Gerra Ukrainan

Nord Stream 1en itxiera luzatuz erantzun die Moskuk G7koen asmoei

G7koen taldeak petrolio errusiarrari gehieneko prezio bat ezartzea adostu ostean etorri da Gazpromen oharra. Konpainiaren arabera, gasbidearen mantentze lanetan isuri bat topatu dute. Gazpromek esan du isuria konpondu arte gasik ez dutela bidaliko, eta ez du datarik eman.

Gazpromen egoitza nagusia San Petersburgon (Errusia). ANATOLY MALTSEV / EFE
Irune Lasa.
2022ko irailaren 2a
19:24
Entzun

G7ko finantza ministroek petrolio errusiarraren prezioari muga jartzea erabaki eta ia berehala etorri da erantzuna Kremlinetik, Gazpromen bitartez: «Mantentze lanengatik» hiru egunez itxita egon ostean bihar atzera zabaldu behar zen Nord Stream 1 gasbidean hornidurak etenda jarraituko du, topatu duten isuri bat konpondu artean.

Hori da Gazpromen azalpena, baina egia da ere Errusiak egunak zeramatzala esaten gasa moztuko ziotela Europari G7ko herrialdeek petrolioaren prezioari muga jartzen bazioten.

Lehendik ere Nord Stream 1aren emaria oso murriztuta zetorren Europara, ohiko hornikuntzaren %20 soilik betetzen ari zelako Gazprom, Mendebaldearen zigorrek eragindako arazoak argudiatuta. Joan den astearteanmantentze lanak egin behar zituela eta, Gazpromek itxi egin zuen gasbidea. Printzipioz hiru egunetakoa izan behar zuen Nord Stream 1aren itxierak, baina orain ez du zabalera datarik.

Eta, beste behin, agerian gelditu da Europak Errusiako gasarekiko duen menpekotasuna. Alemaniak eta Europako Batasuneko beste zenbait herrialdek jada espero zuten Errusiak gasa moztea, baina horrek ez du esan nahiprestaturik daudenik.

Europar Kontseiluko presidente Charles Michelen erreakzioak ere etsipen doinua: «Gazpromen mugimendua, zoritxarrez, ez da harritzekoa. Gasa arma gisa erabiltzeak ez du EBren erabakia aldatuko. Energia burujabetzarako bidea bizkortuko dugu. Gure betebeharra da gure herritarrak babestea eta Ukrainaren askatasuna babestea».

G7ak Mosku petrolioarekin lortzen ari den itzelezko irabaziak —94.870 milioi euro martxotik uztailera— murriztu nahian hartu du Errusiako petrolioari gehieneko prezio bat ezartzeko erabakia, eta beti ere Ukrainako Gerra pizteagatik Errusiari jarritako zigorrei lotuta. Alemaniak, Frantziak, AEBek, Erresuma Batuak, Italiak, Kanadak eta Japoniak osatutako taldearen esanetan, neurriak energia merkatuak ere egonkortuko ditu.

Petrolio errusiarra zigortzeko bigarren pausoa izan da. Aurretik AEBek, Erresuma Batuak eta Kanadak debekua ezarri zieten Errusiako petrolio inportazioei eta Europako Batasuna aztertzen ari zen abendutik aurrera debeku osoa ezartzea itsasoz inportatutako Errusiako petrolioari eta geroago, 2023. urte hasieran petrolioaren eratorriei.

Debekuek, ordea, min gutxi egin diote Moskuri; dirutza jasotzen jarraitu du, upelak Txinari, Indiari eta beste hirugarren herrialdeei salduta, eta Europak berak ere segitu du Errusiako petrolioa hartzen. Petrolio gutxiago salduta ere, prezio garestiarekin Mendebaldearen zigorrak hutsal bihurtu dira Errusiarentzat.

Nola konpondu arazo hori? AEBena da ideia, Errusiako petrolio errusiar upelari gehieneko prezio «global» bat ezartzea, Kremlinaren diru etorria murrizteko, «ezin jarrai dezan Ukrainako gerra finantzatzen». Nola behartu hirugarren herrialde erosleak Errusia prezio mugatuaren ataka horretan jartzera? Erosle horiei petrolio erosketetan beharrezkoak diren aseguru eta finantza zerbitzuak baldintzatuta: prezio mugatu horretan erosi petrolioa Errusiari, asegururik nahi izanez gero. Londresen eta Europako Batasunean kontratatzen dira, gaur egun, itsasoz munduan egindako petrolio garraio guztien %95.

Dena den, G7ko herrialdeek atzo adostutakoa, berez, proposamen bat da, hirugarren herrialdeei aurkezteko, eta neurri batean Mendebaldeak Errusia zigortzeko neurriekin bizi duen ezintasuna azaleratzen du. G7aren agiriak, esaterako, ez du prezio mugaren inguruko zenbaki bat bera ere eman.

Izan ere, proposatutakoa indarrean jartzea zaila da, oso. Besteak beste, hirugarren herrialdeetako erosleek erabaki dezakete errusiarren beraien aseguruak erabiltzea, nahiz eta murritzagoak izan Europakoak baino.

Ezin baztertu ere, Errusiako petrolioak beste herritartasun bat lortzea itsas bidaian zehar. Ez dago batere argi nork eta nola kontrolatuko lukeen hori, nork zainduko lukeen hirugarren herrialdeetako erosleek prezio muga betetzen duten edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.