Europako dirua iristen hasiko da aste batzu barru Batasuneko estatu kideen ekonomietara. Europako Batasuneko Finantza ministroen bilerak (Ecofin) oniritzia eman die hamabi estaturen suspertze planei, eta 800.000 milioi euroko Next Generation funts bateratua diruz ureztatzen hasiko da herrialde horien ekonomiak, tartean Espainiarena eta Frantziarena. Madrilek 9.000 milioi euroko aurrerapena jasoko du uztaila amaitu aurretik, eta, Parisek, 5.100 milioi euro.
Alemaniak, Austriak, Belgikak, Danimarkak, Greziak, Italiak, Letoniak, Luxenburgok, Portugalek eta Eslovakiak, Frantzia eta Espainiarekin batera, jasoko dituzte koronabirusak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko funts bateratuaren lehen transferentziak. Bruselak 15.250 milioi euro lortu zituen merkatuan, atzo, funts hori elikatzeko, hamar eta hogei urteko bonuen bidez. Hirugarren jaulkipena izan zuen Bruselak EBko kideen suspertze planak elikatzeko den funts bateratua eratzeko. Dagoeneko 50.250 milioi euro pilatu ditu poltsa horrek, eta, hortaz, ez du zertan arazorik egon lehen hamabiren eskaera ekonomikoak betetzen hasteko, hil honetan bertan.
Espainiako Gobernuak esan du «beharbada» abuztua izango dela 9.000 milioi euro horiek jasotzen dituenerako. Sanchezen gobernuak jakinarazi zuen atzo 78,3 milioi emango dizkiola EAEri etxebizitzak zaharberritzeko, Europako funtsetatik; Nafarroari 22,5 milioi dagozkio esparru horretan. Eusko Jaurlaritza, dena den, adi aztertzen ari da Next Generation funtsen prozesua, oraindik ez dagoelako argi zenbat jasoko duten erkidegoek, nahiz eta funtsak banatzeko irizpideak oso argiak diren proiektuen izaerari dagokionez. Gasteizek 276 egitasmo aurkeztu ditu laguntza jasotzeko hautagai gisa. 6.400 milioi euro lortu nahi ditu EBren erresilientzia planetik. Ekarpen publikoa eta pribatua gehituta, 18.266 milioi euroren inbertsioak sustatuko lituzke. Iruñeak 125 proiektu helarazi dizkio Madrili, 3.400 milioiko eskaerarekin.
Italiak jasoko du gehien
Espainiako Gobernuak 140.000 milioi euro jaso ahal izango ditu Next Generation funtsetatik bere suspertze plana aurrera ateratzeko 2026. urte bitartean, erdia maileguetan; baina zenbait konpromiso bete beharko ditu erreformen bidez, eta bete ahala jasoko ditu diru kopuru zehatzak.
Sanchezen gobernuak 102 erreforma sartu ditu bere planean, baina zehaztu gabe utzi ditu hiru nagusiak —erreforma fiskala, lan merkatuarena eta pentsioena—, sindikatuekin eta patronalarekin negoziatzen ari delako. Hala, Espainiak 9.000 milioi euro jasoko ditu luze gabe, eta beste 10.000 milioi abenduan, funtsak jasotzen jarraitzeko helburuak—50 mugarri 2020ko martxorik 2021eko ekainera— bete dituelako, haren ustez.
Parisek, berriz, 39.400 milioi euroren transferentziak jasoko ditu 2026. urtera arte, 5.000tik gora aurki. Bruselak baimendu dizkion maileguak gehituta, 100.000 milioi euro jaso ditzake bere suspertze plana martxan jartzeko.
Italia izango da laguntza gehien jasoko duen Batasuneko kidea: 191.000 milioi euro: 122.000 milioi laguntza zuzen gisa eta gainontzekoa maileguen bidez.
Next Generation funtseko lehen diru laguntza jasoko dute EBko hamabi kidek
800.000 milioi euroko funts bateratutik 9.000 milioi euroko aurrerapena jasoko du Espainiak hil amaierarako, eta 5.100 milioi euro Frantziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu