Urtebete igaro da nekazarien eta abeltzainen traktoreek Euskal Herri osoko errepideak eta hiriguneak hartu zituztenetik. Sektorearen iraupena bermatzeko politikak eskatu zituzten orduan, eta erakundeek iragarri zuten neurriak hartuko zituztela, baina elkarte batzuek uste dute lehen sektorea larri dagoela oraindik; horregatik, protestak antolatu dituzte gaurko eta biharko, iazko mobilizazio handien urteurrenarekin bat eginez. Elkarte independenteek eta norbanakoek sustatu dituzte mobilizazio horiek: Baionan eta Beskoitzen (Lapurdi), Tafallan (Nafarroa) eta Gasteizen. Sektorean ordezkaritza handiena duten sindikatuen babesik ez dute jaso.
Mobilizazioetako eskariak orain artekoen antzekoak izan dira: ekoizten dituzten produktuengatik bidezko ordaina jasotzea, burokrazia arintzea, Europako Batasunak eta Mercosurrek lortu berri duten merkataritza akordioaren aurka egitea, eta otsoaren babesa apaltzea.
Ikusi gehiago
Beskoitzen izan da lehenengo deialdia, 09:30ean. Pirinioetako laborariek deituta, han elkartu dira nekazariak eta abeltzainak, eta traktoreak Baionara iritsi dira. Laborariek azaldu dutenez, protesta horiek egin dituzte «Europako politikek gure bizibideak jokoan jartzen dituztenean amore emateko prest» ez daudelako.
Gasteizi dagokionez, Trebiñu eta Araba Lurraren Alde elkarteak deitu du bi eguneko protestara. Gaur 10:00etan abiatu dira Buesa Arenatik, eta 50 traktorek erdialdeko kaleetara eraman dituzte manifestarien eskariak. Raul Beitia elkartearen bozeramaileak esan duenez, «iaz bezala edo okerrago dago sektorea». Biharko ere protesta bat antolatua dute. Mercadonak Jundizko industrialdean duen eremua izango da abiapuntua, eta gaurko ordu berean ekingo diote protestari.
Nafarroan, iazko protesten testuinguruan sortutako Semilla y Belarra elkarteak deitu du gaurko protesta ekintzara. 11:30ean elkartu dira 200 bat traktore, Tafallako Nava industrialdean. Elkarte horren presidente Alberto Aletxaren aburuz, Nafarroako Gobernuak haien jardueran laguntzeko neurri fiskal batzuk onartu dituen arren, Mercosurrekin sinatutako akordioaren ondorioz abantaila horiek «indarrik gabe geratu dira». Aletxak ohartarazi duenez, Mercosurreko ekoizpenaren kostuak hutsaren hurrengoak dira eta hemengo nekazariek ezin dute horrekin lehiatu. Haren esanetan, Europara sartzen diren kanpoko produktu guztiek bete beharko lukete ingurumenari, fitosanitarioen erabilerari eta lan baldintzei dagozkien araudi bera; «horrela haiekin lehiatu ahalko genuke».