Ner Groupeko 22 enpresek %13 igo dituzte salmentak

Batez beste, soldatak %3 igo zituen Saratxagaren taldeak, haren iritziz sariak hazteko tresna baitira

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
«Txinara joanez gero, langileak edukiko dituzu, ez pertsonak. Gastu txikia egingo duzu, baina ez duzu ilusiorik edo gogorik lortuko langileengan». Hitz horiekin laburbildu gura izan zuen atzo Koldo Saratxaga Ner Group taldeko eragileak euren filosofia. Horrekin arrazoitu nahi izan zuen, era berean, joan den urtean taldeak izandako hazkundea. 41,8 milioi euroko irabazia izan zuten taldea osatzen duten 22 enpresek, 2012an baino %172 gehiago. Salmenten kopuruak ere %13 egin zuen gora (336 milioi euro), eta lanpostu kopuruak, %5 (1.714 behargin).

Datu horiek lortzeko langileak euren lanpostuetan ekintzaile izatea «ezinbestekoa» da Saratxagaren ustez. Motibazioa lortu dute, beharginak enpresaren zati direla sentituz. «Batez beste, taldeko enpresetan urtero zazpi batzar egin dira, edozein erabaki on edo txar elkarrekin adosteko». Soldatei dagokienez, berriz, iaz %3 egin zuten gora. Orain, 30.693 eurokoa da urteko saria Ner taldean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa baino %16 handiagoa da. «Guk ez dugu sinesten soldatak direla enpresa baten porrotaren arrazoia», esan zuen Jabi Salgado taldeko presidenteak. Alderantziz, haziz joateko tresna garrantzitsua dela esan du, horrek ere motibazioan eragiten duelako beharginengan.

Ner Group 2010. urtean sortu zen, eta, ordutik, goranzko joera izan du beti. Arrakastaren iturria lan egiteko modua dela errepikatu zuen Saratxagak: «Ekonomia hobetzen ari dela diote batzuek, baina guk ez dugu horrelako ezer ikusten. Gure taldeak gora egin du bezeroei bisita gehiago egiten dizkiegulako». Nazioartean ere gero eta presentzia handiagoa dauka taldeak: 62 herrialdetan dago; 2012an, 55etan zegoen.

Gizartearekin erantzukizuna

Irabaziak baditu Ner Groupek eta gizartearekin «erantzukizuna» ere bai, Saratxagaren ustez. Irabazien %2,5 helburu sozialetara bideratu zuten iaz taldeko enpresek. Giza eskubideak, hezkuntza, haurrak eta ingurumenean oinarritutako proiektuak garatu zituzten, batez ere, eta munduko bost kontinenteetan lan egin zuten. Joan den urtean 60 ideia berri onartu eta garatu zituzten, horretarako bi milioi euro bideratuz. Ideia horiek posible izateko, taldeko langileek 42.000 ordutik gora eman zituzten proiektu horietan aktiboki parte hartuz.

Ekimen horiek, batez ere, atzerrian garatu dira, baina Ner Groupek Euskal Herrian bertan badu proiektu bat: Lur denok. Elikagai ekologikoak ekoizten dituzte, eta orain lau hektarea lur lantzen dituzte lau pertsonari lana emanez. Produktu horiek hiru dendatan saltzen dituzte, eta laster barru sare hori hamar dendatara zabaltzeko asmoa daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.