Ekonomiaren egoera. BPGa eta zergak

Nafarroan, zerga bilketa %9 igo da urtearen lehen erdialdean

Mikel Aranbururen ustez, 2015ean onartutako zerga erreformaren arrakasta eta ekonomiaren «martxa ona» adierazten dute datuek

Manu Aierdi, Jose Ignacio Oteiza Ulzama Packaging-eko gerente albokoaren azalpenak entzuten atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
«Zerga erreformaren arrakasta adierazten du bilketak». Datuak eskuetan, Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak paparra harrotu nahi izan du. Legealdiko lehen bi urteetan, oposizioak gogor jo du Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 2015eko azaroan onartutako zerga erreformaren aurka. Ondorioak batik bat aurten nabarituko dira, eta, Aranbururen hitzetan, «ondo doa». Iazko datuekin, urtarriletik ekainera bitartean %9 handitu da bilketa: 2016ko errenta aitorpenaren kanpaina amaitu berri, zuzeneko zergen bilketa %16,5 handitu da urtebetean, eta zeharkako zergena %4,6. Aranbururen ustez, datuok Nafarroako ekonomiaren «martxa ona» islatzen dute.

Erreforma ezarri aurreko 2015. urtearekin ere egin nahi izan du alderaketa. Alde horretatik, bilketa %12,8 handitu da. Aranbururen esanetan, «erreforma arduratsua» izan da, eta departamentu guztietan gastu muga handitzeko modua eman du.

Lehen bi urteen azterketa egin zuen atzo, Begoña Urrutia Aurrekontuaren zuzendari nagusiarekin batera. Urrutiaren ustez, emaitza «oso pozgarria» da, Nafarroak finantza egonkortasunerako helburuak bete ahal izan dituelako. «Gizarte gastuaren aldeko politika eramangarria izan daiteke baliabideak modu eraginkorrean kudeatzen badira», ondorioztatu zuen Aranburuk.

Standard & Poor's agentziak zorra itzultzeko ahalmenarenkalifikazioa hobetu dio Nafarroari: egonkorra izatetik positiboa izatera pasa da. Iazko martxoan, berriz, hamar urterako zorra inoizko interes tasa apalenean (%1,59) merkaturatu zuen foru erkidegoak, eta hogei milioi euro aurreztu. Hala, bi urteotan ustekabeei ere aurre egin behar izan diete, eta UPNren gobernuen gestioak eragindako zuloak estaltzeko iaztik 114 milioi euro jarri behar izan ditu exekutiboak.

Gainera, konpondu gabeko gatazka handi bat du Ogasun departamenduak. 2015etik 2019rako ekarpenaren kalkulua oraindik ez dute hitzartu Espainiako eta Nafarroako gobernuek. Madrilek azken bi urteetan dagokiona baino diru gehiago erreklamatu dio Nafarroari. Bi urte pasako atzerapenaren ostean, otsailean hasi zituzten lehen bilera teknikoak bi aldeek. Aranburuk atzo azaldu zuen negoziazioak bide onetik doazela, «ustekabe handirik gabe». Oraindik hainbat kontu solte geratzen direla gaineratu zuen: «Udan, logikoki, elkarrizketak eten dira, baina oporretatik itzulita albiste onak izango ditugulakoan nago».

Aierdiren bisita

Ekonomia bide onetik doala adierazten du zerga bilketak, baita enpresen inbertsioek ere. Hain zuzen ere, aurten inbertsio garrantzitsua egin du Ulzama Packaging enpresak eta haren instalazioak bisitatzen izan zen atzo Manu Aierdi Nafarroako Garapen Ekonomikoko lehendakariordea.

Ulzama taldeak 5.000 metro koadroko instalazioa inauguratu du berriki, eta, Alemaniako makineria erosi ostean, bertan paketatzeko negozio atal berria ezarri du. Lehen urtean, negozio adar horrek 1,5 milioi euro fakturatu ditu, eta ia %46 esportatzen du, batik bat Frantziara. Enpresaren asmoa da etorkizun hurbilean hogei lanpostu inguru sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.