Nafarroako ubidea, EBren dirua jasotzeko hautagaia

Nafarroako Gobernuak elikagai industria ere sartu du funtsak jasotzeko lehen zerrendan

LANDER FDEZ. ARROYABE / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nafarroako Gobernua ez da salbuespena izan, eta bere azpiegitura proiektu handiena sartu du Europako Batasuneko dirua jasotzeko hautagaien artean: Nafarroako ubidea. «Baliabide hidrikoak arrazionalizatzeko ekosistema» da ubidea, Maria Txibite Nafarroako lehendakariaren hitzetan.

Geroa Bairen galdera bati erantzunez, Nafarroako Gobernuak prestatu duen lehen zerrenda bateko proiektu batzuk aipatu ditu Txibitek, parlamentuan. Nafarroako ubidearekin batera, Iruñeko gobernuak Next Generation planeko dirua eskatuko du Berrikuntza Digitaleko Polo bat sortzeko. Lurraldeko enpresen eraldaketa digitala laguntzeko gune bat izango litzateke, eta bete-betean bat egingo luke EBren asmoekin, Interneten erabilera zabaltzea baita funtsen helburuetako bat, trantsizio energetikoa sustatzearekin batera.

Gobernuaren hirugarren proiektu kuttun bat Ebro Food Valley izenekoa da, batik bat Erriberan biltzen den elikagai industria indartzeko saio bat.

Etxebizitza parkea eta hondatutako zenbait eremu berritzeko,laguntzak ere eskatuko ditu Nafarroako Gobernuak. «Nafarroako Green Deal» ere aipatu du Txibitek, energia berriztagarriak sustatzeko ekinaldi publiko-pribatu bat.

Hidrogeno berdea

Enpresa pribatuek aurkeztutako proiektuak ere izango dira Nafarroaren lehen zerrendan. Horien artean daude hidrogeno berdea ekoizteko proposamen bat—energia berriztagarriek sortutako hidrogenoa—, eta eraikuntzan material berriak sustatzeko beste bat.

Proiektu horiek eta beste batzuek osatuko du te Nafarroako Gobernuak Espainiakoari bidaliko dioten lehen zerrenda bat, eta hori da Europako Batzordeak jasoko duena datorren astean, Madrilek bere suspertze plana aurkezten dionean. Baina Bruselak plan hori ontzat hartuz gero, proiektu gehiago aurkezteko aukera izango dute Nafarroak eta beste euskal erakundeek.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak zeresan handia izango du diruaren banaketan, Moncloako bere bulegotik gidatuko dutelako proiektuen kudeaketa eta erabileraren gaineko kontrola.

Sanchezek arauak aldatuko dituela agindu du, burokraziak EBren diruaren erabilera oztopa ez dezan. Nafarroan ere gauza bera egiteko eskatu dio gobernuari Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak. Txibitek erantzun dio aztertzen ari direla trabak non sor daitezkeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.