Nafarroan sendo handitu da ekonomia, baina azken hiruhilekoan indarra galdu du

Nastat estatistika erakundearen arabera, %2,7 handitu da BPGa. Azken hiruhilekoan, behera egin dute industriaren jarduerak, inbertsioek eta esportazioek, eta urte osoko hazkundea apaldu dute: %0,5

Gestamp enpresa. JESUS DIGES / EFE
Gestamp enpresa. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2025eko urtarrilaren 29a
11:30
Entzun

Urte osoan sendo ibili, eta sendo amaitu zuen Nafarroako ekonomiak 2024a. Nastat estatistika erakundeak aurreratutako datuaren arabera, %2,7 handitu zen jarduera, urte hasieran aurreikusitakoaren oso gainetik. 

Dena den, aldeko haizeak indarra galdu du. Izan ere, hirugarren hiruhilekoko datuei erreparatuz gero, goranzko joera apur bat apaldu egin da. Urtearteko tasan, %3,1etik gorako erritmoan hazten ari zen udazken hasieran, eta, azkenean, 2023ko azken hiruhilekoarekin alderatuta, %3ko hazkundea izan du.

Hiruhilekotik hiruhilekorako datua are esanguratsuagoa izan da, %0,5 hazi baita, tinko, baina jarduera moteltzen ari den seinale da. Izan ere, aurreko bi hiruhilekoetan %0,8 eta %0,7ko erritmoan hazi zen hurrenez hurren, eta, ondorioz, orain beste bizpahiru puntu apaldu zen urritik abendura bitartean. 

Nafarroako industriaren merkatu nagusiak Europako ekonomiarik handienak dira. Espainiakoan salbu, gainerako herrialdeetan, batik bat Alemanian, hazkundea ahul dago, eta horren ondorioak nabaritu ditu industriak. Nastaten arabera, aurreko hiruhilekoetako dinamismoa galdu du apur bat. Kontsumoaren arloan, berriz, inbertsioak eta esportazioak leundu egin dira, jarduera moteltzen ari den seinale.

Dena den, Hego Euskal Herriko beste lurraldeekin alderatuta, azkarrago hazten ari da oraingoz ekonomia. Eustatek aurreko astean aurreratu zuenez, iaz %2,1 handitu zen ekonomia, Eusko Jaurlaritzak iragarri baino gehiago.

Antzera gertatu zaio Nafarroako Gobernuari. Iragan urte amaieran egindako aurreikuspenen oso gainetik ibili da jarduera ekonomikoa. Hasieran, %1,5eko hazkundea espero zuen; gero, %2,1era igo zuen, eta, azkenean, beste sei puntu handitu da. Erakunde nagusien aurreikuspen ekonomikoak gainditu egin ditu Nastat-ek egindako lehen estimazio horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.