Josu Sanchez. Elkargiko presidentea

«Nafarroan gaude jadanik; zergatik ez gara Iparraldera hedatuko?»

Soldata igoera «beharrezkoa» ikusten du Sanchezek, «baina trebakuntzari eta produktibitateari lotua». Sozietate zergaren tasa igotzea sutsuki baztertu du, eta ohartarazi du kanpoko ziurgabetasunak euskal industriarentzat handiak direla.

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Gasteiz
2017ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Elkargik eta Nafarroako enpresariek harremanak estutu dituztela dio elkarrekiko berme elkarteko presidente Josu Sanchezek (Gasteiz, 1953). Oinarrirekin egindako bat egitearen osteko lehen Batzar Orokorra egin zuten atzo.

Elkargi eta Oinarriren bat egitearen emaitza herrialdearentzat ona dela diozu. Zergatik da ona?

Nondik gatozen azaltzea ezinbestekoa da hori ulertzeko. Elkarrekiko berme elkarte bi zeuden jomuga eta helburu bertsuekin. Bizi garen herrialde txiki honetan ez zen bientzako lekurik.

Lehia ez zen ona?

Nahiz eta Oinarri batez ere kooperatibekin eta autonomoekin aritu eta, gu, berriz, enpresa ertain eta txikiekin, lehia bazen. Hala ere, bada beste aldagai bat: Oinarrik lan handia egiten zuen Mondragoneko kooperatibekin, eta Espainiako Bankuak erabaki zuen harreman hori korporazioarekin zela, eta arazoak jarri zituen. Oinarriri hegoak ebaki zizkioten, nolabait esatearren. Ez dauka zentzurik, Mondragoneko kooperatiba bakoitzak bere eltzea prestatzen duelako.

Oraindik ez didazu esan zergatik den ona Elkargi berria herrialdearentzat.

Elkargi bazen lehendik Estatuko lehen elkarrekiko berme elkartea, bai operazio kopuruan, bai beste aldagaitan. Bada, orain sinergiak eta borondateak batuz, herrialde proiektu bat egin dugu. Tresna berri honekin indar handiagoa izango dugu Cersarekin negoziatzeko, eta hori oso ona da gure enpresentzat. Gure jarduna arautzen duena da Cersa. Guk bermea ematen diegu enpresei, baina aldi berean guri ere bermea ematen digute administrazioek.

Azkenean bigarren sare batekin aritzen zarete orduan?

Horrela esan nahi baduzu, aurrera, baina proiekturen batek huts egiten duenean, sare horrek bakarrik galeraren %50-60 salbatzen du. Jaurlaritza ere eskuz esku aritzen da gurekin, eta hark ere %25 inguru birbermatzen du.

Zer gertatzen da banku bat kontu eske joaten zaizuenean?

Elkargik pagatu egiten duela, besterik gabe; hor dago gure kaudimen gaitasuna: 107 milioi euroko funts propioak dauzkagu.

Eta bigarren sarea jarri dutenek?

Cersak %50 inguru jartzen du, eta Eusko Jaurlaritzak bere zatia.

Zenbat galtzen du Elkargik?

%30 inguru. Gu ez ginen aberasteko helburuarekin jaio; hori ulertu behar da lehenik eta behin.

Zertaz bizi zarete? Bat egiteak lanpostu guztiei eutsi diela diozue, 70 bat.

Enpresa eta bankuen artean sinatzen ditugun operazioen %1eko komisioa jasotzen dugu.

Ematen du Cersak eta Jaurlaritzak konfiantza handia dutela zuengan. Edonork ez du lortuko Elkargiren bermea, noski?

Operazioak zorrotz aztertzen ditugu. Baditugu porrot egindako proiektuak, baina orain geroz eta gutxiago dira , berankortasunaren jaitsierarekin batera.

Bankuek errazago ematen diote mailegua enpresari Elkargi atzean badago?

Jakina, Elkargiren zigilua edukitzeak lasaitasuna ematen die. Gu enpresa eskatzailera joaten gara, barrutik ezagutzera. Enpresa mailako bideragarritasuna aztertzen dugu, ez finantza mailan soilik. Hori ezin da egin ezagutzarik gabe. Enpresariak gara, eta badakigu zertan gabiltzan.

Beltzezko gizonak ere bazarete, hein batean?

