Urtea hasi denetik lau langile hil dira Nafarroan, eta horietatik hiru errepidean hil dira. Lan istripuen errealitate beltza ikusita, lanerako edo etxerako bidean hiltzen direnen egoerari eta baldintzei erreparatu nahi izan diete LAB, CGT, Steilas, ESK, Hiru eta EHNE sindikatuek, Iruñean eskainitako prentsaurrekoan.
Aurtengo lehen istripuen datuez harago, 2021eko kasuistika ekarri dute gogora. Urte hartan izandako lan istripuen erdiak errepidean gertatu ziren, eta kasu haietako bati erreparatu nahi izan diote: Zarrakastelun, landa eremuan bizikletan lanera zihoala, migratzaile batek bizia galdu zuen. Hala, prekaritatearen eraginez, langileek ibigailu eskasak dituzte, eta garraio publikoa ez dago haien beharretara egokituta.
Zergatiei begira, gogora ekarri dute jarduera ekonomikoa Iruñean zentralizatuta dagoela, funtzio publikoko langileen artean desplazamendua arrisku ez-erabakigarritzat jotzen dela, oro har langile bakoitzak kilometro andana egin behar izaten dituela urtebetean, enpresek ez dutela etxetik lan egitea errazten eta errepideko istripuak ez direla lan istriputzat jotzen. Errepideen egoera ere arrisku faktoretzat jo dute.
Hala, Nafarroako Gobernuari galdegin diote berehalako neurriak har ditzala langileen desplazamenduak murrizteko. Besteak beste, sindikatuen aburuz, jardunaldiaren baitan etxetik lan egin ahal izateko modua eman beharko litzateke, astean bi egunez kasurako. Funtzio publikoan mugikortasuna arriskutzat jo dadila ere eskatu dute.
Mugikortasun planei dagokienez, gogora ekarri dute enpresek arrisku ebaluazioa egin beharko luketela langile bakoitzaren desplazamendua aztertuz, eta neurriak proposatu. Iraganean, legeak behartu egiten zituen langileen ordezkariak plan horren lanketan parte hartzera, baina Mariano Rajoyren gobernuak betebehar hori ezabatu zuen. Geroztik ez da aldatu hori. Sindikatuek salatu dute Gizarte Segurantzako kotizazioak murrizteko egiten dituztela enpresek plan horiek, baina egiazko neurririk hartu gabe. Hala, galdegin dute plan horiekin lan arriskuko ordezkariekin eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasunaren Institutuko teknikariekin batera egitea.
ELAk elkarretaratzea
11:00etan, ELAk deituta, elkarretaratzea egin dute Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean. Errepideko istripuak alde batera utzita, sindikatuak gogora ekarri du Arriben langile bat hil zela etxebizitza bateko estalkia eraberritzen ari zela, erorita. Gainera, azaroa eta abendua bitartean Nafarroan hildako langile gehienak ere toki garai batetik erorita zendu ziren. Hala, sindikatuak salatu du egoera horren atzean «patronalaren zigorgabetasuna eta erakundeen konplizitatea» daudela. ELAren ustez, enpresek 30 urte daramate legea bete gabe, eta erakundeak beste aldera begira egon dira. «Nafarroan, istripu hilgarrien eta larrien erdiak segurtasun neurrien faltagatik gertatzen dira, eta lan ikuskaritza kolapsatuta dago langile faltagatik».
Gobernuari eskatu diote utz dezala arlo horretan sustatzen duen elkarrizketa soziala, ez delakoan eraginkorra, eta galdegin diote diru publikoa lan ikuskaritza sendotzera bideratu dezan, Europako jarraibideekin bat eginez. Arlo horretan Nafarroak eskumen osoa izatea ere exijitu dute.