Negua dator Europako autogintza elektrikora

Aurten ibilgailu elektriko gutxiago saldu dira Europan. Urtarriletik aurrera, ekoitzitako autoen CO2 emisioak murrizteko arauak ezarriko dituzte, eta horiek apaltzeko eskatu du auto industriak, beldur baita isunei aurre egin beharko ote dien.

ALEMANIA - AUTOGINTZA
Opel auto ekoizleak Bochumen (Alemania) duen lantegian aparkatutako autoak, elurrak estalita. OLIVER BERG / EFE
joxerra senar
2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Automobil sektorea elektrifikatzeko trantsizioa eta merkatuaren bilakaera ez doaz esku beretik helduta, eta, luze gabe, zailtasun handiak antzeman daitezke Europako auto industriarentzat. Izan ere, urtarriletik aurrera, Europako Batasunak indarrean sartuko duen Euro 7 araudiaren arabera, saldutako automobilen emisioak erdira (%55) murriztu behartuko dituzte autogileek, eta, hori lortu ezean, isun gogorrei egin beharko diete aurre. Game of Thrones eleberrietako eta telesaileko leloak zioen bezala, negua dator Europako autogintza elektrikora.

Merkatu elektrikoa galgatu egin da aurten. Aurreko urteetako goranzko joera bat-batean gelditu egin da: elektrikoen merkatu kuota %13,9koa zen iaz Europako Batasunean, eta %12,5ekoa abuztuan. Oso garai txarrean etorri da geldialdia, sektoreak ezinbesteko baitu aurrerantzean salmenta erritmo horri eustea, edo, are, handitzea.  

Ez da eskaintza falta arazo. Iragan astean, Parisko Motor Show azokan, Europako eta munduko marka ezagunek aurkeztutako modelo berri gehienak elektrikoak dira. Adituen arabera, aurten orotara bateria elektrikoa duten ehun modelo merkaturatuko dira; datorren urtean, berriz, beste 70. Eraldaketa horretan milaka milioi euroko inbertsioak egin ostean, konpainiak ibilgailu elektrikorantz bultzatzen ari dira bezeroak, baina erantzuna ez da esperotakoa. Zergatik?

RENAULT
Iragan astean, Parisko Motor Show azokan Renaultek aurkeztutako modelo elektrikoetako bat. YOAN VALAT / EFE

Alde batetik, azken urteetan, Europako herrialdeetan ezarritako laguntza publikoek bateria elektrikoa duten ibilgailuen eta hibrido entxufagarrien salmenta sustatu dute, baina apurka iturria ixten ari da. Lehenetarikoa Alemania izan da. Iazko abenduan Alemaniako Gobernuak erabaki zuen 6.000 eurora arteko laguntzak kentzea. Ondorioz, Alemaniako merkatuan elektrikoen salmentek behera egin dute, eta Europako datu orokorrak beherantz bultzatu du. Beste herrialde batzuetan aurten amaituko dira, hala nola Austrian, Frantzian eta Espainian.

Bezeroen pertzepzioa

Beste alde batetik, bezero potentzialek hainbat arazo ikusten dizkiote ibilgailu elektrikoari. McKinsey aholkularitza etxeak egindako inkesta baten arabera, auto elektrikorik ez duten bezeroen artean soilik %16k erosiko luke ibilgailu mota hori. Erosteko oztopo gisa ikusten dute kargatzeko azpiegitura falta, auto horien prezio garestia, baterien iraupena eta etorkizunean argindar tarifa garestituko ote den kezka. Europan bateriak kargatzeko azpiegitura zabaltzen ari bada ere, oraindik ere zortzi bider handitu beharko du hedapen erritmoak 2030erako jarritako helburuak betetzeko. 

Adituen arabera, beste oztopo bat dago: teknologiari buruz bezeroek duten pertzepzioa. Hau da, askori ez die merezi hain inbertsio handia egitea, espero baitute teknologia garatu egingo dela eta auto hobe eta merkeagoak eskuratzeko aukera izango dutela aurrerago. Elektrikoak auto garestiagoak dira, kostu handiagoak dituztelako, batik bat bateriaren ondorioz —ibilgailu baten kostuaren herena—. Hala, konbustioko motor batean aldean, auto bakoitzeko lortzen denaren eta kostuaren arteko negozio marjina  %15 apalagoa da.

