Ner Groupek kutxa propio bat sortu du, bere proiektuak finantzatzeko

Taldeko 21 enpresek urtero euren salmenten %1 sartuko dute Kutxa Nerren.«Oraingoz», finantzaketa beharrak dituzten Ner Groupeko proiektuetarako erabiliko dute bakarrik funts hori

Jon Fernandez.
Donostia
2015eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Bankuek zer etekin lortzen dituzte Ner Groupeko konpainiekin? Bankuek babestu al dute Ner Group krisi garaian?». Galdera horiek egin dizkiote euren buruari Koldo Saratxaga Ner Groupen sustatzaileak eta haren lankideek, eta ondorio argi batera iritsi dira: «Krisi garaian bankuak oso txarto portatu dira». Unai Mendikote Kutxa Nerreko kontseilariak 50.000 eurogatik «pikutara joateko arriskuan» ikusi ditu enpresak. «Ez da egia gure inguruan oso ezagunak diren finantza erakundeek harrotasunez esaten duten hori, enpresa txiki eta ertainak laguntzen dituztela». Kalkuluak egin ditu Saratxagaren taldeak, eta konturatu dira bankuek urtean hiru milioi euroren irabaziak lortu dituztela Ner Groupeko proiektuei esker. Banku tradizionalekiko menpekotasun hori gutxitzeko erabaki dute Kutxa Ner sortzea, zailtasunak dituzten edo zabalkuntza beharrak dituzten Ner Groupeko proiektuei finantza laguntza emateko.

2010ean eratu zen Ner —harreman estilo berriaren akronimoa, gaztelaniazko aldaeran—, eta izaera ezberdineko 21 enpresa daude bertan. Hasieratik hasi ziren sinergiak erabiltzen. Adibidez, talde bakar moduan kontratatzen dituzte telefono lineak, eta nazioarteko bidaiak ere bateratu egiten dituzte. «Horrela, hamalau langileko enpresa batek 700 dituen batek dituen baldintza berean erosten du», Salcedok dioenez. Aurrezteko erabiltzen dute sinergia; izan ere, 50 langiletik beherakoak dira Nerreko enpresen ia %70. Azaldu dute tamaina txikiak dakartzan zailtasunak, nazioartekotzean adibidez, talde modura lankidetzan arituta errazago gainditzen dituztela.

«Telefonoarekin egiten duguna egin dezakegu bankuekin, pentsatu genuen», azaldu du Mendikotek. Ideia horri bueltaka aritu dira azken lau-bost urteetan, eta gorpuztu da jada: Kutxa Ner. Finantza erakunde berria, hala ere, ez da kreditu kooperatiba bat, enpresa zerbitzuen kooperatiba bat baizik. Gaineratu dute, era berean, gainontzeko finantza erakundeekin ere elkarlanean jarraituko dutela Nerreko konpainiek. «Oraingoz», bakarrik taldeko proiektuek eskatu ahalko diote finantzaketa Kutxa Nerri, baina, etorkizunean, «ikusteko» dago. Saratxagak argitu du taldeko 1.700 pertsonengana ere zabaldu nahi dutela kutxa datozen urteetan, eta aukera hori ez dutela hasieratik txertatu finantza erakundean lege aldetik zailtasunak saihestearren.

Taldeko enpresa bakoitzak bere salmenta zifraren %1 sartuko du urtero Kutxa Ner funtsean, eta konpainia bakoitza jarritako diruagatik sarituko du kutxak sei hilabetean behin, euriborra gehi seihilean behin finkatutako ehunekoarekin. Iazko abenduan egin zuten lehen ordainketa, hiru milioi euro ingurukoa, eta martxo-apirila bitartean egingo dute bigarrena, 2014ko salmentetan oinarrituta. Guztira, sei milioi inguruko funtsa izatea espero dute udaberrirako. Konpainia guztiek egingo dute urtero dagokien ekarpena, egoera zailean daudenek ere bai, nahiz eta gero berehala jaso finantza laguntza.

Konfiantzan oinarrituta

Funtsean dirua jarri ostean, finantzaketa beharrak dituzten enpresek euren eskariak egingo dizkiote Kutxa Nerri, eta bost kidek osatutako gidaritza talde batek definituko ditu kontzesioetarako irizpideak. Mendikoteren arabera, finantzaketa eskatzen duten konpainiek ohiko bankuetan baino merkeago jasoko dituzte maileguak: %2,5 inguruko interesarekin, eta inongo komisio barik. Funtsean dirua jartzeagatik ere, banku batean dirua jartzeagatik baino gehiago kobratuko dute. «Urtean %0,30 inguru kobratzen da ohiko merkatuan, eta Kutxa Nerren %1 izango da, hiru aldiz handiagoa». Dirua jartzen duen enpresek zein eskatzen dutenek aurreztea da asmoa, eta dena komisio barik.

Kutxa Ner martxan jartzeko, 21 enpresetako bazkide bakoitzak mila euro jarri ditu: 500 euro kapital sozialerako eta beste 500 hasierako gastuetarako. Hain zuzen, horrelako «abentura bat» martxan jartzeko gakoak gardentasuna eta konfiantza direla nabarmendu du Salcedok. «Batez ere, konfiantza erakutsi nahi diogu gizarteari. Bankuen arloan ere errutinatik atera behar da, gauza berriak sortu elkarrekiko konfiantzan oinarrituta», gaineratu du Saratxagak. «Edo bankuak hurbiltzen dira gizartera, edo gizarteak mugitu egin behar du. Eta guk mugitu egin nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.