Nekazari talde bat Nafarroako Parlamentuan indarrez sartzen saiatu da gaur goizean, eta tentsio handiko uneak egon dira haien eta sarrera eragotzi dieten foruzainen artean. Nekazariek elkarretaratzea egina zuten eraikinaren aurrean, eta aurrekontuak onartzeko plenoan sartzen saiatu dira. Foruzainek atean eten diete bidea, borra kolpeka eta bultzadekin. Istiluen ondoren nekazariek kanpoaldean jarraitu dute.
Nekazari talde batek protesta ekintzara deitua zuen gaur goizerako parlamentuan, eta hogei bat traktore elkartu dira eraikinaren aurrean. Goizean goiz errepidea moztu ere egin dute. Haien ordezkari gisa, lau nekazari barruan izan dira bilkura garaian, gonbidatuen eserlekuetan adi. Javier Esparza UPNko presidentearen hitzak txalotu egin dituzte, eta Unai Hualde parlamentuko presidenteak ohartarazi die ezin dela horrelakorik egin.
Ondoren Ramon Alzorrik PSNko parlamentaria mintzatu da, eta nekazariek haserre hartu dituzten haren hitzak. Eserlekuak utzi eta eraikinetik irtetera abiatu direnean saiatu dira sartzen kanpoan zeuden beste nekazariak. Istiluen ondoren nekazariek kanpoaldean jarraitu dute, eta parlamentariekin biltzeko asmoa plazaratu dute.
«Inoiz baino indar handiagoz»
Behin kanpoan, Marina Amatriain nekazaria mintzatu da protestarien izenean. 6F mugimenduko kide gisa aurkeztu du bere burua. Kritikatu egin du parlamentuak ez duela onartu UPNk proposaturiko lege aldaketa, eta aurreratu du «inoiz baino indar handiagoz» defendatuko dituztela haien aldarriak.
Amatriainek beren kexa azaldu du hedabideen aurrean: «Fiskalitateari buruz hitz egiteko mahai bat hitzeman ziguten, eta iragan ostiralean Gonzalez Tablasekin bildu ginen. Gaur lege aldaketa proposamen hori atera dute, eta ezetz esan diote. Zer da orduan emango digutena?»
Nekazariek iragarri dute ez direla parlamentu aurretik joango bilkura joan arte. Foruzainek aurreko espaloira joatera behartu dituzte eta errepidea irekita dago.