Navalen orubean jarduera industriala nagusi izango dela iragarri du VGPk

Azaleraren %51 baino «nabarmen gehiago» hartuko du industriak. Dike lehorrek ontziolen interesa piztu dute

Bi hondeatze makina Navaleko pabiloietako bat eraisten. Atzean, garabi ikonikoak. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Naval ontziola historikoaren izenak industria jardunari lotuta jarraituko du. Hala adierazi du behintzat haren orubea enkantean erosi zuen enpresa logistikoak, VGPk. Ohar batean azaldu duenez, azaleraren %51 industria jardunean erabiltzera behartzen du legeak, baina, jaso dituen eskaintzak ikusita, batezbesteko hori «nabarmen handiagoa» izango da. Tartean leudeke ontzigintza sektoreko enpresak, dike lehorrak erabiltzeko eskaintzak egin baitituzte; bai itsasontziak eraikitzeko, eta baita haiek konpontzeko ere. Orubearen zati horretan ez zuen beste aukerarik, Jaurlaritzak ondare babestu izendatu baititu dikeak, eta ezin ditu eraitsi.

VGPk iazko apirilean erosi zuen ontziola zenaren 300.000 metro koadroko orubea. 36 milioi euro ordaindu zituen, eta Sestaon (Bizkaia) logistika parke handi bat eraikitzeko asmoa plazaratu zuen. Fotomuntaketa bat jarri zuen bere webgunean. Asmoak, baina, oztopoak zituen bidean. Handiena, legedia, zeren Sestaoko Udalak orubea zoru industrial izendatu baitzuen bere garaian, eta hortik zetorkion azaleraren %51 gutxienez industriara bideratzeko obligazioa. Gero etorri zen hainbat eraikin bilduma historiko izendatzeko eskaera. Jaurlaritzak duela bi aste berretsi zuen, eta, ondorioz, lau garabi, bi pabiloi, bulego batzuk eta, batez ere, bi dike lehorrak bere horretan mantendu behar zituen VGPk. Muga horiekin, hasierako asmotik urrundu beharra zeukan.

Oharra errealitate horren onarpena da. Gainera, jabearen arabera, lantegi «askok» azaldu dute orube horretara joateko asmoa. Navalek ia kilometro bateko itsas marra du, eta kokapen hori aproposa da pieza oso handiak itsasoratu behar dituzten enpresentzat. Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen sailburuak sektore eolikoko enpresen interesa aipatu izan du.

Eraiste lanak, hasiak

VGPk zehaztu du horietako asko itsas sektoreko enpresak direla. Urrunago joan gabe, pare-parean du Murueta ontziola, Erandion (Bizkaia), eta hark erabili izan du bi dikeetako bat. Bestea, berriz, hustu beharra dago, Navalek bere garaian Van Oord ontziolari entregatu ez zion dragaontzia baitago bertan. Navaleko dike lehorren ezaugarri nagusia da oso bizkor hustu eta betetzen direla, eta egokiak dira konponketak egiteko.

Hilabete batzuk dira eraiste lanak hasi zirela Navalen, baina badirudi orain abiadura handituko duela VGPk. Gaur egun, zorua garbitu eta egokitzeko prozesu betean dago, eta ondoren hasiko da eraikuntza baimenak eskatzeko prozesua. Konpainiak zehaztu du lankidetza estua duela erakunde publikoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.