Energia berriztagarriei buruzko eztabaida gori-gori dagoen honetan, Neikerrek datuak jarri nahi ditu mahai gainean. Nekazaritza jarduera eta argindarraren ekoizpena bateragarriak ote diren ikertuko du Arkautiko (Araba) egoitzan jarritako instalazio esperimental baten bidez. Ikerketa Europako Agripower proiektuaren barruan kokatu dute, eta emaitzak bi urte barru plazaratuko dituzte.
Instalazio horrek 8.000 metro koadroko eremua hartzen du, eta erdia eguzki panelez estalita egongo da. 212 panel fotovoltaiko jarri dituzte, lau metro zabal, hiru metro luze eta lau metro garai den egitura batean. Guztira, 163.914 kilowatt-orduko argindarra sortuko dute, 50 etxebizitza hornitzeko adina. Energia hori Neikerren egoitzako autokontsumorako erabiliko da.
Beste erdia nekazaritza jarduerarako erabiliko da. Izan ere, eremu guztian askotariko laboreak ereingo dituzte, hala nola letxuga, patata, babarruna eta tipula. Hala, zehatz aztertuko eta alderatuko dute bi eremuetan eguzkiak eta itzalak eragindako albo kalteak. Izan ere, urte guztian egongo dira elikagaiak landatuta. Horretaz gainera, jakietan ez ezik, eguzki panelen egiturek lurzoruan eta inguruko mikrokliman ere zer ondorio dituzten ikertuko dituzte. Bost estazio meteorologiko jarri dituzte horretarako, eta beste hainbat sentsore eta gailu ere jarriko dituzte hurrengo egunetan.

«Galdera eta kritika asko egiten dira, baina ebidentzietan oinarritu behar dira, eta, horretarako, ezinbestekoa da ikerketa. Hori da guk egingo duguna», adierazi du Olatz Unamunazaga Neikerreko zuzendari nagusiak. Eta azaldu du lanketa hori lehen sektoreko profesionalekin «elkarlanean» egingo dutela. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak argi du energia berriztagarriek nekazaritza jardueraren «osagarri» izan behar dutela, eta ez ordezko: «Trantsizio energetikoan aurrera egiteko aukera emango digu, nekazaritza jarduera, landa lurzoruaren erabileraren ardatz nagusia, arriskuan jarri gabe», azpimarratu du Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak.
Oinarririk gabeko arauak
Arkautin jarri duten instalazioa prototipo bat baino ez da, hau da, tokian tokiko ezaugarrien arabera diseinatua dago, eta ezin da bere horretan beste norabait lekualdatu. Instalazio esperimental bat da, eta datu zehatzak biltzea du helburu, sektoreari ez ezik erakundeei ere erabakiak hartzen laguntzeko: «Sektoreak ebidentzia errealak behar ditu ongi oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko. Gainera, datu horiek funtsezkoak izango dira instalazio agrovoltaikoen ezarpen arduratsuak errazteko», azaldu du Amaia Ortizek, ikerketaren koordinatzaile eta Neikerreko Landare Ekoizpen eta Babes Sailaren arduradunak.
Izan ere, Ortizek adierazi du gaur egungo araudiek ez dutela oinarri zientifikorik: «Behar bat da ikertzea». Hain justu ere, adibide gisa jarri ditu Frantzian, Italian eta Alemanian indarrean dauden legeek ezartzen dituzten baldintzak. Arauen arabera, eguzki panelek ezin baitute lurzoruaren azaleraren %40 baino gehiago estali. «Baina baldintza horrek ez du oinarririk», esan du Ortizek. «Kontuan hartu behar da, gainera, egituraren zutoinaren inguruan ere ezin dela erein, egitura arriskuan jar daitekeelako; beraz, erabilgarria den azalera txikitu egiten du horrek».
«Gaur egun indarrean dauden legeek ez dute oinarri zientifikorik, eta sektoreak ebidentziak behar ditu erabakiak hartu ahal izateko»
AMAIA ORTIZ Neikerreko ikertzailea
Bada, Arkautiko instalazioan hori ere ikertuko dute. Lau moduluetatik bi eguzki panelez erdizka estalita egongo dira, eta beste bi, osorik estalita. Nafarroako eta Akitania Berriko entitateek ere parte hartuko dute ikerketan, eta asmoa da txosten bat egitea eta bertan gomendioak jasotzea lurralde horietan energia berriztagarriak «modu seguruan eta eraginkorrean» ezartzeko.
Ortizek azpimarratu du teknologia agrovoltaikoa «aukera bat» dela lehen sektorearentzat, aurrez aurre dituen erronkei aurre egiten lagunduko diolako, hau da, trantsizio energetikoa, klima aldaketa, ustiategien jasangarritasun ekonomikoa eta elikagaien ekoizpena bateragarri egitea energia ekoizpenarekin. «Teknologiak ahalbidetzen du lurzoru bera nekazaritzarako eta energia ekoizpenerako erabiltzea, laboreen ekoizpena lehenetsita betiere. Hori da gakoa».