Nafarroan, tentsio handiko eremuetan %50eko kenkaria ezarriko diete etxebizitza alokatzen duten jabeei

Gobernu kontseiluak lege proiektua onartu du, eta parlamentuan aurkeztuko du. Hainbat kenkari proposatu ditu, tartean hilean 1.035 euroko pentsioa bermatuko duena.

Iruñean, Salesianos plazaren inguruan eraikitzen ari diren etxeak. AITOR KARASATORRE / FOKU
Iruñean, Salesianos plazaren inguruan eraikitzen ari diren etxeak. AITOR KARASATORRE / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2024ko azaroaren 6a
15:10
Entzun

Aurrekontuen ondotik, zerga neurriak. Nafarroako Gobernuaren Kontseiluak gaurko saioan zerga neurrien inguruko lege proiektua onartu du, eta parlamentuan aurkeztuko du, bere bidea egin dezan. Abenduaren 19ko osoko bilkuran eztabaidatuko dute. Aurkeztutako neurri sorta aurrera ateraz gero, 220 milioi euro gutxiago bilduko dira, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak zehaztu duenez.

Neurri nagusietako bi aurrera ateratzea ziurtatua du gobernuak. Lehenik, 1978a baino lehen mutualitateei ekarpenak egin eta egun erretiratuta daudenei dirua itzuliko zaie. Auzitegi Gorenaren epaiak ebatzi zuen 2020tik aurrera gehiegi zergapetu zaiela, eta hori zuzentzeko legea aho batez onartu zuten Nafarroako Parlamentuan duela aste batzuk. Lege horren babesean, orain, errenta zerga aldatuko da: 2020tik 2023ra bitartekoa kolpean itzuliko zaie «ezohiko ekarpen baten bidez», eta hemendik aurrera araudia moldatuko da. Ondorioz, 150 milioi euro gutxiago bilduko ditu Ogasunak.

Bestetik, iragan astean EH Bildurekin hitzartutako akordioan jaso zenez, 1.035 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko da Nafarroan kenkari bidez. Hala, egungo gutxieneko pentsioa hilean 898 eurokoa bada, tarte horretan kobratzen duten alargunek zein langile erretiratuek 1.035 euro ziurtatuko zaizkie —14.490 euro urteko hamalau ordainketak batuta—. Koalizio abertzalearen babesa izanda, neurri hori aurrera aterako da.

Beste neurriei dagokienez, ikusi beharko da zer babes lortzen duten Nafarroako Gobernua babesten duten hiru alderdiek —PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak—. Arastik zehaztu du hainbat sektorerekin antolatutako mahaietatik ateratako proposamenak direla. 

Etxebizitzaren arloan, jabeen errendimenduaren gaineko kenkariak aplikatu nahi ditu gobernuak. «Bizilekurako alokairua erraztu nahi dugu, turismorako sasoiko alokairuaren edo logelen alokairuaren gainetik». Tentsio handiko eremuetan errendimenduaren gaineko %50eko kenkaria aplikatuko da. Nasuvinsa sozietate publikoaren etxebizitza poltsan sartzen direnentzat handiagoa izango da kenkaria. Ez zaie mugarik ezarriko etxe jabeen errentari. «Tentsio handiko eremuetan bizileku diren etxebizitza guztiei aplikatuko zaie. Nafarroako Gobernuaren alokairu erregistroan egon beharko dute izena emanda», zehaztu du. 

«Bizilekurako alokairua erraztu nahi dugu, turismorako sasoiko alokairuaren edo logelen alokairuen gainetik». 

JOSE LUIS ARASTI Ekonomia eta Ogasun kontseilaria

Galdetu zaio ea neurri horrek ez ote duen etxebizitzen erosketa bultzatuko gero inbertsiorako erabiltzeko. Ukatu egin du hori Arastik: «Alokatzeko arazo bat dagoela ikusirik, merkatuan etxebizitza gehiago azaleratzea nahi dugu, eta nahi genuke pizgarri horien bidez jabeentzat interesgarri izatea».

Lehen sektorearen negoziazio mahaitik hainbat proposamen atera dira, eta lege proiektuan jaso. Neurri guztiak 2025ean indarrean sartuko badira ere, laborantzarentzako laguntzek atzerako eragina izango dute. Besteak beste, Feaga landa garapeneko funtseko laguntzei %100eko kenkariak ezarriko zaizkie. Orotara, zazpi milioi euroko kostua izango du lehen sektoreko laguntza horiek guztiak Ogasunarentzat.

Halaber, kenkarien bidez garraio elektrikoa sustatzen jarraituko du gobernuak, ibilgailu elektrikoak eta hibrido entxufagarriak erosteko eta kargalekuak ezartzeko. Gainera, sozietate zergan ikus-entzunezkoen sektorea erakartzeko neurri gehiago ezarriko ditu. 

Geroa Bairen proposamena

Urte politikoaren hasieran, Geroa Baik aurreratu zuen lan errentei eta autonomoei errenta zerga arintzeko asmoa zuela. Alta, lege proiektuak ez du horrelako neurririk proposatu. «Proposamen horiek mahai gainean daude. 2025eko diru sarreren aurreikuspenen arabera eta 2026ko aurreikuspen ekonomikoaren arabera, ikusiko dugu zenbateraino egin dezakegun aurrera arlo horretan», aipatu du. 

Errenta zergan tarifa deflatatzeko aukerari buruz ere galdetu diote Arastiri. «Oraingoz ez da egingo. Urte honetarako ezarritako deflatazioak datorren urteko kanpainan eragingo du. Hortaz, datorren urtean denbora edukiko genuke, behar izanez gero, aplikatzeko, ez bailuke eragingo 2026ko kanpainara arte». 

Proposatutako neurriak

  • Etxebizitza. Tentsio handiko eremuetan etxea alokairuan jartzen duten jabeei etekinaren gaineko %50eko kenkaria. Nasuvinsaren poltsan sartzen direnentzat, %70ekoa; eta, %90ekoa, baldin eta tentsio handiko eremuan egonez gero.
  • Lehen sektorea. Feaga funtsetako laguntza ez da zergapetuko —orain arte %50eko kenkaria aplikatu da—. 20.000 eurotik beherako Feader funtseko laguntza zuzenak ez dira zergapetuko 20.000 eurotik behera —ekoerregimenen kasuan ez da diru mugarik aplikatuko, eta ez dira zergapetuko—. Diru sarrerak estimazio zuzen berezi bidez egiteko aukera izango dute 350.000 eurotik beherako errenta duten laborariek —300.000 eurokoa da egungo muga—.
  • Garraio elektrikoa. Ibilgailu elektrikoei kenkaria aplikatzeko muga 32.000 eurotik 35.000 eurora handituko da. 12.000 eurora arteko laguntza jaso dezakete erosleek. Potentzia handiko kargalekuetarako kenkariak.
  • Enpresak. Transmisio bidez lortutako etekinak ez dira zergapetuko baldin eta berriro inbertitzeko baliatuz gero.
  • Ikus-entzunezkoak. Egun indarrean diren kenkariak hobetuko dira, inbertsioa erakartzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.