Egunotan, Lana eta sindikalismoa XXI. mendean izeneko nazioarteko biltzarra egiten ari dira EHUren Leioako campusean (Bizkaia). Gizarteak eta lan munduak izandako aldaketak ikusirik, sindikalismoak nolako estrategiak garatu beharko lituzkeen aztertzea da jardunaldien xede nagusia. EHUko Lan Harremanen eta Gizarte Lanaren Fakultatea da biltzarraren antolatzaileetako bat, baina, harekin batera, zenbait institutu eta fundazio ere aritu dira langintza horretan; besteak beste, ELA, LAB, CGT eta Galiziako CIG sindikatuari lotutako fundazioak daude antolatzaileen artean.
Gaur goizeko saioan, sindikalismo abertzalearen berrikuntza estrategikoa izan du hizpide Eki Etxebarria EHUko irakasleak. Azaldu duenez, lan munduan izandako aldaketek sindikalismoaren krisia ekarri dute, eta pitzadurak eragin ditu sindikatuen botere iturrietan. Horren aurka, modu askotara erantzun dute Europako sindikatuek. Horietako zenbaitek gobernuekiko eta patronalarekiko lankidetza sustatu dute, baina ez da hori izan sindikalismo abertzalearen hautua.
1980ko hamarkadan, ELAk garrantzi handia eman zion alor asoziatiboari eta antolakuntzari: «Harentzat garrantzitsua zen afiliatu kopuru handi bati eustea, horrek ematen zuen zilegitasunagatik, eta baliabideak lortzeko balio zuelako». LABen indargunea, berriz, diskurtsoan eta ezker abertzalearekin zuen loturan zegoen: «Ezker abertzalearen parte zen neurrian, haren diskurtso erradikal eta borrokalaria erakargarria zen langile gazteentzat».
1990eko hamarkadatik aurrera, berriz, bi sindikatuek berrikuntza estrategia batzuk jarri zituzten abian. Antolakuntzaren arloan, handitzeko bideak topatu zituzten biek ala biek: ELAk «oso jarrera aktiboa» izan zuen afiliatu berriak lortzeko, batez ere enpresa txikietan; LABek, berriz, ahalegin handia egin zuen sindikalismo tradizionaletik urrun zeuden sektoreak erakartzeko.
Ekintza politikoan, berriz, bi-biek urratsak egin zituzten, lan harremanetako euskal esparruaren aldarrikapenean edo gatazka politikoa konpontzeko ahaleginetan, hala nola Lizarra-Garazi prozesuan; baina, batez ere, biek egin zuten «konfrontazioaren» aldeko hautua. «Gatazkan oinarritutako jarduera bati eusteak bizitasuna eman zion sindikalismo abertzaleari, sustraitze handiagoa, eta erreferentzia izateko eta mobilizatzeko gaitasun handiagoak».
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Eliana Aleman Salcedok eta Lohitzune Zuloaga Lojok Euskal Herriko lau sindikatu nagusietan egindako ikerketa baten berri eman dute. Haien helburua zen ELAn, LABen, UGTn eta CCOOn «emakume gazteen eta emakume migratuen ahotsa» bilatzea, eta, horretarako, lantaldeak osatu zituzten ezaugarri horiek zituzten sindikalistekin.
Aldaketak diskurtsoan
Bi ikerlarien iritziz, diskurtsoaren esparruan «aldaketak» egon dira lau sindikatuetan, eta, adibidez, denek ekarri dute euren diskurtsoetara «kapitalaren eta bizitzaren arteko dikotomia», eta genero ikuspegia ere txertatu dute. «Hala ere, zalantza handiak ditut diskurtsoan egindako aldaketa horiek egituretara ere iritsi ote diren», esan du Alemanek.
Emakume migratuen testigantzak aipatu dituzte horren erakusgarri: horietako batzuk ordezkari sindikalak ere badira, eta kontatu dute batzuetan «lankideen mespretxua eta mesfidantza» nabaritu dutela migratuak izateagatik.
Emakume migratu eta gazteen iritziz, sindikatuek ahalegin handiagoa egin behar dute sindikalismo klasikotik urrunen dauden sektoreen beharrak detektatzeko, eta «industrian oinarritutako sindikatu eredu tradizionala gainditzeko» urratsak egin behar dituzte.
Gaur arratsaldean, berriz, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburu LABekoak mahai inguru batean parte hartuko dute, CGTko Miguel Fadriquerekin, CIGko Paulo Carrilekin eta Kataluniako Intersindical-CSCko Nuria Ferrandisekin.