Baina guk lagundu egiten dugu, argi. Ez dugu berme bat ematen besterik gabe; aztertu eta aholkatu egiten dugu; proiektu bat bideragarri izan daitekeen ala ez aurreikusten dugu. Batzuetan mailegua ez eskatzeko esaten diegu, ez delako beharrezkoa neurri batzuk hartuz gero. Edo alderantziz, gehiago eskatzeko esaten diegu.

Iruñean ere baduzue bulegoa, Sonagar elkarrekiko berme elkarteak han diharduen arren. Nola ikusten du CEN patronalak zuek Nafarroan sartzea?

Oso harreman ona daukagu; aurten, %30 inguru hazi gara Nafarroan. Elkarrekiko berme elkarteak ondo aritzeko neurria eta babesa izan behar dute. Sonagarren gaitasunak ez dauka zerikusirik gurearekin.

Beste liga batean jokatzen du?

Bai, beste liga bat da.

Nafarroako egungo gobernuak begi onez ikusten du Elkargi Nafarroan aritzea; eta aurrekoak?

Tira, ni Yolanda Barcinarekin egon nintzen, eta itun batzuk egin genituen. Azkenean, enpresei laguntzeko oztopoak jartzen hasteak ez du zentzurik.

Baina Elkargik ez die laguntza ematen Errioxako edota Burgosko enpresei. Egitura hori ez dago patronalei begira, ordea. CEN ez dago Confebasken, alegia.

Horrela da, baina hurbiltze garrantzitsu bat egon da azken hilabeteetan. Pio Agirre gure zuzendaria Nafarroako enpresarien batzar batean egon berri da, eta oso giro ona dago. Haiek ikusten dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresariek duten tresna ahaltsua, eta hura baliatzea komeni zaiela argi daukate. Eta gauza bat esango dizut: Iparraldean ere antzekoa gertatzen da.

Zer esan nahi duzu?

Zergatik ezin dugu gure zerbitzua Iparraldera hedatu? Badakigu Frantzian elkarrekiko berme elkarteak badirela, eta gu baino lehen sortuak, baina ez dizkiogu zertan mugak jarri gure buruari. Baionako edota Miarritzeko enpresak laguntzeko prestasun osoa daukagu, beste kontu bat da agian zerga esparruan oztopoak egon daitezkeela. Zaragozan eta Logroñon ere izan genituen bulegoak. Baina Elkargi da euskal elkarrekiko berme elkartea, hori garbi daukagu.

Inoizko diru merkeenarekin finantzaketa iturria zabaldu egin da. Zorroztasuna gal dezakezue halako egoera batean?

Ez; ez dugu sekula sinatuko inongo bankurekin enpresarentzat baldintza onenak ez direnak. Ez dugu zertan sinatu abusuzko baldintzarik. Edo hobe esanda: ez dugu sinatuko enpresarentzat egokiena ez den ezer. Bankuek iraganeko mailegu errazegiak emateko arriskua badago.

Suspertzeak Elkargiren operazio kopurua txikitu du?

Handitu egin du, eta operazioen mamia aldatu da: inbertsiorako mailegua hazi egin da. Eskatzen diren hamar mailegutik hiru inbertitzeko dira; suspertzearen seinale da hori.

%2,5eko hazkunde aurreikuspena dago EAErako. Ez ote da azkenean handiagoa izango?

Kanpo merkataritza eta barne kontsumoa indartzea da gakoa, eta kontsumoa sendotzen ari dela ematen du.

Barne kontsumoa benetan sendotu daiteke soldatak igo gabe?

Ez du ematen, baina Euskadiren egoera oso bestelakoa da Estatuarenarekin alderatuta. Hobeto gaude. Soldatak hobetu behar direla argi dago, baina horrek ezin du eragin arrisku bat enpresen iraupenerako. Soldatak igotzearekin batera, lehiakortasuna, trebakuntza eta produktibitatea igo behar dira.

Zer diozu ahalezko zerga erreforma bati buruz? Sozietate zergaren tasa handitu behar da?

Inolaz ere ez. Gutxiago bildu da, baina ez ahalegin fiskala txikitu delako, enpresen irabaziak txikitu direlako baizik. Marjin gabe ari gara, hori da benetako arazoa. Ulergaitza izango litzateke enpresei karga handitzea, errentagarritasunean oso era negatiboan eragingo bailuke horrek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.