Nafarroako udalek superabita gastatzeko eskubidea galdegin dute

Madrili dirua ez uztea adostu dute Udal eta Kontzejuen Federazioan. Egonkortasun legea indargabetzeko eskatu dute UPNk ez beste denek

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Nafarroako udalek ez diote Espainiako Gobernuari utziko beren superabita. Hala adostu zuten atzo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren batzorde exekutiboan. Espainiako Gobernuak errege dekretu bat aurkeztu du; horren arabera, udalek Madrili mailegatu ahal dizkiete euren soberakinak —ez daude behartuta horretara— datozen hamar-hamabost urteetan, eta, trukean, Madrilek bankuek baino interes handiagoak emango dizkie. Nafarroako udalen elkarteak, baina, baztertu egin du proposamena, eta harago jo du: Aurrekontu Egonkortasunaren Legea indargabetzeko eskatu du.

Arau hori dela eta, superabita izatera behartuta daude udalak, baina ezin dute erabili aparteko diru hori euren ohiko gastuak handitzeko; erabiltzekotan, zorra ordaintzeko erabili behar dute, edo bankuetan gordetzeko. 2012an PPren gobernuak onartutako lege hori baliatu nahi du orain Pedro Sanchezenak bere diru sarrerak handitzeko eta COVID-19aren krisi ekonomikoaren zuloa txikitzeko —EspainiakoBPGaren %0,4 izango litzateke udalen superabita: 25.000 milioi euroko poltsa, eta beste 5.000 milioi urtean—. Baina egitasmoak hautsak harrotu ditu.

Alderdi sozialistakoak ez beste alderdietako udalak ez daude ados, eta are gutxiago egungo egoeran: uste dute diru hori beharrezkoa izango dutela krisiaren ondorioei aurre egiteko, eta, dirua Madrili ez uzteaz gain, diru hori eurek erabiltzeko aukera izan nahi dute.

Baina, horretarako, egonkortasunaren legea indargabetu beharko litzateke. Hego Euskal Herrian horren aurka argien mintzatu den erakundea Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa izan da. Baina adostasuna ez da erabatekoa izan. UPNkoak Madrili dirua uztearen aurka azaldu dira, baina ez dute legea indargabetu nahi.

Madrilek uste du gobernua «higatzeko kanpaina» bati erantzuten diola PPren eta haren kide diren alderdien jokaerak. Legea indargabetzea eskatu dutenei erantzunez, berriz, argudiatu du ez dela horretarako garaia eta berak pentsatutako irtenbidea «eraginkorragoa eta azkarragoa» dela;gogoratu du legea bertan behera uzteko prozesua «konplexua eta luzea» izan daitekeela, Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluari ere eragiten baitio, eta uste du Bruselan ez luketela «ondo ulertuko» hori orain egitea —Europak behartuta aldatu zuten konstituzioko artikulua, eta hala egin zuten egonkortasun legea, 2008ko krisi ekonomikoaren garaian—. Pedro Sanchez gobernuburuak atzo azaldu zuenez, lege horrek «behartzen» duelako egin du bere proposamena, eta, «oso ona» dela uste duen arren, prest azaldu zen udalekin beste akordio bat egiteko .

«Eskumen historikoak»

Egonkortasunerako legea indargabetzeko aukera, baina, ez zuen aipatu Sanchezek. Arau horrek erakunde guztiei eragiten die, baita Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiei ere. Dena den, instituzio horiek legearen puntu batzuk negozia ditzakete Espainiarekin: defizit muga, esaterako. Udalak ez bezala, ez daude behartuta superabita izatera; zorpetu daitezke, baina Madrilek ezartzen die zenbat, eta urtero adosten dute hori —orain arte, gainerako erkidegoen defizit bera edo oso antzekoa izan da—.

Uztail honetan eginiko negoziazioetan, lortu dute muga horiBPGaren %2,6 izatea Eusko Jaurlaritzarentzat eta %2,5 Nafarroako Gobernuarentzat, eta hitzartu dute egoera ekonomikoa asko okertuz gero muga berriak finkatuko dituztela. Horrez gain, hiru aldundiek, «lehen aldiz historian», defizita izateko eskubidea izango dute.

Udalen kasuan, berriz, diputazioek adierazi dute dirua Madrili mailegatzeko neurriak ez duela eraginik izango hiru lurralde horietan, eta, beraz, ez dutela beteko, eta ohartarazi dute horri lotutako edozein erabaki Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan adostu beharko duela Madrilek haiekin. Nafarroako udalek ere lurraldeko gobernuari eskatu diote «behar beste ekintza abiarazteko» tokiko erakundeen autonomia ekonomikoa babesteko, «Nafarroaren eskumen historikoak eta haren foru araubideak kontuan hartuz».

Madrilek udalen dirua jasotzeko egin duen dekretua onartu nahi badu, Espainiako Kongresuaren babesa jaso beharko du, eta, orain arteko jarrerak ikusita, oso zaila du hori. Hala, udalekin beste testu bat adostea edo dekretua lege proiektu gisa tramitatzea aztertzen ari da, taldeek zuzenketak aurkezteko aukera izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.