Nekazariek protesta egin dute Iruñeko kaleetan

Lehen sektorea «errespetatzea» galdegin dute, eta ohartarazi mobilizazioetan jarraitzeko prest direla biharko bileran akordiora iristen ez badira

Nekazarien protesta
Otsailaren 6a plataformak deitutako manifestazioa. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko otsailaren 15a
20:04
Entzun

Euripean, ehunka nekazarik eta haien senideek lehen sektorearentzat «errespetua» eskatu dute Iruñeko erdiguneko kaleetan barna. Oraingoan ere traktoreak atera dituzte kalera, eta nekazaritzaren etorkizuna jokoan dagoela adierazteko manifestazioaren buruan haurrak joan dira, jostailuzko traktore eta guzti.

Otsailaren 6an ekin zioten mobilizazio oldeari Nafarroan, eta, horregatik, orain Otsailaren 6a plataforma deitzen zaio lehen egunetan Whatsapp bidez mobilizatutako nekazariek osaturiko taldeari. Haien artean UAGN eta EHNE sindikatuetako kide batzuk ere badaude. Mobilizazioari ekin aurretik, UAGNk, EHNEk eta UCAN kooperatiba elkarteak askatasuna eman diete bere afiliatuei nahi izanez gero mobilizazioan parte har dezaten.

Antoniutti parketik abiatu da manifestazioa. 18:00etarako zeuden deituta, baina Espainiako Gobernuaren ordezkaritzari jakinarazi zioten 18:30ean hasiko zirela. Ordu erdiko atzerapenarekin hasi dira, hortaz.

Manifestazioa armadaren etorbidetik barna joan da Vianako Printzearen plazarantz, Gazteluko plazan amaitzeko. Tokiko produkzioari eta inportazioei kontrol neurriak jartzea aldarrikatu dute. «Landa eremua, batua, inoiz ez da izango garaitua», oihukatu dute, beste aldarrien artean. «Gure aldarrikapenak, zure osasuna» izan da beste aldarrietako bat.

Gainerakoan, protesta isilik joan da, eta plazako kioskoan agiri bat irakurri dute.

Bihar eguerdian bilera izango dute laborariek Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko kontseilariarekin eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin. Aldarrikapenen artean, hainbat zerga neurri daude, eta, arlo hori Nafarroako Gobernuaren eskumena denez, akordiora iristeko aukerak daude. Aierdik atzo argi utzi zuen ez direla modulu bidezko sistemara itzuliko.

Laborariek ohartarazi dute bileran akordiora iristen ez badira protestan jarraituko dutela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.