Europako talde handiek kezka handia dute trantsizio elektrikoak euren lehiakortasunari kalte egingo ote dion, baina haien estrategiek ere eragin dute. Ford eta VW, kasurako, beste lehiakideak baino beranduago hasi dute moldaketa, eta lasterketa horretan koska bat atzerago doaz. Bestetik, erosahalmen handiko bezeroei erantzun nahi izan diete, eta 40.000 eurotik gorako goi gamako auto elektrikoetan zentratu dira. Alta, merkatu esparru hori agortzen ari da, eta ondorengo urteetan behar duten salmentaren gorakada gama apalagoko autoetatik etorri behar luke.

Parisko Motor Show azokan, Renaultek 25.000 euro inguruko modelo elektrikoa aurkeztu du, eta Stellantisek, Txinako Leapmotor filialaren bidez, 20.000 eurotik beheragokoa. Hain zuzen, Txinan datza mehatxu nagusia prezio merkeagoko auto elektrikoak saltzeko orduan. Europako Batzordeak Txinatik inportatutako auto elektrikoei ia %50eko muga zergak ezarri dizkie, eta, urrian, Alemaniak zein beste hainbat estatuk  zerga horiek handitu nahi izan zituzten. Europako Batasunak ziurtzat jotzen du Txinako laguntza publikoei esker dituztela hain prezio lehiakorrak.

Araudia berria, urtarriletik

Horiek horrela, datorren urtarrilean CO2 emisioak murrizteko araudi berria ezarriko du Europako Batasunak 2025etik 2030erako eperako. Zerumugan helmuga nagusia antzematen da: 2035ean konbustioko motordun ibilgailuak egiteko debekua. Ezarritako helburuak betetzen dituzten enpresak saritu egingo dira, baina xedeak betetzen ez dituztenei isunak ezarriko zaizkie. Nola lortu dezakete irizpideok betetzea, auto elektrikoen salmenta espero baino apalago badoa?

Abiapuntu honetan, Volvok azterketa gainditua du, baina gehienek ez. Ondorioz, isunak ordaintzeko mehatxua dute. Aholkularitza etxe batek kalkulatu du epea amaitzen denerako, 51.000 milioi euroren zigorrak ordaindu beharko dituztela. Zigor ekonomikoa saihesteko, ikasle txarrek beste aukera bat dute: automobil kutsagarrien produkzioa etetea, aurreratuta dauden enpresekin lankidetzan aritzea, edo zuzenean emisio kredituak erostea enpresa horiek. Edozein kasutan, hiru aukerek kostu ekonomiko handi bat izango dute.

Horregatik, Europako autogintza ordezkatzen duen ACEA elkarteak «berehalako neurriak hartzera eta arauak malgutzera» deitu du. Kezka dute ez direlako gai izango 2025eko helburuak betetzeko. «Legeak ez du mundu errealaren baldintzetara egokitzeko ahalmenik erakusten, eta kalte egiten dio gure lehiakortasunari». ACEAren arabera, isunak ordaintzeko beharko dituzten milaka milioi euro horiek balia ditzakete trantsizioan inbertitzeko, eta zama bikoitz horrek produkzio murrizketa eta lanpostu galera ekarriko du.

Horren beldur, Frantziak, Italiak eta Alemaniak neurriak malgutzeko eskatu dute. Presioaren ondorioz, Europako Batzordean barne eztabaida dago 2035eko debekua kentzeari buruz eta neurriak apaltzeari buruz. Beste zenbaitek uste dute ez dela ona ezarritako helburuak berriro ere aldatzea, nahasmena eta ziurtasun falta eragiten dutelako.

ARaudia

  • Mugak. Euren auto produkzio osoa harturik batez beste, ezin dute muga jakin bat gainditu konpainiek: egun, 115 gramo CO2 kilometrokoa da. 2025etik 2029rako epean muga jaitsiz joango da 93,6 gramora arte; 2030etik 2034 bitartean, 49,5era arte. Furgonetetan emisio murrizketa %50ekoa izango da.
  • Sariak. Euren salmenten %25 baino gehiago emisio apaleko edo emisiorik gabeko autoak badira, sariak jasoko dituzte. 
  • Isunak. Urteko helburua betetzen ez duenari auto bakoitzeko 98 euroko isuna ezarriko zaio gainditzen duen CO2 gramo bakoitzeko.
  • Lankidetza. Helburuak betetzeko auto konpainiek lankidetzak sinatu ditzakete, lehia baldintzak betez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.