Nekazariek Biriatuko muga itxiko diete garraio astunei gaur goizetik aurrera

10:00etan hasiko dute protesta, eta 24 orduz egoteko asmoa daukate. Bagea elkarteak salatu du martxoko mobilizazioaz geroztik ez dela aurrerapausorik egon.

Traktoreak Biriatuko ordainlekuan, martxoaren 7ko protestan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Traktoreak Biriatuko ordainlekuan, martxoaren 7ko protestan. ADONI CANELLADA / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko ekainaren 3a
05:00
Entzun

Martxoaren 7an egin zuten moduan, nekazariek Gipuzkoa eta Lapurdi arteko autobidea itxi nahi diete garraio astunei 24 orduz, gaur 10:00etan hasita. Protesta goizago hasiko da, ordea:  07:00etan dira biltzekoak traktoreak Tolosan eta Zarautzen, eta karabanan joango dira Astigarragara N1 eta N634 errepideetatik; han batu eta Gaintxurizketan barrena iritsiko dira Irunera.

Aldarrikapenak orduko berak dira: erregai eta energia zergarik ez ordaintzea, beste sektore batzuetan egiten duten bezala; EB Europako Batasunetik kanpoko elikagaiek segurtasun baldintza handiagoak bete behar izatea; eta Elikadura Katearen Legearen inguruko arauak zorroztea.

Deitzaileak sindikatuetatik kanpo dauden nekazariak dira, eta horien artean daude Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkartea (Ataca), Gipuzkoako Baserritar Gazte Elkartuen Auzolana (Bagea), Nafarroako Semilla y Belarra eta AGAIN elkarteak, eta Frantziako Mugimendu Independentea. Pirinioetako beste muga batzuk ere ixteko asmoa daukate, haien artean Somportekoa, Portaletekoa (Aragoi, Espainia), eta Jonquerakoa (Katalunia).

Bagea elkarteko Amaia Segurolak azaldu du azken protestaz geroztik egoera ez dela aldatu, eta aurrerapauso gutxi eman dituztela haiei laguntzeko. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Espainiako eta Frantziako gobernuek antzeko erantzuna izan dutela iruditu zaio. «Europa osoko arazoa da», gehitu du.

Gaur egun duten egoera «larria» eta «kritikoa» dela salatu du Segurolak, eta uste du erakundeek kasu egiteko «modu bakarra» dela Biriatuko muga ixtea. Hori bai, autoei pasatzen uzteko asmoa dute. «Ez gara etorri jendeari bizitza zapuzteko asmoz».

Aldundiaren erantzunaren zain

Europako Parlamenturako hauteskundeen astean egingo dute protesta, Europako erakundeek zeresan handia dutelako nekazaritza politiketan. Izan ere, Europako Batasuneko aurrekontuaren heren bat nekazaritza politiketara bideratuta dago, eta parlamentuak gobernuekin eta Europako Batzordearekin negoziatu beharko du 2027tik aurrerako Nekazaritza Politika Bateratua.

Segurolak jakinarazi duenez, haien intentzioa hauteskundeen aurretik «neurri eraikitzaileak» adostea izan da. Bageak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin soilik hitz egin du, eta aldundiak esan zien haien eskaerak entzun eta kontuan izango zituela. Ez dute, ordea, erantzunik jaso, eta horregatik deitu dute biharko protestara. Dena den, udaberrian «lanez gainezka» dabiltzanez, prest daude mobilizazioa bertan behera uzteko azken orduko erantzun positiborik jasoz gero. 

«Udazken edo negu aldera berriz elkartuko gara, eta 24 ordu baino gehiagoz bideak ixteko prest gaude».

AMAIA SEGUROLABagea elkarteko kidea

Biharko itxierarekin ez badute ezer lortzen, Segurolak ohartarazi du protesta gehiago egin ditzaketela beren aldarriak lortu arte:  «Udazken edo negu aldera berriz elkartuko gara, eta 24 ordu baino gehiagoz bideak ixteko prest gaude».

EHNE eta ENBA sindikatuetan ez dauden Gipuzkoako baserritar talde batek osatutako elkarte bat da Bagea elkartea. Hiru helburu nagusi dituela dio: lehen sektorea defendatzea, baserritarren bizimodua hobetzea eta haien lanaren duintasunaren alde borrokatzea. Argitu nahi izan dute ez dutela inongo interes ekonomikorik eta alderdi politikoekin ez dutela inongo loturarik. «Argi du zein den gure lekua: elikadura burujabetzaren defentsa eta landa munduko bizitza babestea». 

Bai baino ez

Hain zuzen ere, Biriatuko muga ixteko deiak ez du nekazarien sindikatu tradizionalen babesik jaso. Patxiku Irisarri Nafarroako EHNEko idazkari nagusiak azaldu du ados daudela deitzaileek aldarrikatzen dituzten gauza batzuekin, baina «ñabardura» batzuengatik ez daude deitzaileen artean, besteak beste ez datozelako bat 2030erako Agendaren eta eskubide historikoen inguruan. Gainera, aldarrikapen batzuei dagokienez, entitate bakoitzak bere bidea egin duela gehitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.