Nekazari bat hil da Miranda Argan bere traktorea amildegian behera erorita

Lan istripuak salatzeko asmoarekin CCOOk mobilizazioa antolatu du hilaren 17rako Donostiako kaleetan

2008ko irailaren 11
00:00
Entzun
Lan istripuek beste hildako bat utzi dute Nafarroan. Nekazari bat hil egin zen atzo goizean Nafarroako ospitalean, bezperan bere traktorea Miranda Argako amildegi batetik behera erori eta zauri oso larriak jaso baitzituen. Atzokoarekin 68 langile hil dira aurten lanean ari zirela, LABen zenbaketaren arabera. Uda bereziki beltza izan da, hemeretzi hil baitira.

Ezbeharra, astearte arratsaldean gertatu zen. J.M.I.P. 67 urteko gizonak gidatzen zuen traktorea amildegian behera erori zen. Etxera itzultzen ez zela eta, semea aitaren bila irten eta 15 metro inguruko amildegiaren ondoan aurkitu zuen traktorea. Nafarroako sorospen zerbitzuak, 21:11ean jaso zuen istripuaren berri. Segituan, medikua, Tafallako suhiltzaile talde bat eta guardiako azpiofiziala ezbeharra gertatutako tokira abiatu ziren. Eroritako ibilgailua eta zauritua zulotik ateratzeko, hala ere, beste traktore baten laguntza behar izan zuten.

Larrialdi zerbitzuak bidalitako laguntza amildua zegoen tokira iritsi zenean, zauritua ibilgailutik kanpo zegoen esna. Kamilan jarri eta traktore baten laguntzaz atera behar izan zuten J.M.I.P. Ondoren Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko anbulantzia medikalizatu batetan sartu eta hiriburuko ospitalera eraman zuten.

Erreskate lanak ordu eta erdiz luzatu ziren, 22:30 arte. Amildegiaren sakoneraren eraginez eta eguraldi txarragatik gertatu zen hori. Izan ere, zauritutako gizona berreskuratzeko orduan euriak gogor jotzen zuen, eta inguruak lokatzez beterik zeuden. Iturri ofizialek hasiera batean aipatu zutenez, traktorea lohiaren ondorioz laban egin eta amildu zen.

Traktorea iraultzea lehen sektorean heriotza gehien eragiten dituen ezbeharra da. Azken lau urteotan, adibidez, Hego Euskal Herrian eta Espainian 271 lagun hil dira lanean zebiltzanean ibilgailua irauli ostean.

Mobilizazioa Donostian

CCOOk mobilizazioa antolatu du Donostian irailaren 17rako. Lan istripuak eta ezbeharrez betetako «uda beltza» salatzeko bilduko dira sindikatuko kideak Donostiako kaleetan. Oraingo honetan, heriotza bakoitzaren ondorengo ohiko protestaz gain, «erabateko mobilizazioa» egin nahi du sindikatuak.

Istripuen aurrean erantzun kolektibo bat ematea egokiagoa izango zela uste dute CCOOko buruzagiek. Hala ere beste sindikatuetatik mobilizaziora joateko baiezkoa jaso ez dutenez, bakarrik egitea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.