NEKAZARIEK EREIN, GIZARTEAK JASO

Gaur hasiko da Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzar Nagusia, Derioko apaiztegi zaharrean. Elikadura burujabetza lantzen ari den mugimenduak «gero eta oldarkorragoa den etsaiari» aurre egiteko ildoak zehaztuko ditu bertan. Hazia, ordea, gizartearen babesaz ernalduko dela diote.

Elikadura burujabetzaren proposamena izan daiteke Via Campesinak egindako ekarpenik handienetako bat. Irudian, emakume bat soroa lantzen. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Globalizazioa ernaltzen eta garatzen hasi zen 1990eko hamarkadan. Nazioarteko merkataritza arautzeko bidean, besteak beste, Munduko Merkataritza Elkartea sortu zen, eta merkatu librearen oinarriak ezartzen hasi ziren bertatik. Horrek laborariei zuzenean eragin zien, ekoizpen eredu industrialaren alde egin zelako eta ekoizle txikiei kalte egin zielako. Testuinguru horretan egin zuen lehen biltzarra Via Campesina mugimenduak, 1993. urtean, Valonian, elikadurarako eskubidea bermatzeko eta elikadura burujabetza sustatzeko asmoz. «Tokian-tokian gauzatzen ari ziren borroka ugariri erantzun bateratu bat emateko asmoz egin zen lehen batzar hori, etsaia ere globalizatzen ari zelako», azaldu du Paula Gioiak, Via Campesinako nazioarteko koordinazioan Europako taldean lan egiten duen kideak. Elikadura burujabetzaren aldeko ahotsa nazioarteko agendan jartzea izan zuten helburu, eta gaur egun hainbat erakundek hartzen dute aintzat mugimendua. Baita Nazio Batuen Erakundeak ere.

Sortu zenetik haziz joan da mugimendua, eta, kasik mende laurden bat igaro denean, Via Campesinak kontinente guztietan dauka ordezkaritza bat: 164 talde biltzen ditu, eta 200 milioi nekazari ordezkatzen ditu. «Munduko mugimendu sozialik indartsuena garela esan daiteke». Gaur bertan, Derioko (Bizkaia) apaiztegi zaharrean, Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra hasiko da, eta hilaren 24ra bitartean mugimenduak aurrera begira dituen erronken inguruan eztabaidatuko dute 73 herrialdetako 500 ordezkarik.

Oldarraldi indartsuagoa

«Etsaia gero eta boteretsuagoa da». Elikagaien ekoizle industrialez eta multinazionalez mintzo da Gioia etsaiaz ari denean. «Horiek desjabetzen dituzte ekoizle txikiak euren lurzoruetatik, ekoizleak kriminalizatzen dituzte, edo hazien banaketa inposatzen dute». Azken urteetan, gainera, ekoizle horien oldarraldia «gero eta bortitzagoa» dela uste du. Europan, esaterako, iraganean kapitalismo «atseginago edo berdeago» bat egiten zela dio, ekologiari gehiago begiratzen zitzaiola; baina ohartarazi du azken urteetan kapitalismoa bere gordintasunean agertzen hasi dela. «Europa mendebaldean ekoizle txikien lurrak desjabetzen ari dira, eta eredu industriala ari da gailentzen; ekialdean oraindik ekoizle txiki asko daude, baina horiek ere begiz jota dauzkate». Horregatik, uste du borrokan jarraitzeko beharra gero eta handiagoa dela. Baina ez Europan bakarrik, «mundu osoan ari direlako ekoizle txikien lurrak desjabetzen»; orokorrean gertatzen ari den oldarraldiak oinarri berberak baititu, nahiz eta herrialde bakoitzak bere arazo propioak izan.

Oinarri komun horietako bat da, esate baterako, hazien arazoa. Multinazionalek hazien patenteak euren esku dauzkate, «eta, zerbait ekoitzi nahi izanez gero, hazi horiek erosi behar dira». Gainera, sistemak mendekotasuna sortzen du, urte batetik bestera iraungitzeko diseinatu dituzten haziak direlako, Gioiak azaldu duenez. Eta orain klimatikoki inteligenteak diren haziak ere sortu dituzte. Hau da, klima aldatuta ere ernalduko diren haziak. «Ekoizleak horiek erostera behartzen ari dira, era horretan euren negozioa puztuz».

Hori egiten ari dira, gainera, «nekazariek belaunaldiz belaunaldi garatu dituzten hazien ondarea euren esku dutenean». Baina produktu bat merkaturatu nahi bada, hazi horietatik ernaldutakoa izan behar da. Horregatik dio sistema horrekin laborariei lehendik zeukaten eskubide bat «lapurtzen» ari zaiela. Eredu horren aurka, agroekologiaren ildoa lantzen ari da Via Campesina.

Europaren ardura

Azken boladan ahoz aho dabilen terminoa da agroekologia. Ingurumena errespetatzen duten ekoizpenak sustatzen ditu eredu horrek, eta hain dago boladan, multinazionalak ere joko horretan sartu baitira. Ez agroekologia terminoarekin, baina bai kimikorik erabili gabe ekoitzitako produktuekin: «Alemania produktu organikoen ekoizlerik handiena da, baina ekoizpen organikoak ez du organiko izateagatik bakarrik elikadura burujabetza bultzatzen», Gioiaren arabera. Izan ere, Europako Batasunak organikoaren etiketa emanda ere, produktu horiek «atzerrira esportatzen dira, eta erregai fosilak erabiltzen jarraitzen dute horiek esportatu eta ekoizteko garaian».

Horrek guztiak, gainera, klima aldaketan zuzenean eragiten duela dio, produktu horien aztarna ekologikoa handia delako. Hain justu, hori da elikadura burujabetzaren aurkako eredua: lekuan lekukoa ekoitzi eta kontsumitzea. Horregatik dio etiketaren atzealdea bestelakoa dela, nahiz eta multinazionalek produktu ekologikoak ekoizten dituztela esan. Eta, horregatik, Europak ardura handia daukala dio Via Campesinak. «Munduko elikagaien esportatzaile nagusia da Europa, eta egoera horretan eragin dezakete».

Europako Batasuna gaur egun Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) lan ildo berriak lantzen ari da, eta Gioiak uste du aukera hori baliatu beharrekoa dela, bertan elikadura burujabetzaren bidean urrats gehiago egiteko. «Aukera ona izan daiteke ekoizpen lokalak eta lekuan lekukoak sustatzeko, baina horretarako borroka egin behar da».

Hala eta guztiz ere, laborariak gidatzen ari diren borroka hori ez da eurena bakarrik izango, eta, NPB berria beste modu batekoa izango bada, ez da laborarien borrokagatik bakarrik izango. Izan ere, Gioiaren aburuz, gizarte osoari dagokion zerbait da: «Mundu osoko pertsona orok jan beharra dauka; beraz, denoi eragiten digun arazoa da». Hortaz, Via Campesinak Derion gaur hasiko du VII. Nazioarteko Biltzarra, eta hura baliatuko du mugimenduak bestelako eragile batzuekin sareak sortuz joateko. Baita gizartearekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.