Azkenean, PSNk gehiengoa ziurtatu du. Navarra Sumak ostiral arratsean iragarri zuen Hitzarmen Ekonomikoaren azken akordioari baiezkoa emango diola. Abenduaren 23an zen bozkatzekoa azken erreforma, parlamentuan, baina, neurri nagusiekin batera, testuari egindako aldaketa txiki bat dela-eta oso kritiko azaldu ziren Geroa Bai eta EH Bildu, eta Navarra Sumak ere azalpenak eskatu zizkion Ogasun eta Ekonomia Departamenduari. Hiru hilabete geroago, jarrera aldatu du Navarra Sumak, eta kritikak bi talde abertzaleei egin zizkien atzo. «Hain auzi garrantzitsua izanik, tentsioa eragiten ari dira. Ez dira fidagarriak. PSNk kontuan hartu beharko luke».
Abenduaren 20an, Nafarroako eta Espainiako gobernuek Hitzarmen Ekonomikoa berritzeko akordioa erdietsi zuten. Akordioaren arabera, Nafarroak bere gain hartuko ditu Tobin eta Google tasen eta merkataritza elektronikoko BEZaren bilketak; gainera, finantza arloan, BEZaren bilketa doitzeko formula berritu zuten. Eduki hori aho batez onartzekoa zen parlamentuan, baina 57. artikuluari erantsitako aldaketa batek polemika piztu zuen.
Bi gobernuen arteko koordinazio batzordearen eskumenen artean sartzen zen inputazio indizea aldatzeko aukera jaso zuten. Urtero, Nafarroak bere gain hartu gabeko eskumenen truke ordaindu beharreko ekarpena kalkulatzeko funtsezko datua da %1,6ko inputazio indizea, eta Geroa Baik eta EH Bilduk salatu dute parlamentuaren kontrolpetik atera nahi izan duela auzi hori PSNk.
PSN eta UPN, gertuago
Orain arte, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren aldeko botoa baino ez zuen ziurtatua PSNk, baina Navarra Sumaren jarrera aldaketak egoera aldatu du. Testuinguru berezian dator. Izan ere, lan erreformaren bozketari begira bost puntuko akordioa erdietsi zuten UPNk eta PSOEk. Sergio Sayas zein Carlos Garcia Adanero diputatuek zapuztu egin zuten akordioaren edukia, baina agerian geratu da bi alderdien arteko sintonia aldatu egin dela hilabeteotan.
Horregatik, atzo, EH Bilduko Bakartxo Ruizek kritikatu zuen PSN «erratu» egin dela, «bidaide txarra» aukeratu duelako: «Legealdiko une honetan, denok jabetu beharko ginateke Navarra Sumak interes eta helburu bakarra duela: Nafarroan berriz ere agintzea». Ruizek gogora ekarri zion PSNri oso irtenbide erraza zuela talde guztien onespena lortzeko: 57. artikuluan inputazio indizeari buruz erantsitakoa kentzea. «Haiek erabaki dute ez dutela koma bat ere aldatu nahi».
Geroa Baiko Uxue Barkosi, berriz, «irrigarria» iruditu zitzaion Navarra Sumaren jarrera, Sayasek eta Adanerok plataforma politiko bat aurkeztu zuten egun berean iragarri zutelako aldeko botoa. PSNri leporatu zion ez duela nahi izan erreforma aho batez onartzea, eta ez dela gai izan Madrili aurre egiteko testuari egindako aldaketa atzera bota dezan. Dena den, Barkosek iragarri zuen bihar beste bilera bat dutela eta «azkenera arte» ahaleginduko direla.
PSNko Ramon Alzorrizek Geroa Bairi eta EH Bilduri galdegin zien akordioarekin bat egitea. «Oraindik garaiz daude», esan zuen Alzorrizek. «Negoziatzen jarraituko dugu azkenera arte», gaineratu zuen.
Navarra Sumako Javier Esparzaren irudiko, «gero eta ageriago» dago Nafarroako Gobernua sostengatzen duten bost alderdien artean «pitzadura handia» dagoela. «Geroa Bai gainbehera batean dago, eta politikoki bere presentzia eskasaren ondorioz erabakiak PSNk hartzen ditu EH Bilduren eskutik».
Navarra Sumak babestu egingo du Hitzarmen Ekonomikoaren erreforma
Geroa Baik PSNri egotzi dio ez duela nahi izan aho batezko akordiorik, eta EH Bilduk salatu du «bidaide txarra» aukeratu dutela sozialistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu