Rafael Sterling. Irizar taldeko zuzendaria

«Nazioarteko talde bat gara, baina balio erantsia Euskadin daukagu»

Irizarren gaitasun teknologikoa eta izaera globala nabarmendu ditu Rafael Sterlingek; krisi batek Irizarri beste batzuei baino gutxiago eragingo liokeela dio; iragarri du Ie Truck kamioia laster kalean izango dela.

JON URBE / FOKU.
xabier martin
Ormaiztegi
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Jarduera betean ari direnen joan-etorriak argazkia hondatuko ez duen lekuren bat eskatu dio argazkilariari Irizarko zuzendari nagusi berriak. Rafael Sterlingek (Bilbo, 1975) ez daki inoiz ohituko den kameren aurrean natural jartzera. Isilean egindako ibilbide sendoak eraman du Ormaiztegiko (Gipuzkoa) konpainiaren lemara. Bruselako Busworld azoka egokitu zaio iritsi berritan, Europako garrantzitsuena, eta urtea ixten hastea ere bai, fakturazioan errekorrak hautsiko duen beste urte bat.

Zer moduz joan da Bruselako azoka?

Gustura gaude Irizarren balio nagusiak islatu ditugulako; gure gunean egon diren bezeroek, hornitzaileek eta lehiakideek ere ulertu dute zer den Irizar egun.

Zer balio dira horiek?

Marka, teknologia eta jasangarritasuna.

Kaleko batentzat itzuliko duzu?

Markak esan nahi du eragile global askorentzat bazkide fidagarriak garela, ez dugula bakarrik autobus bat saltzen eta kito, baizik eta plus bat eskaintzen diegula segurtasunean, erosotasunean, egonkortasunean… eta horrek errentagarritasuna ekartzen diela. Teknologiak esan nahi du gure garapen teknologikoa dugula, ez dugula kanpotik ekartzen, nahiz eta itunak baditugun beste enpresa batzuekin. Eta jasangarritasunak islatzen du geroa kudeatzen ari garela jada Irizar E-movilityren bidez.

Irizar Europako mugikortasun talde bat dela esan duzu berriki. Etxean denak ohartu dira Irizarrek egin duen jauziaz?

Munduko enpresa askok dakite zer den Irizar mugikortasunaren sektorean, baina Euskal Herrian badira ohartzen ez direnak industria talde sendo bat garela, ez baikara soilik mugikortasun enpresa bat. Taldeko bost enpresa egon gara Busworlden, eta autobus ekoizpenetik harago goazela islatu dugu argi eta garbi.

Azokak ez dira negozioak lotzeko, baina harremanak egiten dira. Operadoreak hurbildu zaizkizue?

Bai, eta hori garrantzitsua da, asko hitz egiten baita datorrenaz... Bezero eta balizko bezero asko gerturatu zaizkigu, eta oso kontuan hartzekoa da zer negozio ekar ditzakeen horrek, uste baitugu munduko ekonomiaren egoera okertzen bada ere guri gutxiago eragingo digula beste batzuei baino.

Argi dago bikain lurreratu zarela Irizarren zuzendaritzan.

Azkar hartu behar izan dut lekukoa, lan eskerga egin behar den lauhileko batean egokitu zait eta.

Autobus katalogo zabala duzue, diesel motorrekin, hibridoekin, elektrikoekin… Elektrikoen merkatua al da aukera hoberena hazteko?

Benetan aldatuko dena mugikortasuna da, hau da, kontzeptua bera, elektromugikortasunaren gainetik. Zero isuriko ibilgailuei buruz asko hitz egiten da, autonomoei buruz, auto partekatuei buruz, hiriguneen itxierei buruz... Mugikortasuna da hori guztia, eta hor garraio publikoak asko dauka irabazteko, eta zehazki zero isuriko ibilgailuek.

Txaloak nahi dituen agintariak badaki Irizar Ie Tram batzuk erosita lortuko dituela. Nabaritzen ari al zarete testuinguru hori?

Bai, jasangarritasunaren aldeko apustu argi bat dago; herritarrek ez lukete ulertuko inbertsio handi bat garraio kutsatzailearen alde. Egia da, era berean, apostu hori handiagoa dela herrialdearen arabera.

Beraz, Europan Ie Tram autobus moderno eta garestiak saldu behar ditu Irizarrek, eta beste merkatu batzuetan motor tradizionalekoak?

Ezin da gauetik egunera aldatu hiri baten mugikortasun eredua; batzuk ez daude prest oraindik garraio publiko elektrikoa edukitzeko, eta guk soluzio guztiak eskaini behar ditugu. Mexiko Hiriak 22 milioi biztanle ditu, eta batez beste hamabost urte izango ditu garraio publikoak; nola aldatuko dute elektrikora bat-batean? Esan behar da, gainera, Euro 6 motorrek oso gutxi kutsatzen dutela orain. Ez dira zero isurikoak, baina oso garbiak dira.

Baina zenbat eta balio erantsi handiagoko produktua saldu, orduan eta irabazi handiagoa lortuko du Irizarrek, ezta?

Elektrikoak balio erantsi askoz ere handiagoa du, eta inbertsio handia atzean. Prest dagoen teknologia bat da, baina oraindik garatzen ari dena. Hori ere kontuan hartu behar da, beharbada esparru batean edo bestean garatzen ari garen teknologia ez beste bat gailenduko baita.

750 milioi euroren salmentak egin dituzue 2018an. Nola joango da aurten?

Aurreikusi dugu %15 hobetuko dugula fakturazioa. Gainera, emaitzak jakinarazteko modua hobetuko dugu, talde osoaren xehetasunak isla daitezen. Zenbaki absolutuetan aldaketa batzuk egon daitezke, baina udareak udareekin alderatuta, %15 inguru igoko da fakturazioa.

2015ean 550 bat milioiren salmentak egin zenituzten, eta, lau urte geroago, 200 milioi gehiagorenak. Harrigarria, ezta?

Negozio eta herrialde jakinetan heldutasunera iritsi gara, eta hor ezin dugu bi digiturekin hazi, baina baditugu beste negozio batzuk hazkunderako tarte handiarekin.

Adunako plantak ekarpena egiten du jada, orduan. Zabaldu eta emaitzak ematen hasi da?

Bai, horrela da. Irizar E-mobilityrako estrategia argia zen balioa handitzeko esparru guztietan. Taldeko teknologia askok bat egiten dute lan zentro horretan.

Ziurgabetasuna aipatu duzu lehen. Ba al duzue krisi baten beldurrik?

Ziurgabetasuna daukagu, ez beldurra. Krisi global batean erelehiatuko gara; ezin dugu ezer egin hori gerta ez dadin, baina bai gurearekin jarraitu buru-belarri marka garatzen. Merkatu jakinen egoeratik harago, guk hazten jarraitu behar dugu. Merkatu bat erdira jaisten bada, guk lortu behar dugu ez jaistea hainbeste, beti kuota haztea. Eta, hazten denean, hazten den baino gehiago igotzea.

Erresuma Batuan asko saltzen duzue. Zer esaten dizu brexit hitzak?

Harrigarria egingo zaio norbaiti, baina aurten kopuru oso onak edukiko ditugu han, aurreko urtekoak baino askoz hobeak. Ziurgabetasuna bada, baina, esaterako, Busworld azokan etorri zaizkigun britaniarrak egoera onean daude negozioak egiteko.

Fabrikak ditu Irizarrek mundu zabalean: Mexiko, Brasil, Maroko, Hegoafrika… baina elkarrizketa hau Ormaiztegin egiten ari gara. Euskal sustraiak sendo daude Irizarren, ezta?

Euskadin sustraituta gaude, eta hala jarraituko dugu. Nazioarteko talde bat gara, baina ez dugu aintzat hartzen balio erantsian haztea ez bada talentu hori guztia Euskadin uzteko. Ormaiztegi da gehien ekoizten duen planta, baina ikerketa eta garapena ere hemen dago, hemen eta Adunan. Eskulan merkeagoa izango genukeela atzerrian? 100.000 gobernuren opariak akaso? Agian bai, baina gure apustua ez da hori.

Euskal enpresen erabaki zentroak galarazten duen birus bat dabil aspaldian. Txertoa baduzue?

Oso lasai gaude, benetan; estrategia oso argia dugu. Hori ez da aldatuko, ezta epe luzera ere.

Matrizea kooperatiba bat izateak laguntzen du horretan?

Kooperatiba gara, eta horrela jarraituko dugu, oso argi baitugu abantailak eta desabantailak dituela, baina hori dela gure aukera, balio handia ematen baitugu. Kooperatibismoak berezkoak dituen indar horiek taldeko beste enpresetara ere eramaten ditugu.

Kooperatibak Lanbideko mahaitik kanpo geratuko zaretela ematen du kooperatiben lege proiektuan, Confebaskek nahi duen moduan. Zer diozu?

Ez dut lokatzetan sartu nahi, baina kooperatibek oso rol garrantzitsua dute euskal ekonomiaren motor gisa, eta sozialki ere bai. Horregatik, ekonomiari eta gizarteari eragiten dieten esparruetan ordezkaturik egon beharko genuke. Eta eragile politiko eta ekonomiko denek esker oneko agertu beharko lukete gure parte hartzearekin.

Hamar urte baino gehiago dira Mondragon taldetik atera zela Irizar. Zer moduzko harremana duzue?

Oso ona, elkarlanean aritzen gara hainbat proiektutan; are, harreman komertziala ere badugu, LKSrekin adibidez.

Merkatuei dagokienez, nora begira jarriko dituzue indarrak aurrerantzean?

Negozio tradizionaleko merkatuetan hazten jarraitzen dugu. Diesel autobusaz ari naiz. Enpresa ugari daude Irizar tradizionala nahi dutenak, elektromugikortasuna iritsi aurretik eta ondoren ere bai. Europan merkatu interesgarriak ditugu, baina urrunago ere bai. Txile, Peru, Mexiko, Australia, Hegoafrika, Maroko… garrantzitsuak dira guretzat.

Eta AEBak?

Egitura propioa egiten ari gara han, epe ertainera merkatu garrantzitsua izango baita. Premium autobusgileak nahi dituzte, eta han ere egongo gara. Gure autobus integralak Ormaiztegitik edota Mexikotik hornitzeko aukera dugu, arautegiaren arabera komenigarriena dena.

Ie Tram da Irizarrek egun daukan gaitasunaren gailurra?

Seme-alaben artean aukeratzea ez da erraza, baina egia da bezero askok ibilgailu horretan islaturik ikusten gaituztela. Diseinu horrekin, errazagoa zaigu esplikatzea zer neurrikoa den Irizarren berrikuntzarako gaitasuna .

Autoa balitz, zer markaren parekoa litzateke Irizar?

Gama altuko edozeinen parekoa. Asiako ekoizleak kontuan hartuta, gama oso altukoa.

Noiz ikusiko dugu Ie Truck kamioia kalean?

Urte bukaeran lehiaketa baten emaitza jakingo da, eta agian urte hasieran ikusiko dugu lanean.

Gure artean?

Ez da oso urrun ibiliko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.