Negoziazioak «blokeatzea» egotzi diote Ibermaticako zuzendaritzari

Ibermaticako langileak, Bilbon atzo eginiko elkarretaratzean. CCOO.
jokin sagarzazu
Donostia
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Ibermatican bigarren greba eguna izan zuten atzo, eta biharko ere antolatu dituzte lanuzteak, gaur egitekoa den bileran zuzendaritzak ez badu bere jarrera zeharo aldatzen. Herenegun bildu ziren azkenekoz, eta, sindikatuek berretsi dutenez, bilera batetik bestera «are eskaintza okerragoak» aurkezten ari da. Honako hau da azkeneko proposamena: aurten %3ko ordainsari bat ematea urtean 27.000 euro baino gutxiagoko soldatetan, eta %1ekoa besteetan; eta 2023. urterako, %4ko eta %3,2ko soldata igoerak, hurrenez hurren. 2024 eta 2025ekoak, berriz, hurrengo urteko irailean negoziatu beharko lituzkete, enpresaren jabe berriarekin. Sindikatuen arabera, «onartezina» da eskaintza, eta salatu dute zuzendaritzak ez duela hori hobetzeko asmorik eta negoziazioak amaitutzat emateko «mehatxua» egin diela.

Euskal Herritik kanpo

Informazioen teknologietako euskal enpresarik handienean urte hasieratik ari dira negoziatzen lan hitzarmen berria, baina gertakari batek elkarrizketak baldintzatu ditu: ekainean, Sevillako (Espainia) Ayesa taldeak konpainia erosteko akordioa erdietsi zuen oraingo jabeekin: Madrilgo Pro A Capital arrisku kapitaleko funtsarekin (%55), ONCErekin (%14) eta Kutxabankekin (%11). «Ibermaticaren zuzendaritzaren arabera, gure egoera ez zen ezer aldatuko salmentarekin. Baina orain Ayesak duen kontsultoria hitzarmenera pasatuko garen mehatxua egin digu», salatu zuten sindikatuek atzo, ONCEren Bilboko eraikinaren aurrean eginiko elkarretaratzean.

Ibematicak Donostian du egoitza, eta bulegoak ditu Zamudioneta Gasteizen. Guztira 1.800 langile ditu Euskal Herrian, baina gehiago ditu kanpoan —4.000 inguru guztira—. Zentro guztiak ordezkatzen dituen batzorde bat ari da zuzendaritzarekin negoziatzen, eta hor CCOO eta UGT sindikatuek dute gehiengoa. Aurreko astean, proposamen hau igorri zioten zuzendaritzari: aurten, %3ko soldata igoera 27.000 euro baino gutxiagoko soldatetan, eta %,2,3koa besteetan; 2023rako, %4ko eta %3,2ko igoerak, hurrenez hurren. Eta 2024rako eta 2025erako, %4ko igoera lantalde osoarentzat. ELAren iritzian, ez da nahikoa; KPIak izan beharko luke marra gorria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.