Energia

Nord Stream 2 gasbidearen balioztatzea geldiarazi egin du Alemaniak

Irailean bukatu zuten Alemania eta Errusia lotzen dituen gasbidea, baina ez du artean funtzionatzeko baimenik.

jarraia209917.jpg
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 22a
13:11
Entzun

Erantzun bat eragin du Errusiak Donbasseko bi errepublika matxinoak onartu izanak. Alemaniako kantziler Olaf Scholzek iragarri du eten egin duela Nord Stream 2 gasbidearen balioztatzea. Errusia eta Alemania lotzen dituen gasbide hori irailean bukatu zuten, baina oraindik ez da gasik igarotzen handik, baimen batzuen zain dagoelako.

Alemaniako Gobernua izan da azken hilabeteetan Moskurekiko jarrera bigunena izan duen Europako Batasuneko herrialdea, haren gasarekiko menpekotasun handia izateaz gain lotura komertzial handiak dituelako Errusiarekin. «Baina gaur egun desberdina da. Eta, horregatik, egoera berriro aztertu beharko dugu», azaldu du Scholzek.

Berez, balioztatze prozesua blokeatuta dago azaroaz geroztik, Nord Streamen jabe ofiziala den Suitzako konpainiak Alemanian egoitza duen adar bat sortu zuelako gasbideak lurralde hartan zeharkatzen dituen 33 kilometroak kudeatzeko. Beste urrats batzuk ere falta zituen, eta horiexek dira Scholzek geratutakoak. Zehazki, Ekonomia Ministerioari agindu dio geratzeko Bundesnetzagentur energia agentzia federalari igorritako txostena, Alemaniaren hornidura segurtasunari buruzkoa. «Kontu teknikoa dirudi, baina derrigorrezko urrats administratiboa da gasbidea baimenduko ez dela ziurtatzeko. Agiri hori gabe, gasbidea ez da martxan jarriko».

Irailean bukatu zuten

Nord Stream 2 gasbidea eraikitzeko lanak irailean bukatu zituzten. Gasbidea Vyborgetik (Errusia) Lubminera (Alemania) doa, Itsaso Baltikoaren azpian, eta urtero 55.000 milioi metro kubiko gas garraia dezake.

Gasa hornitzeko bide bat ez ezik, borroka geopolitikorako tresna bat ere bihurtu da Nord Stream 2. Izan ere, Vladimir Putinek gasbide hori erabili nahi du gaur egun Ukrainan barrena doan gasbidea gutxiago erabiltzeko eta, hartara, Kieveko gobernua zigortzeko. Ofizialki, ordea, gasbidea egiteko erabilitako argudioa da gasa merkatu egingo duela Europako erabiltzaileentzat, Ukraina zeharkatzen duenaren aldean 2.000 kilometro laburragoa delako gasak Alemaniara iristeko egin beharreko bidea.

Azken hilabeteetan, Gazprom Errusiako gas enpresak ohi baino gas gutxiago bidali du Europara Ukraina eta Polonia zeharkatzen dituzten gasbideetatik, eta, Europa mendebaldeko biltegiak betetzeko, AEBetatik gas inportazio gehiago egin behar izan ditu —itsasontziz iristen da, likidotua—. Moskuk argudiatu du ez dela murrizketarik egon eta kontratuak bete besterik ez duela egin. Nord Stream 2 gasbidearen geldialdia gorabehera, Errusiako Energia ministro Nikolai Xulginovek ziurtatu du gasaren hornikuntzan ez dela etenik izango: «Errusiako enpresek bete egiten dituzte beren kontratuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.