Sindikatuetatik kanpo dauden nekazariek ekainaren 3an Biriatuko (Lapurdi) muga itxi nahi dutela iragarri dute gaur. Itxiera horrekin, zera eskatu nahi dute: erregai eta energia zergarik ez ordaintzea, beste sektore batzuetan egiten duten bezala, eta EB Europako Batasunetik kanpoko elikagaiek segurtasun baldintza handiagoak izatea. Etorkizun «duin bat» aldarrikatu dute sektorearentzat, eta horretarako derrigorrezkotzat jotzen dute EBk lege bat izatea tokiko produktuek lehentasuna izan dezaten.
Deitzaileen artean daude Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkartea (Ataca), Gipuzkoako Bagea, Nafarroako Semilla y Belarra eta 6F elkarteak, eta Frantziako Mugimendu Independentea. Biriatuko muga ixteaz gain, Somportekoa (Aragoi, Espainia) eta Jonquerakoa (Herrialde Katalanak) ere blokeatu nahi dituzte.
Atacako buru Iñaki Martinez Lagosek iragarri duenez, ekainaren 3an goizeko hamaiketan hasiko dute itxiera, eta 24 ordu iraungo du, printzipioz. Hala ere, ez dute baztertu mobilizazioa «mugagabea» bihurtzea. Zehaztu dute merkantziak garraiatzen dituzten ibilgailuei soilik itxiko dietela bidea. Nekazariak euren traktoreekin bertan egon direla jakinarazi dute.
Ekainaren 3ra arte haien eskakizunak betetzeko denbora dagoela esan du Martinezek, eta mobilizazioa atzera botatzeko aukera dagoela. Aurkeztu duten eskakizunen zerrenda «aldaezina» dela azaldu du, eta ezin direla baldintza horiek negoziatu.
Biriatu bigarrenez itxi
Joan den martxoaren 7an, Hego eta Ipar Euskal Herriko nekazariek hainbat orduz itxi zuten Biriatuko muga. Orduan ere erregai eta energia zergarik gabe ordaintzea eskatzen zuten, beste sektore batzuetan egiten duten bezala. Lehen itxiera horretan, berrehun ibilgailu inguru biltzea lortu zuten, eta trafiko astuna geldiarazi.