Naval ontziola historikoaren izenak industria jardunari lotuta jarraituko du. Hala adierazi du behintzat haren orubea enkantean erosi zuen VGP enpresa logistikoak. Ohar batean azaldu duenez, azaleraren %51 industria jardunean erabiltzera behartzen du legeak, baina jaso dituen eskaintzak ikusita, batez besteko hori «nabarmen handiagoa» izango da. Tartean leudeke ontzigintza sektoreko enpresak, dike lehorrak erabiltzeko eskaintzak egin dituztelako. Bai itsasontziak eraikitzeko eta baita haiek konpontzeko ere. Orubearen zati horretan ez zuen beste aukerarik, Jaurlaritzak ondare babestu izendatu baititu dikeak eta ezin ditu eraitsi.<br />
VGPk iazko apirilean erosi zuen ontziola zenaren 300.000 metro koadroko orubea. 36 milioi euro ordaindu zituen, eta Sestaon (Bizkaia) logistika parke handi bat eraikitzeko asmoa plazaratu zuen. Fotomuntaia eskegi zuen bere webgunean. Asmoak, baina, oztopoak zituen bidean. Handiena, legedia, Sestaoko Udalak orubea zoru industrial bezala izendatu baitzuen bere garaian, eta hortik zetorkion azaleraren %51 gutxienez industriara bideratzeko obligazioa. Gero etorri zen hainbat eraikin bilduma historiko izendatzeko eskaera. Jaurlaritzak duela bi aste berretsi zuen, eta, ondorioz, lau garabi, bi pabiloi, bulego batzuk, eta, batez ere, bi dike lehorrak bere horretan mantendu behar zituen VGPk. Muga horiekin, hasierako asmotik urrundu beharra zeukan.
Oharra errealitate horren onarpen bat da, eta, jabearen arabera, «asko» dira orubera joateko asmoa aurkeztu duten lantegiak. Navalek ia kilometro bateko itsaso marra du, eta kokapen hori aproposa da pieza oso handiak itsasoratu behar dituzten enpresentzat. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak sorgailu eolikoen sektoreko enpresen interesa aipatu izan du.<br />
Eraiste lanak, hasiak
VGPk zehaztu du horietako asko «itsas sektoreko» enpresak direla. Urrunago joan gabe, pare-parean du Murueta ontziola, Erandion (Bizkaia), eta hark erabili izan du bi dikeetako bat. Bestea, berriz, hustu beharra dago, Navalek bere garaian entregatu ez zuen dragaontzi bat baitago han. Navaleko dike lehorren ezaugarri nagusia da oso bizkor hustu eta betetzen direla, eta egokiak dira konponketetarako.
Hilabete batzuk dira eraiste lanak hasi zirela Navalen, baina badirudi orain abiadura handituko duela VGPk. Egun zoruaren garbitze eta egokitze prozesu betean dago eta ondoren hasiko da eraikuntza baimenak eskatzeko prozesua. Konpainiak zehaztu du lankidetza estua duela erakunde publikoekin.
Industria
Navaleko orubean «jardun industriala» izango da nagusi
VGPk esan du erabilera industriala %51tik gorakoa izango dela, eta onartu du ontzigintza sektoreko eskaintzak jaso dituela bi dike lehorrak erabiltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu