Navalek bi ferry handi egingo ditu Valentziako konpainia batentzat

Akordioa lortu dute bi aldeek, eta kontratua bi hilabete barru sinatzea espero dute.Gauzatuko balitz, inoiz Euskal Herrian egindako ferryrik handienak izango lirateke, eta 350 milioi jasoko lituzke Navalek

Naval ontziolaren nasak, Sestaon (Bizkaia), artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2015eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Nasak beteta jarraitzeko, kontratu oparo bat ixteko aukera du Navalek. Sestaoko ontziolak akordio bat lortu du Baleariarekin, harentzat bi ferry handi egiteko. Bi hilabete barru itxi nahi dituzte negoziazioak. Gauzatuz gero —eta akordioa iragartzeak hori iradokitzen du—, 350 milioi euro jaso ditzake Navalek itsasontzien truke.

Abuztuaren hasieran BERRIAri emandako elkarrizketan aurreratu zuen Iñaki Irasuegi Navaleko zuzendariak kontratu bat «denbora gutxian» ixteko asmoa zutela. Horren bidez 2018rako eta 2019rako lan karga ziurtatu nahi zutela adierazi zuen. Baleariaren operazioa gertatuz gero, 2018 hasierarako entregatu beharko luke lehen ferrya, eta geroago bigarrena. Lanak datorren urtean dira hastekoak.

Navalek adierazitakoaren arabera, inoiz Euskal Herriko ontziola batean bidaiariak garraiatzeko inoiz egindako itsasontzirik handienak izango lirateke, 225 metro luze eta 30,4 metroko zabal izango liratekeelako.

Badute beste berezitasun bat: gas natural likidotua baliatu ahal izango dute, gasolioaz gain. Horren bidez CO2 isurketak %30 gutxituko liratekeela azaldu du ontziolak. Bi erregai mota darabilten beste bi ontzi egiten ari dira orain Sestaoko nasetan: ferry bat Herbehereetako TESO konpainiarentzat eta itsasoan kableak jartzeko beste bat Belgikako Deme-Tidewayrentzat. Navalek nabarmendu duenez, teknologia horretako ontzi «sofistikatuak» egiteko gai dela erakusten ari da, eta «munduan erreferentzia» bilakatzen ri dela.

Baleariarentzat egin ditzakeen lehen itsasontziak izan daitezke bi ferryak, baina azkenak ez izatea espero du Irasuegik. «Epe luzerako harreman bat nahi dugu Baleariaren neurriko bezero batekin».

Bezero ona izan daiteke Balearia Navalentzat, enpresa handia baita. Balear Uharteak bere artean eta Iberiar Penintsulako portuekin (Bartzelona, Valentzia eta Denia) lotzen dituen konpainia nagusia da, eta Gibraltarko itsasartean ere bi linea ditu, Algeciras Ceutarekin eta Tangerrekin lotzeko. Florida eta Bahamen arteko zerbitzu bat ere ematen du.

Baleariak Denian du egoitza (Alacant, Valentzia), eta gaur egun 24 itsasontzi ditu, eta mila langile inguru. Iaz, 3,2 milioi bidaiari garraiatu zituen.

Baleariaren akziodun nagusi eta presidente Adolfo Utorrek ziurtatu du itsasontzi berriak egitea «gehiago hazteko eta lehiakorrago izateko» modua dela.

Europako Batasunak tax lease finantzaketa sistema zaharra indargabetu ondoren oso urte zailak bizi izan zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolek, baina azken bi urteotan, EBk baimendutako sistema berriarekin, geroa ziurtatzea lortu dute. Aurten dagoeneko sei ontzi itsasoratu dituzte, horietatik hiru uztailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.