Nekazarien protestak heldu dira Gipuzkoara. Ehun traktore inguruk Donostia erdialdea hartu dute eguerdian, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza parean ozen entzun dira klaxonak, motozerrak eta zintzarriak. Joseba Pagadizabalek eta Amaia Segurolak egin dituzte bozeramaile lanak, eta, «Baserria bizirik!» oihuen artean, mobilizatzeko arrazoiak azaldu dituzte: nagusiki, eskatu dute klima aldaketaren zama euren gain ez jartzeko, eta ekoizten dituzten produktuak prezio duinetan saldu ahal izatea. «Ez dugu zorretan produzitu nahi; prezio duinak gure produktuentzat!», aldarrikatu dute.
EHNE eta ENBA sindikatuek ez dute deialdia babestu. «Errespetatzen» dutela adierazi dute, eta iragarri martxoaren 1etik aurrera ekingo diotela mobilizazioen egutegi propioari.
Gaurko mobilizazioa Whatsapp bidez antolatua izan da. Oro har, nekazari gazteek parte hartu dute, eta ikurrinez jositako traktoreetan askotariko aldarriak irakurri ahal izan dira: «Baserritarrik gabe, bizirik ez», «burokraziak eta prezioek itota», «SOS gazte baserritarrak», «elikagai katearen legea bermatu», «purina planta Gipuzkoan bai edo bai»... Baserritarrei galdetzean zergatik mobilizatu diren, ez da erantzun homogeneorik izan. «Denagatik», esan du batek; «prezioen igoeragatik», besteak.
Gipuzkoara ere heldu da nekazarien protesta uholdea. Atzerapenarekin, baina Donostian dira traktoreak.
— Paulo Ostolaza (@PauloOsto) February 12, 2024
Sindikatuek martxoaren 1etik aurrera mobilizatzeko asmoa dute. Whatsapp bidez antolatutako talde bat da gaur manifestatzen ari dena.@berriapic.twitter.com/FArbx9tTjh
Euskara hutsean irakurri duten testuan hobeto azaldu dute. «Gizartea osatzen duen parte bakoitzari» mintzatu zaizkie. Kontsumitzaileei eskatu diete supermerkatuetan erosten dituzten jakiak nondik datozen begiratzeko; supermerkatuei, bertako produktuen salmenta sustatzeko eta «legeak dioen bezala» ekoizpen kostuen gainetik ordaintzeko; eta udalei, turismoa lehen sektorearen gainetik ez jartzeko eta burokrazia kontuak arintzeko, nahikoa lan baitute «goragoko karguetakoek» eskatzen dizkietenak betetzen.
Sindikatuei, berriz, esan diete «baztertu eta gutxietsi» egin dituztela. Zerrenda ez da hor amaitu: Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu diote euren kexak «goiko kargudunen aurrean defendatzen» jarraitzeko, eta, batez ere, lan administratiboetan laguntzeko, tramiteak ez daitezen izan euren jardueraren oztopo; Espainiako Gobernuari, ekoizpen kostuen legea betearazteko, eta gauzak «benetan diren bezala» esateko, klima aldaketaren zama guztia lehen sektorearen gain utzi gabe; eta Europako Batasunari, 2030erako Agenda berriz aztertzeko. «Urrats bakoitzean gero eta gehiago itotzen gaituzte», gaitzetsi dute.
Jarraian, irrintzi artean, Gipuzkoako Baserritarrak izenarekin sinatu duten gutuna Foru Aldundian entregatu dute, eta aukera izan dute Eider Mendoza ahaldun nagusiarekin elkartzeko. Aldundiak plazaratu duen oharraren arabera, Mendozak «gertutasuna eta ulermen osoa» adierazi dizkie; esan die aldundiak «bere gaitasunen eta eskumenen barruan dagoen guztia egingo» duela, nahiz eta Europako nekazaritza politiketan eragiteko duen ahalmena «oso mugatua» izan.
Protestan azkenak
Gipuzkoako nekazariak izan dira protestetara gehitu diren azkenak Euskal Herrian. Joan den astean mobilizazioak egin zituzten Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako nekazariek, eta traktoreak Gasteizko, Iruñeko eta Bilboko kaleetan ibili ziren, nekazarientzat eta abeltzainentzat «bizimodu duina» eskatzen. Ipar Euskal Herrian, berriz, orain bi aste baino gehiago egin zituzten protestak.
Gaur, zenbait traktore Andoainen batu dira 07:00etan. Donostiarako bidea hartu dute, eta auto ilarak sortu dituzte N-1 autobidean, Andoaindik Lasarte-Oriara; Eusko Jaurlaritzaren arabera, bi kilometrokoak. Lasarte-Oria eta Usurbil arteko Urbil merkataritza gunean gelditu dira, eta han egin dute bat Zarauztik abiatu den beste zutabe batekin, Andoaingoa baino txikiagoa.
Motozerra soinua besterik ez da entzuten Gipuzkoa Plazan.@berriapic.twitter.com/Fz7ciJz22s
— Paulo Ostolaza (@PauloOsto) February 12, 2024
EHNE eta ENBA sindikatuak bat datoz gaur zabaldutako «mezu askorekin», baina lelo orokorren aldean, proposamen «zehatzagoak» mahaigaineratu nahi dituzte. Besteak beste, «burokrazia jasangaitza eta errentagarritasun falta» dagoela salatu dute. Gainera, ezinbestekoa iruditzen zaie «arazoen sorburua zein den zehaztea, aldatzeko ardura norena den argitzea eta pausoak exijitzea».
Sindikatuak prest azaldu dira irtenbideak lortzen laguntzeko: «Ez genuke nahi, soluzio sakonak behar diren garai hauetan, arreta desbideratu eta dena Bruselan konpondu behar dela pentsatzea. Baserritarrok kaleak hartzearen arrazoia ez dago urrun. Bertatik bertara zertan lagun dezaketen, hori mahai gainean jartzeko garaia da».
Oraingoz, gehiago ez
Bizkaiko EHNEko buru Unzalu Salterainek, berriz, iragarri du «oraingoz» ez dituztela protesta gehiago antolatuko, eta zain egon behar dutela, ikusteko zer «erreakzio» dauden. Haren ustez, joan den asteko protestekin euren aldarriak «gizarteratzea» lortu dute.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak esan du nekazariekin eta abeltzainekin «hitz egiten jarraitzeko» prest dagoela, eta adierazi du haien «kezka nagusiak» zein diren jakin nahi duela. Onartu du protestak ez direla soilik laguntza kontu bat, eta luzera begira «egonkorra izango den eta etorkizuna izango duen» proiektu bat sortzeko helburua dutela.
Nafarroan ere protestan ari dira laborari batzuk gaur, baina ez dira Iruñera joango traktoreekin. Noainen, Tafallan eta Valtierran elkartu dira dozenaka batzuk traktoreekin. Noainen, Harivasa iringilearen sarbidea blokeatu dute goizean.