EB prest dago negoziatzeko, baina Netflix, bourbona eta Starlink ditu Trumpek gaurko iragarritako muga zergei erantzuteko zerrendan

Negoziazioa lehenestearen alde dago Europako Batasuna, baina horretarako indarra emango dion jarrera erakutsi nahi du. AEBetatik Europara datozen produktu jakinak zergapetzeaz gain, zerbitzuak ere begitan ditu EBk, eta bazuka bat, neurri gogorragoekin.

Ursula Von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea, artxiboko irudian. OLIVIER MATTHYS / EFE
Ursula Von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea, artxiboko irudian. OLIVIER MATTHYS / EFE
Irune Lasa.
2025eko apirilaren 2a
10:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Guk ere egin dezakegu ergelarena». Jean-Claude Juncker orduko Europako Batzordeko presidenteak hori esanez erantzun zien 2018ko martxoan Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari jarritako muga zergei. Hori esanez eta AEBetako inportazio jakin batzuei muga zergak ezarriz, hala nola bourbonari eta Harley Davidson motorrei.

Izan ere, ez da lehen aldia EB ataka honetan dagoela, Trumpek bere lehen agintaldian ezarritako muga zergek neurri batean ustekabean harrapatu zituzten europarrak. Oraingoan, zenbakiak hobeto eginda dauzkate, eta kontraerasorako mugimenduak pentsatuagoak. 

EBk ezin dio Trumpen muga zerga bakoitzari neurri horretako tarifa batekin erantzun, EBren esportazioek aise gainditzen dituztelako AEBetatik datozkion inportazioak.

Hori bai, orain egun batzuk arte EBko ordezkariak Washintonen negoziatzen izan arren, ezin izan dute argitu ezer, besteak beste, azken unera arte ezin delako jakin Donald Trumpek nondik eta noraino joko duen muga zergekin. Gaur, berak 'Askapen eguna' deitutakoan, Trumpek show berri bat egingo du Etxe Zurian elkarrekiko muga zergak zalaparta ahalik eta handienarekin jakinarazteko. 

Edonola ere, zantzu guztien arabera, EBko negoziatzaileen helburua berriz ere akordioa egitea da, gerra komertziala ez areagotzea, nahiz eta itun batek ez duen bermatuko Washingtonek ezarritako muga zerga guztiak desagertzea.

Hori bai, akordio hori lortzeko eta bere posizioa gotortzeko, Europak AEBetatik jasotako zerbitzuen pisua azpimarratzen du. Batetik, erakusteko AEBen eta EBren arteko harreman komertzialak Trumpek dioen baino orekatuagoak direla. Eta, bestetik, beharrezkoa bada, AEBetako enpresen zerbitzuetan eragiteko aukera daukala.

Ezin berdin erantzun

Hasteko, EBk ezin dio Trumpen muga zerga bakoitzari neurri horretako tarifa batekin erantzun, EBren esportazioek aise gainditzen dituztelako AEBetatik datozkion inportazioak. EBren AEBekiko merkataritza superabita ondasunetan 157.000 milioi eurokoa da (2023ko datua).

Horrez gain, AEBetatik inportatutako ondasunei muga zergak ezartzeak Europako ekonomiari berari ere kalte egiten dio, Europako kontsumitzaileei alegia. Eta hor energia gaiek badute garrantzia, Bruselak ez duelako gelditu nahi Ameriketako Estatu Batuetatik datorren gas naturalik gabe. Are gehiago, negoziazioetan europarrek Trumpi eskaini diote gas gehiago erostea.

Baina, eta baina horri ematen diote garrantzia negoziatzaile europarrek, zerbitzuen merkataritzan Europak defizita baitauka AEBekin, hain zuzen 109.000 milioi eurokoa 2023an. Eta horretan bai, horretan min egin dezake EBren erantzunak, besterik ez bada ere negoziazioetarako. Gainera, zerbitzu estatubatuarren gaineko neurriek, teorian, ekonomia propioari ez liokete hainbeste kalte egingo.

Bazuka

Eta gero, horri lotuta, Hertsatzearen Kontrako Tresna daukate prest Bruselan (ACI, Anticoertion Instrument), «bazuka komertziala» esaten diotena. Legezko tresna aurreko legegintzaldian onartu zen Europan, Trumpekin aurreko aldian pasatakoak gogoan, eta baita Txinari begira ere. Beharrezkotzat jotzen da edozein jokaera auzitara eramatea Munduko Merkataritza Erakundean —hori litzateke legezko bide nagusia teorian—, urteak hartzen dituelako.

ACI tresna horrekin, Europak banku estatubatuarren jarduna mugatu dezake, patenteak atzera bota, jabetza intelektualaren babesa murriztu eta hango konpainia teknologiko handiei software eguneratzeengatik irabaziak izatea oztopatu, baina baita Netflixen eta antzekoen streaminga eragotzi ere.

Tresna horretako beste arma bat kontratazio publikoetarako sarbideak ukatzea izan daiteke; adibidez, Elon Musken Starlink lehiaketa publikoetatik at uztea.

ACIko neurri horietako edozein hartzekotan, Europako Batzordeak proposatu beharko luke, betiere lau hilabeteko epe baten barruan eta herrialdeen gehiengo ponderatuak onartuta bi hilabeteko epean. Batzordeak eskumena dauka legean aurreikusitako edozein neurri sei hilabetez behin-behinean eteteko, diplomaziari bidea emateko.

Erantzun bateratua

Hain zuzen, EBk erantzun bateratua emateak eta batuta agertzeak berebiziko garrantzia izango dute, Trumpen muga zergei erantzuteko orduan.

Orain arte hori gertatu da, eta Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako %25eko muga zergei erantzunez, EBk produktu estatubatuar jakin batzuei muga zergak ezarri dizkie (besteak beste, bourbonari, Levi’s galtzei eta Harley Davidson motorrei), 2018an Junckerrek erabilitako zerrenda bera hartuta. Azken horiek oraindik ez daude indarrean, Bruselak negoziazioei aukera bat eman nahi izan dielako.

Hala ere, Trumpek, neurri horiekin haserre, mehatxu egin zuen Europako likore eta ardoen gainean %200eko muga zergak ezartzearekin.

EBk, oraingoz, ez dio erantzun autoen gainean joan den astean Trumpek iragarritako muga zergei, ziurrenez apirilaren 2an zer etorriko zitzaion zain. Orain ere ez da espero berehalako erantzunik, ez behintzat neurri zehatzik.

Datorren astelehenean, apirilaren 7an, biltzekoak dira EBko Merkataritza ministroak negoziazioei buruz hitz egiteko, zergapetu daitezkeen produktu eta zerbitzu estatubatuarren beste zerrenda bat osatzeko, eta, zergatik ez, bazukez hitz egiteko.

Zergatik 'hertsatzearen kontrako tresna' izena?

EBren ustez, hertsatzea deitu dakioke edozein helburu politikorako merkataritza arma bihurtzeari. Tresna ezartzeko prozedura ikerketa batekin abiatuko litzateke, egiaz hertsatzerik izan den ala ez aztertzeko, eta, hala balitz ere, kontrako neurriek ez dute zertan berehalakoak izan, negoziazioetarako bidea beti zabalik geratzen baita. Tresna prestatu dutenek kontu handia izan dute haren nondik norakoak zehazten eta idazten, neurria bateragarria izan dadin Munduko Merkataritza Erakundearen araudiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.