Nafarroako Volkswagenek aurrera jarraitzen du Landabengo fabrika auto elektrikoen produkziora egokitzeko lanetan. Bide horretan, modelo elektrikoak ekoitziko diren nabea zabaltzeko lanak amaitu berri ditu. Orotara, 59,2 milioi euro inbertitu ditu talde alemaniarrak: 19,2 milioi euro obra zibilean, eta 40 milioi produkzio baliabideetarako.
Prentsa ohar batean jakinarazi dute pabiloiak 5.390 metro koadro hartzen dituela. Behin zabaltze lanak amaituta, txapa lantegiak orotara 37.390 metro koadro izango ditu. Eraiki berri den partean ekoitziko dira modelo elektrikoak; VW eta Skoda markakoak, alegia.
2023ko ekainean hasi ziren lanak eta iragan urtarrilean amaitu. Aurrez txapa lantegian zeuden 873 robotei beste 173 gehitu zaizkie orain. Datozen hilabeteetan beste 623 robot jartzea espero da.
Oharrean, Amaia Goroskieta azpiegitura arduradunak nabarmendu du «erronkarik handiena» izan dela lanak egin bitartean kalterik ez egitea ohiko produkzio eta logistika lanei.