«Nolabaiteko suspertzea» Gipuzkoako enpresetan

Egonkortasuna da nagusi Gipuzkoako Bazkundearen inkestari erantzun dioten enpresen aurreikuspenetan, baina suspertze zantzuak ageri dira zenbait sektoretan. Baikortasuna areagotu egin da hurrengo hilabeteei begira.

Iñigo Muguruza eta Javier Zubia Gipuzkoako Bazkundeko buruak, gaur Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iñigo Muguruza eta Javier Zubia Gipuzkoako Bazkundeko buruak, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Irune Lasa.
2024ko ekainaren 26a
14:00
Entzun

«Neurrizko baikortasun sentsazioa». Javier Zubia Gipuzkoako Bazkundeko idazkari nagusiak hitz horiekin definitu du lurraldeko enpresek hurrengo hilabeteei begira orokorrean agertu duten jarrera. Egonkortasuna izan da nagusi enpresek lehen seihilekoko perspektibei buruz eginiko inkesten erantzunetan, baina badago suspertze zantzurik, batez ere zerbitzuen sektorean, ziurrenez turismoan espero den gorakadari lotuta.

Gipuzkoako enpresa gehienek hurrengo hilabeteetan salmentei eustea espero dute, batez ere industrian, eta baita zerbitzuetan ere. Hala ere, eraikuntzan eta zerbitzuen sektorean salmentak hobetzea espero dutenen kopurua handitu egin da urte erdian. Esportazioetan, aldiz, pisu gehiena duen industrian positiboak dira datuak, baina urtarrileko aurreikuspenen azpitik geratu dira. 

Enpleguan ere, Gipuzkoako enpresek ez dute gorabehera izugarririk ikusten, eta orokorrean «albisteak onak dira», Zubiaren arabera. Enpresen %70ek langile taldea bere horretan mantenduko dutela espero dute, eta %21ek agertu dute langile gehiago hartzeko asmoa. Horri lotuta, azaldu du horren ondo ez doazen enpresak ere langileei eusten saiatzen direla «lan merkatuak bizi duen tentsioarengatik, gero zailagoa baita langileak berreskuratzea, eta, besteak beste, jada eman baitiete trebakuntza bat».

Inbertsioetan ere ez dute aldaketa nabarmenik espero lurraldeko enpresek. Ahaleginari eutsiko diote %60k, eta handitu egingo dute %27k. Kopuru horiek urtarrilean ateratakoen ia berdinak dira. 

%92

Langile eskasia duten eraikuntza enpresak. Behargin kualifikatuen falta Gipuzkoako enpresen kezka nagusietan laugarrena da. Langile falta sumatzen dute enpresen %45ek, baina sektore batzuetan arazoa larriagoa da. Behargin eskasia dute eraikuntzako enpresen %92k, zerbitzuetako %57k eta industriako %47k. 

Enpleguari dagokionez, sare produktiboari buruzko albiste guztietan bezala, Bazkundearen inkestan ere agertu da langile kualifikatuen faltaren arazoa. «Egiten dugun inkesta bakoitzean, langile faltaren kezka hori gero eta gorago dago ezinegon handienen sailkapenean», nabarmendu du Iñigo Muguruzak, Bazkundeko Marketin eta Komunikazio zuzendariak. 2024ko lehen seihileko honetan, enpresen %45ek aipatu dute langile eskasiaren kezka, baina nabarmentzekoa da eraikuntzako enpresen %92k dutela arazoa langile faltarekin, eta zerbitzuen alorreko %57k. 

Hala ere, enpresen kezketan lehenak lan kostuak (%74rentzat) eta haiei lotutako errentagarritasun tarteak (%73rentzat) dira gaur egun ere, eta Gipuzkoako enpresen %73rentzat da arazoa eskariaren ahultasuna.

Gorakada txiki bat konfiantzan

Inguru ekonomikoari buruz galdetuta, enpresen konfiantzan hobekuntza txiki bat izan da. Gehienen ustez, koiunturak bere horretan eutsiko dio hurrengo hilabeteetan. Hala ere, ugaritu egin dira ekonomiak onera egingo duela uste dutenak (urtarrileko %12tik ekaineko %21era), eta gutxitu ekonomiak okerrera egingo duela uste dutenak (%37tik %22ra). 

«Tentsio geopolitikoak hor daude oraindik, eta, adibidez, Itsaso Gorriko egoerak eraginda logistika arazoak sortzen dira orain ere», azaldu du Bazkundeko zuzendari nagusiak. «Kontuan izanda zer ikusten ari garen inguruko ekonomietan, hala nola Alemanian eta Frantzian, nahiko ondo gabiltza. Horiek guztiak sumatu egiten dira hemengo industrian. Hala ere, hemen turismoa ere bultzada handia ematen ari da». 

Muguruzak ere «zuhurtasuna» aipatu du «kanpoko merkatuen seinaleei begira». Dena den, gaineratu duenez, «interes tasak iragarri bezala jaisten badira eta inflazioaren kontrolari eusten bazaio, ekonomiaren hobekuntza sendotu egingo da, eta errealitate bihurtu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.