Astelehenean hasiko da Nafarroako errenta kanpaina, eta aurtengoan ogasunak 221.894 proposamen bidaliko ditu. Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Oscar Martinez de Bujanda Foru Ogasuneko zuzendari nagusiak aurkeztu dituzte kanpainaren nondik norakoak. Ekainaren 26ra arte iraungo du.
Bidaliko diren proposamenen %64ri dirua itzuliko die ogasunak: zehazki, 173 milioi euro. Gainerakoek, berriz, ordaindu egin beharko dute —54 milioi euro, orotara—. Kanpainaren inguruko xehetasunen berri emateko webgune berezi bat sortu du Nafarroako Gobernuak, ele bitan.
Araudian, hiru aldaketa esanguratsu daude. Batetik, tarifaren %3ko deflatazioak 24 milioi euroko kostua izango du gobernuarentzat, zergadunen alde. Bigarrenik, kenkari pertsonalak eta familiarrak %3 handitu dira, eta beste horrenbesteko kostua izango du igoera horrek ogasunarentzat —25 milioi euro ingurukoa, alegia—.
62.000 onuradun
Alta, aldaketarik nabarmenena mutualistei itzuli beharreko diru kopurua da —145 miloi euro inguru—. 1978a baino lehen mutualitateei ekarpenak egin eta egun erretiratuta daudenei dirua itzuliko die ogasunak. Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak ebatzi zuen 2020tik aurrera gehiegi zergapetu zituztela, eta oraingo kanpainaren bidez 2020tik 2023ra bitartekoa jasoko dute, kolpean. Arastiren arabera, 62.000 onuradun daude. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jada itzuli diete diruaren zatirik handiena mutualistei: 800 milioi euro inguru.
Apirilaren 15etik aurrera, aitorpena egiteko ordua hartu ahalko da Ogasunaren Iruñeko, Lizarrako, Tafallako, Tuterako eta Doneztebeko bulegoetan. Berez, Aste Santu ondoren, apirilaren 22tik aurrera, egin ahalko da aurrez aurreko bilkura hori. Horrez gain, maiatzaren 2tik aurrera ogasunarekin lan egiten duten erakundeen bitartez ere egin daiteke aitorpena.