Badago lehengaien merkatuan idatzi gabeko lege moduko bat: kontsumo oso handi bati eta ekoizpen sistema hauskor bati ezusteko bat gehituz gero, krisia ziurtatuta dago. Txokolatearekin gertatzen ari da hori. Bere prezioa marka guztiak apurtzen ari da. Kakaoak New Yorkeko eta Londresko burtsetan kotizatzen du, eta gaur egun tonako 7.000 dolarretik gora ordaintzen ari da. Duela urtebete 2.500 dolarretan zegoen.
Inork ez du zalantzan jartzen oso denbora gutxi barru igoera hori dendetako apaletan ere nabarituko dela. «Hemendik aurrera nekez ikusiko ditugu 1,5 eta 2 euroko tabletak supermerkatuetan», dio Rafa Gorrotxategik Tolosako (Gipuzkoa) artisau gozogileak. Eta horri azpimarra jarri dio Igor Martinek, Pedro Mayo (Chocolates de Navarra) enpresaren kudeatzaileak. «Amaitu dira txokolate merkearen garaiak».
Kakaoaren aurreko krisi handia 1977an gertatu zen: orduan ere uzta txar bat eta kontsumoaren igoera handia egon ziren atzean. Bost urtean, baina, prezioak bere onera itzuli ziren, eta ordutik egonkor mantendu dira, orain arte.
1980ko hamarkadatik, gorakada geldiezina izan du txokolatearen kontsumoak, eta, gaur egun, herrialde ekoizleek ezin dute gosea ase. 2012. urtea mugarri izan zen. Ordutik, kontsumitzen dena baino gutxiago produzitzen da. ICCO Kakaoaren Nazioarteko Erakundearen arabera, 2022an, defizita 216.000 tonakoa izan zen, eta iaz, 99.000 tonakoa. Aurten, 300.000 eta 500.000 tona artekoa espero dute.
«Hemendik aurrera nekez ikusiko ditugu 1,5 eta 2 euroko tabletak supermerkatuetan».
RAFA GORROTXATEGIGozogilea
Europan, Herbehereetan eta Belgikan daude kakao biltokirik handienak. Otsailean amaitu zen uzta bilketa Afrikan, eta orain goraino egon beharko lukete, baina %25ean daude. Industria kakaorik gabe geratzen ari da. «Urtebete irauteko adina badago, baina, horrela jarraituz gero, arazo handi bat sor daiteke», azpimarratu du Gorrotxategik. «Tentuz begiratzen diogu merkatuaren bilakaerari, eta, badaezpada, ez gara luzera begirako erosketarik egiten ari», gaineratu du Martinek.
Behinola Euskal Herrian egon zen txokolate industria indartsutik — Elgorriaga, Zahor, Suchard... — bi enpresa baino ez dira geratzen: Pedro Mayo eta Natra (Oñati, Gipuzkoa). Pedro Mayoren Berriobeitiko lantegian (Nafarroa) Afrikako kakaoa erabiltzen dute. «Guk kopuru handiagoak behar ditugu; Amerikakoak garestiagoak dira, eta, produkzioak hain txikiak direnez, kontratuak itxiak izaten dituzte aspalditik»..
Klima eta ekoizpena
Mendebaldeko Afrikan dago gertatzen ari denaren erantzuna. Hango herrialdeek mundu osoko kakaoaren %75 produzitzen dute, eta Boli Kosta da gailena: urte arrunt batean, kontsumitzen den guztiaren erdia ekoiztera irits daiteke, bost milioi tonatik bi milioi baino gehiago.
Aurten, baina, ez da horrela izango. Gobernuaren arabera, %30 murriztu da uzta. Arrazoia: onddo bat (Phytophtora palmivora), kakaoburuaren usteldura beltzaren gaixotasuna. Gaitz hori zabaldu egin da, neurri handi batean, El Niño klima fenomenoak eragindako euri jasa handien ondorioz, eta beste bi faktorek lagunduta: horrelako egoerei aurre egiteko baliabide falta eta zuhaitz zahartuak.
Boli Kostako azken kakao landaketa handia 2000ko hamarkadan egin zen: hau da, arbola horiek fruitua ernaltzeko gaitasuna gero eta urriagoa dute, eta gero eta ahulago daude muturreko eguraldi aldaketei eta gaitzei aurre egiteko.
«Sektorearekin zerikusirik ez duten inbertitzaileak egoera baliatzen ari dira, espekulatzeko».
IGOR MARTINPedro Mayoko kudeatzailea
Horren guztiaren oinarrian ekoizpen sistema hauskor bat dago. Boli Kostan, historikoki, kakaoa klaserik txiroenen laborantza izan da. Hala bultzatu zuen Felix Houphouet-Boignyren gobernuak, Frantziatik independizatu ondoren, 1970eko hamarkada amaierako prezio handiak mantenduko zirelakoan. Uste hark, baina, porrot egin zuen, eta kakaoaren multinazionalek ondo baino hobeto baliatu zuten egoera.
Gainerako lehengai gehienekin ez bezala, kakao landaketak ez dira negozio bat izan enpresa handientzat. 1990eko eta 2000ko hamarkadetako prezioak —tonako 1.000 eta 2.000 dolar artean— ez ziren erakargarriak, eta, gainera, diru gehiago irabazten zuten Afrikako nekazariei kakaoa merke erosiz eta gero haiek Bruselako, Parisko edo Genevako egoitzetatik «espekulatuz».
