkoz lan gatazkak ez du soluziorik epe motzera. ELA sindikatuak dio zuzendaritzak ez duela aldatu jarrera, eta hitzarmen kolektiboa negoziatzeari uko egiten diola. Areago, enpresak langileen greba eskubidea «urratzen segitzen du», sindikatuaren arabera. Bada, egoera hori agerian utzi nahian, grebalariek—hogei dira, langileen %40— elkarretaratzea egin zuten atzo, Bilboko Amaya Blanco Arce botikan; Novaltia kooperatibako kontseilu errektoreko farmazietako bat dela esplikatu du ELAk.
Izan ere, Novaltia farmazia produktuak banatzeko enpresa kooperatiboa da, eta haren bazkideak farmaziak dira. 2019. urtean, enpresa hitzarmena etetea erabaki zuen zuzendaritzak, ELAren esanetan, eta estatuko hitzarmena aplikatzen hasi zen; hark lan baldintzak asko okertu zituen, beste hainbat sektoretan gertatzen den moduan. «Negoziatzeko borondaterik ez zegoenez, langileek greba egitea erabaki zuten urte bereko uztailaren 22an, hitzarmena berritzeko».
Zer eskatzen zuten beharginek 2019ko udan abiarazi zuten protestarekin? Batetik, soldata eskala bikoitzik ez egotea: kontratu berrietan, %35 gutxiago pagatzen zuen kooperatibak; ELAk dioenez, «Novaltiako soldata apalenek ez dituzte gainditzen 950 euroak»; alegia, lanbide arteko gutxieneko soldatatik oso gertu daude. Bestetik, «erabateko malgutasunari» muga jartzea zuten helburu, igande eta jaiegunetan ere lan egiten baitute. Horrez gain, «kanporatzeak eta kontratazio prekarioak» buka zitezela eskatu zuten.
Negoziaziorik gabe
Azken bi urteotan, Novaltiak ez ditu aintzat hartu lantaldearen eskaerak; ELA sindikatuak dio enpresak nahiago duela «grebarako eskubidea etengabe urratu». Iazko azaroan, ordea, Bilboko epaitegi batek ustezko lege urratze hori ez epaitzea erabaki zuen, eta sindikatuak bi helegite jarri zituen epai horren aurka. Izan ere, ELAk dio Novaltiak aldi baterako laneko enpresak kontratatu dituela grebalariak ordezkatzeko; «eta greban parte hartu ez dutenak saritu egin ditu, hilean 300 euro gehiago ordainduz». Lanuztea bukarazteko estrategiarekin lotu du, era barean, «hamalau grebalari kontratua iraungitzeko erregulazio batekin mehatxatu izana».
Lan Ikuskaritzaren «konplizitateari esker» jokatu du modu horretan enpresak, atzoko protestan parte hartu zutenen ustez. «Ikuskaritzak nahiago izan du ez ikusiarena egin, eta bere eginkizunak ez bete. Adibidez, bederatzi hilabete behar izan dituzte txostenak egiteko. Ikuskaritzak hogei hilabete daramatza enpresara joan gabe, greba eskubidearen inguruan egindako salaketak egiaztatu gabe».
Egoera hori izanik ere, hogei grebalariek asmoa dute greban jarraitzeko, eta farmazien aurrean mobilizatzen segituko dute, «batez ere Bilbon, Portugaleten, Markina-Xemeinen eta Gasteizen dauden Kontseilu Errektoreko bost botika kideen aurrean». Grebalariek laguntza jasotzen dute erresistentzia kutxetatik, eta ELAk berretsi du sindikatuaren «babes osoa» dutela.
Novaltiako langileen greba mugagabeak bi urte bete ditu, negoziaziorik lortu gabe
Lanuzte luzearen urteurrenean, beharginek salatu dute farmazia alorreko enpresak entzungor egin eta greba eskubidea urratzen duela aspaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu