Nazioarteko Diru Funtsak ohartarazi du gobernuen gaitasuna murrizten ari dela

Duela hiru hilabete egindako hazkunde aurreikuspenak nabarmen okertu ditu. Azpimarratu du Trumpen gerra komertziala ziurgabetasuna eta tentsioa sortzen ari dela finantza merkatuetan.

Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria, Washingtonen egindako agerraldi batean. LENIN NOLLY / EFE
Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria, Washingtonen egindako agerraldi batean. LENIN NOLLY / EFE
jokin sagarzazu
2025eko apirilaren 22a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Munduko ekonomia ez dago krisian, baina zerumugan depresio sakon bat begiztatzen da, oso bizkor aurrera egiten ari den ekaitz baten antzera. Hala uste du NDF Nazioarteko Diru Funtsak. Ohartarazi du Donald Trumpek bultzatutako gerra komertziala munduko egoera ekonomikoa itxuraldatzen ari dela. Apirileko World Economic Outlook azterlanean, nabarmen okertu ditu hiru hilabete lehenago egindako aurreikuspenak, eta honela laburbildu du panorama: hazkunde ekonomikoa moteltzen ari da, finantza tentsioa handitzen ari da, eta gobernuen erreakzionatzeko gaitasuna gero eta txikiagoa da.

Txostenaren hitzaurrean, Pierre-Olivier Gourinchas NDFko ekonomialari buruak ohartarazi du gaur egungo egoera «ezohikoa» dela, eta ondorioak «epe motzean» nabarituko direla. «Ekonomia globala aro berri batean sartzen ari da», azpimarratu du. «Muga zergak eskaintza shock bat dira: produktibitatea suntsitzen dute, kostuak handitzen dituzte, eta jarduera murrizten dute».

«Azken urteetako higaduraren ondorioz, herrialdeek gero eta tarte txikiagoa dute maniobratzeko, eta horrek ahuldu egiten du etorkizuneko krisiei aurre egiteko ahalmena»

NAZIOARTEKO DIRU FUNTSA

Washingtonek oraindik ez ditu indarrean jarri Trumpek iragarritako zigorrak; bere bazkide komertzialei su eten bat eman die horiek negoziatu ahal izateko. Hala ere, asmoak jakinarazi izanak soilik dezelerazioa eragin du munduko ekonomian. NDFren arabera, munduko barne produktu gordina %2,8 handituko da aurten, urtarrilean egindako aurreikuspenean baino puntu erdi gutxiago, eta %3,7ko batez besteko historikoaren oso azpitik.

Ekonomia garatuetan %1,4ko handituko dela dio: AEBetan %1,8, urtarrilean proiektatu baino 0,9 puntu gutxiago; eta eurogunean, %0,8, bi hamarren gutxiago. Gorabidean diren herrialdeei ere apaldu egin dizkie hazkunde aurreikuspenak, eta %3,7an kokatu du.

Inflazioaren aurkako borrokan ere nabarituko dira eraginak, NDFren arabera. Urtarrilean iragarri baino motelago jaitsiko da: mundu osoko batez besteko inflazioa %4,3an kokatuko du 2025erako, eta %3,6an 2026rako. Hori bai, ekonomia aurreratuetan gora egingo duela dio, eta gorabidean direnetan pixka bat jaitsiko dela.

Tarte txikiagoa

«Munduko ekonomiak erresilientzia harrigarria erakutsi du azken lau urteetako krisi larrietan, eta oraindik horien ondorioak pairatzen ari da. Orain, beste proba gogor bati egin behar dio aurre», ohartarazi du NDFk.

Diru funtsaren arabera, egungo ziurgabetasun ekonomikoaren ondorioz, enpresak hasiak dira gastuak murrizten, eta ohartarazi du hornidura kateetan ere nabari dela moteltzea.

Baina txostenean, batez ere, finantza merkatuen egoerari erreparatu dio: «Oso delikatu daude. Horrek kapital mugimendu handiak eragin ditzake burtsetan, edo moneten debaluatzea». Horri finantzaketa baldintzen gogortzea gehitu dio. «Hortaz, aurrerantzean ere diru politika —banku zentralen independentzia— funtsezkoa izango da».

NDFk kezka berezia agertu du zor publikoarekin, eta batez ere diru sarrera ertain eta apalak dituzten herrialdeekin. Nabarmendu du «dilema kritiko bati» egin beharko diotela aurre: «Nola finantzatu gastu behar berriak beren finantza iraunkortasuna arriskuan jarri gabe?». «Argi» du erantzuna: «Aurrekontuen barruan mantentzea beste aukerarik ez dute. Bestela, epe ertaineko zorraren iraunkortasuna arriskuan jarriko dute, eta horrek ondorio larriak ekarriko lituzke».

Ahalmen handiagoa duten herrialdeei, berriz, gomendatu die soilik aldi baterako gastuak finantzatzea zorrarekin —adibide gisa armagintzarekin loturikoak jarri ditu—, eta behar iraunkorrak diru sarrerak handituz betetzea.

Dena den, batzuek zein besteek gero eta gaitasun txikiagoa dutela ohartarazi du. «Azken urteetako higaduraren ondorioz, herrialdeek gero eta tarte txikiagoa dute maniobratzeko, eta horrek ahuldu egiten du etorkizuneko krisiei aurre egiteko ahalmena».

Txostenean, halaber, «egoera larritzen» ari diren «egiturazko» beste faktore batzuk aipatzen ditu: biztanleriaren zahartzea, zenbait herrialdek migrazioari jarritako trabak, eta ezinegon eta protesta sozialak. NDF dio migrazioa oztopatzen duten politikek munduko ekonomia geldiarazten dutela eta «ondorio larriak» izaten dituztela bereziki garatzeko bidean diren herrialdeetan, besteak beste atzerritik bidalitako dibisen oso menpekoak direlako.

ARRISKUAK

  1. Dezelerazioa. NDFk ohartarazi du AEBen muga zergek eta haren bazkide komertzialen erantzunek dagoeneko enpresen inbertsio handi batzuk eten eta produkzio kostuak handitu dituztela.

  2. Finantzak. Ezegonkor daude, eta horrek kreditua garestitzea ekarriko duela nabarmendu du.

  3. Zor publikoa. Diru funtsaren arabera, gobernuek aldi baterako eta ezohiko gastua bakarrik finantzatu beharko lukete zorrarekin; gainerakoa, aurrekontuen eta murrizketen bidez.

  4. Migrazioa. Migrazioa oztopatzeak hazkundea mugatzen duela dio NDFk, eta zerga sistemen iraunkortasuna mehatxatzen duela, batez ere Europan eta Asian.

  5. Tentsio sozialak. Diru funtsak ohartarazi du inflazioaren eta hazkunde geldoaren konbinazioak ezinegon soziala eta protestak berpiztu ditzakeela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.