Nafarroako negoziazio kolektiboaren egoerak ez du zerikusirik Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeek dutenekin. UGTk eta CCOOk harreman estua dute CEN patronalarekin, eta horren erakusle da 2017ak utzi dituen zenbakiak: sektoreko 22 itun egin dira, ia 97.000 langileri eragiten dietenak; gainera, enpresako beste 117 akordio egin dituzte, eta horiek 12.783 langile babestu dituzte. «Nafarroa da negoziazio kolektiboaren liderra», esan zuen Jesus Santos UGT-Navarrako idazkari nagusiak, atzo. Eta helarazi nahi zuen mezuaren inguruan zalantzarik gera ez zedin, sindikatu abertzaleei erreparatu zien, eta esaldi deigarria osatu zuen: «ELAren eta LABen demagogiaren aurrean, UGT eta CCOO gara langileen interesak defendatzen ari garenok».
Negoziazio kolektiboan bi sindikatu horien sinadurek ekarritako «onurak» azaldu zituen. Batez besteko soldata igoera %1,9koa izan da 2017an, eta batez besteko lanaldia 1.710,5 ordukoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa baino luzeagoa da lanaldi hori, Bizkaian eta Gipuzkoan itun sektorialak apenas berritzen diren arren. «Erradikalismo eta demagogia txikiagoa behar dugu, eta ardura eta konpromiso handiagoa», esan zuen Santosek, berriro sindikatu abertzaleei erreparatuz.
UGT eta CCOOren batuketa dagoeneko ez da iristen ordezkaritzaren %50era. %55,59 zuten 2010ean, eta zazpi urte geroago, apenas gainditzen duen %49a. Sindikatu abertzaleak ordezkaritza handitzen ari dira urteotan, eta arriskuan jar dezakete UGT-CCOOren gaitasuna negoziazio kolektiboa nahieran kudeatzeko.
Enplegu plana
Uxue Barcos Gobernuko presidentearentzat ere izan zuen mezurik Santosek. Enplegu plana «teknikoki kasik egina» dagoela esan zuen, baina «izozturik» dagoela, «laukoaren alde intransigenteenaren presioengatik». ELArentzat, Enplegu plana «sare klientelar bat finantzatzeko tresna» dela jakina da, eta UGTk uste du Gobernuaren zati batek ez duela akordiorik nahi.
«Nafarroan, CCOO eta UGTk defendatzen ditugu langileak»
UGT-Navarrako idazkari nagusiak Enplegu plana gauzatzeko eskatu dio Uxue Barcosi. Jesus Santosek dio Nafarroa dela negoziazio kolektiboaren «liderra»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu