Nekazaritza

Nekazariek ekoizpen kostuen azpitik saltzea eragotzi nahi du Jaurlaritzak

Elikadura katearen kontrola indartzeko dekretua aurkeztu du Arantxa Tapiak. Azaldu duenez, identifikatu duten arazo nagusia da katebegien artean kontraturik ez izatea edo horiek abusuzkoak izatea.

Nekazarien protesta bat Gasteizen, martxoaren 6an. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Nekazarien protesta bat Gasteizen, martxoaren 6an. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko maiatzaren 7a
14:15
Entzun

Nekazariekin hartutako konpromisoetako bat bete du Arantxa Tapiak. Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu du «elikadura katearen funtzionamendua hobetzeko dekretua»; helburu du katea osatzen duten katebegi guztien gaineko kontrola areagotzea, eta haien arteko «oreka» hobetzea. Atzerapenarekin heldu da neurria —apirilerako hitzeman zuen—, Ekonomiaren Garapenerako sailburuaren arabera, izapideen erruz. 

Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian azaldu duenez, bi dira katean identifikatu dituzten arazo nagusiak: ekoizleek ekoizpen prezioaren azpitik saltzea, eta katebegien artean kontraturik ez izatea edo horiek abusuzkoak izatea. Azken horretan egin du azpimarra; arazoa, nagusiki, esnea eta behi haragia ekoizten dutenen artean topatu dute, eta, iragarri duenez, aurrerantzean erregistratu egin beharko dira katea osatzen dutenen arteko kontratu guztiak, ekoizleetatik hasi eta saltokietaraino. Horrela, egiaztatu ahal izango dute prozesuaren pauso bakoitzean produktua behar den preziora salerosten dela, irabazi marjin egokiekin, «ez handiegiak ez txikiegiak».

Elikadura Katearen Legea 2021. urtean onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta hura Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «eraginkortasunez» betetzen dela bermatzea da dekretuaren xedea. Hari esker zenbait tresna jarriko dituzte martxan; bi nabarmendu ditu Tapiak: Praktika Onen Kodea eta Elikadura Katearen Behatokia. Azken hori lanean ari da jada; gutxieneko prezioak ezartzen ditu irizpide objektibo batzuen bidez, hala nola produktuen, energiaren, makinen, eraikinen eta eskulanaren prezioak.

Egoera ahula

Behatokiak, ezinbestean, ikuskapenak areagotuko ditu; urtero egingo ditu, batzuk ausazkoak eta besteak salaketetatik eratorritakoak. Oraingoz, zazpi laguneko lantalde bat hasi da behar horretan, baina, kontrolatu beharreko produktuen zerrenda handitu ahala, langile kopurua ere areagotu beharko dela aitortu du sailburuak. Izan ere, ez da laburra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoizpen gastuak arautuak dituzten elikagaien zerrenda, baina, hitzeman zuen moduan, «epe laburrean» gehiago izango dira.

Isunei dagokienez, Madrilgo legeak ezartzen dituenak mantenduko dira; 250 eurotik hasi, eta milioi bat eurorainokoak izan daitezke. Hiru mailatan daude sailkatuta: 250 eta 3.000 euro artekoak; 3.001 eta 100.000 euro artekoak; eta 100.001 eta milioi bat euro artekoak.

Agerraldian, Tapiak zenbait keinu egin dizkie nekazariei. Entzun dituela esan du eta, mundua geroz eta globalizatuagoa den testuinguruan, badakiela lehen sektorea «egoera bereziki ahulean» dagoela. «Haiek dira katea osatzen dutenen artean ahulenak», errepikatu du, eta arazoa «egiturazko arazoa» dela gehitu. Horregatik jo du ezinbestekotzat erakunde publikoek elikadura katea doitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.