Urre beltza
Eta, hain justu, hori da, Martinen arabera, kakaoaren negozioaren gako hitza: espekulazioa. «Sektorearekin zerikusirik ez duten inbertitzaileek merkatuan ziurgabetasunen bat ikusten dutenean, testuinguru hori baliatu egiten dute etorkizuneko merkatuetan dirua egiteko, urrearekin eta beste lehengai batzuekin egiten duten moduan, eta hori gertatzen da kakaoarekin».
Gorrotxategik ere argi du hori hala dela. «Ekoizleek ez dute oraingo igoeratik sosik usainduko». Hala ere, berak burtsetako inbertitzaileetan baino gehiago, «dena kontrolatzen duten banatzaile eta txokolate ekoizle handietan» jarri du arreta, eta batez ere batean: Suitzako Barry Callebaut. «Munduko ekoizpenaren ia %50 harena da; merkatua monopolizatzen ari da». Horrekin bat dator Martin: «Prezioak jaisten ez badira, bi enpresa handienak baino ez dira geratuko».
eskuz esku, kontrolik gabe
Abenduaren 30etik aurrera, Europako Batasunak enpresa inportatzaileei eskatuko die ekarritako kakaoa non landatu zen eta egin duen bide guztia etiketetan jasotzeko, eta informazio hori EBren datu base batean kargatzeko. Horrek, seguruenik, gehiago igoko du prezioa. Legeak isunak, bidalketen konfiskazioa eta Europan salerosketan aritzeko aldi baterako debekuak aurreikusten ditu. Basoen deforestazioari aurre egitea da araudiaren xede nagusia, baina ez bakarra. Palma olioari, kafeari, sojari, egurrari eta animalien inportazioei ere eragingo die.
EB munduko baso deforestazioaren %7,5aren arduraduna da. Eta kakaoa gutxienez sei aldiz eskuz aldatzen da Europarako bidean.
Gorrotxategiren ustez, ekoizpen katea kontrolatzea erabaki egokia da, bereziki Afrikakoa. Batetik, langileen baldintzak zaintzeko. «Ekoizle txiki asko daude, eta erdi esklabotzan lan egiten dute han. Haur esplotazioa oso handia da». Eta, bestetik, kakaoaren kalitatea ziurtatzeko. «Bilketan denetarik nahasten dute: heldu gabeko fruituak, fruitu ustelak, lurra, adarrak... Gero biltegi handietara eramaten dituzte zaku horiek. Hala moduz garbitu ondoren, tenperatura handietan erretzen da kakaoa, han edo Europan. Eta horregatik du kolore ilun hori, izan beharko ez lukeena».
Gorrotxategik gogoratu duenez, Afrikako ekoizleek urteak daramatzate borrokan kakaoaren prezioa igotzeko. Iaz, Ghanan greba egiteko mehatxua egin zuten, eta horrek prezioak apur bat igo zituen. Baina, azkenean, atzera egin zuten, banatzaile handien presioen ondorioz.
Orain, Boli Kostan, nekazari asko kakao landaketak utzi eta kautxuaren alde egiten ari dira, zuhaitz horiek mantentze lan gutxiago behar baitituzte Eta herrialdea Afrikako kautxu ekoizle nagusia bihurtu da. Beste batzuek kakao landaketei eutsi nahi diete, eta, horretarako, landaketa berriak egiten ari dira klima aldaketari eta gaitzei aurre egiteko espezieak jarriz. «Baina, horren emaitzak ikusteko denbora beharko da», ohartarazi du Gorrotxategik. Bitartean, Ozeano Atlantikoaren beste aldean aukera baliatzen ari dira: Ekuador, Brasil, Peru... Dena den, haien ekoizpen ahalmenak nekez ase ahalko du munduan dagoen txokolate gosea. Eta prezioek gora eta gora egingo dute aurrerantzean ere.
Beltza, gero eta gehiago
Kakaoaren merkatuan ohikoak dira gorabeherak, baina egungoaren modukorik ez dute ezagutu Euskal Herriko txokolategileek. Gorrotxategik duela hamar-hamabost urte gertatutakoa gogoratu du. Arrazoiak beste batzuk izan ziren: txokolate beltzaren kontsumoak izugarrizko hazkundea izan zuen mundu osoan, eta, hura ekoizteko askoz ere kakao gehiago behar denez, prezioek gora egin zuten. Era berean, merkatu berri bat zabaldu zen: Asiakoa, eta, bereziki Txinakoa. «Gainezka egingo zuela eta prezioa izugarri garestituko zela esaten zen. Baina ez da hainbesterako izan». Txokolate beltzarekin berdin; zuri edo esneduna gailentzen da gaur egun. «Munduan herrialde bakarra dago non beltza zuria baino gehiago kontsumitzen den: Frantzia. Euskal Herrian ere, gertutasunagatik-edo, ohitura handia dago».
Martin ados dago Gorrotxategirekin, baina nabarmendu du haiek nabaritu dituztela txokolate beltzaren kontsumoaren igoeraren ondorioak, artisau txokolategileek baino gehiago. Industriak eskulana mekanizatuago du, eta produkzio kostuetan lehengaiaren prezioaren gorabeherek pisu handiagoa izaten dute. Kakaoaren prezioaren igoerari, gainera, azukrearena gehitu zaio.
Artisau ekoizleen artean, berriz, gero eta gehiago ari dira bat egiten bean to bar —babatik tabletara—mugimendura. Horien artean dago Gorrotxategi. Berak beste merkatu batzuetatik ekartzen du kakaoa —Venezuela, Ekuador...—. Hangoen prezioa ere igo den arren, ez du hainbeste nabaritu.