SESTAO. Navalen orubearen enkantean parte hartu eta irabazi ez zuten hautagai batzuk eskaintza bat egingo diote VGP taldeari ontziola jardunarekin harremana duen lurzoruaren zatia erosteko. Enkantea irabazi zuen taldeak parke logistiko handi bat egiteko asmoa du, eta, horretarako, ontziolako harmailak desegin egingo ditu. Informazio agentziek zabaldu dutenez, gutxienez bi hautagaik erosi nahi dituzte kaiaren zati hori, dike lehorrak eta garabi batzuk. Haien asmoa ontzi txikietara zuzenduriko ontziola jarduna sustatzea da. Haien ustez, jardun industrial hori egitasmo logistikoaren eskutik joan daiteke. VGPk oraindik ezin du erantzun, epaileak ez baitio baieztatu enkantea irabazi duenik. Orubearen %51k jardun industriala izan behar du, eta ontziolen eskaintza onartzeak helburua lortzen lagun diezaioke.
Alde horretatik, Bingen Zupiriak atzo nabarmendu zuen Jaurlaritzak VGP «lagunduko eta babestuko» duela enplegua sor dezan. Ontziola sektoreko enpresen eskaintzaren asmoa eguerdian jakin zen, baina aurretik gobernuko bozeramailea ez zen bereziki itxaropentsu agertu aukera horren inguruan: «Ez dakit merezi duen atzera begira egoteak. Tristea da ontziola jarduna ezin mantentzea». Bestalde, aurki jakingo da enkantea galdu zuen hautagairen batek helegiterik jarriko duen.
Navalen ontziola azpiegitura erosten saiatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu