Nafarroako Parlamentuak ez du tramiterako onartu gutxieneko soldatari buruzko herri ekinaldi legegilea

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak atzera bota du eskaera, lurraldeak horri buruz arautzeko eskumenik ez duela ebatzita. Sindikatuek zehaztu dute eskumen hori izatea eskatzen zuela ekinaldiak. Apirilaren 14an mobilizazio bat egingo dute.

Sindikatuen gaurko agerraldia. ELA
Sindikatuen gaurko agerraldia. ELA
joxerra senar
2025eko martxoaren 5a
12:57
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur eman dute horren berri sindikatu abertzaleek. Gutxieneko soldata propioari buruzko herri ekinaldi legegilea atzera bota du Nafarroako Parlamentuko Mahaiak. Zerbitzu juridikoek ondorioztatu dute Nafarroak ez duela eskumenik auzi hori arautzeko. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek zehaztu dute proposamenak ez duela hori aldarrikatzen. Aitzitik, haien ikuspegitik, helburua da Nafarroako Parlamentuak auziari buruz eztabaidatzea eta hura arautzeko eskumena eskatzea Espainiako Gorteei. Horregatik, Auzitegi Konstituzionalera joko dute mahaiaren erabakiaren kontra.

Egoera paradoxikoa sortu da, Eusko Legebiltzarrean tramiterako onartu baita eskaera bera egiten duen herri ekinaldi legegilea; Nafarroan, aldiz, ez. Zerbitzu juridikoen txostena esku artean, Parlamentuko Mahaiak ez zuen bozkatu ere egin —UPNk bi kide ditu, eta Geroa Baik, PSNk eta EH Bilduk bana—, eta zuzenean atzera bota zuten. Duela aste gutxi aztertu zen auzia, baina gaur arte ez da publiko egin.

Gaur goizean, ELAren egoitzan, prentsaurrekoa egin dute sei sindikatuek. Nabarmendu dute «gabezia demokratiko bat» dagoela Nafarroan. Horregatik, espero dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak egoera hori zuzenduko duela eta zerbitzu juridikoaren «interpretazio mugatua» gaindituko duela. 

Bi legebiltzarretan gertatutakoak zerikusia izan dezake lurraldeko sindikatuen arteko botere harreman eta dinamikekin eta horrek politikan duen eraginarekin. Izan ere, sindikatu abertzaleek bi bilerara deitu zituzten Nafarroako gizarte eragile nagusiak, otsailaren 13an eta 28an, egoera aztertzeko Lanbidearteko Akordioari dagokionez. CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoa, CCOO eta UGT ez ziren bertaratu.

«Jarrera antisindikal argia dute, eta Nafarroako gizarteari helarazi diote ez daudela prest estatuko gutxieneko soldata gaindituko lukeen soldata bat negoziatzeko», kritikatu dute. 

Txibiteren jarrera, «salagarria»

Sei sindikatuen ustez, Nafarroako Gobernuaren laguntza izan dute elkarrizketaren bidea ixteko. Sindikatuek azaldu dutenez, Maria Txibite lehendakariak ere uko egin zion biltzeari, baita bilera egiteko aretoa uzteari ere. «Txibite lehendakariak jarrera alderdikoia izan du, eta erakunde horiei sostengua eman die. Guztiz salagarria da. Ikuspegi demokratiko batetik, jokabide hori onartezina da». 

Bere lehen legealdian, ELA, LAB, Steilas eta ESKrekin bildu zen Txibite, eta harremanak normalizatzea babestu zuen, Barkosen agintaldian hasitako bidetik jarraikiz. Aitzitik, sindikatu abertzaleek salatu dute orain gertatutakoak «duela hamar urteko jarrera» islatzen duela. «UGTk, CCOOk, CENek eta Nafarroako Gobernuak ahotsik gabe utzi nahi dute langileen ordezkaritzaren %40 baino gehiago». 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, egoera politikoa bestelakoa da. Alde batetik, CCOOk eta UGTk baieztatu dute parte hartuko dutela sindikatu abertzaleek martxoaren 20rako deitutako mahaian.

Bestetik, gutxieneko soldatari buruzko akordioa lortzeko borondatea adierazi dute hala Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak nola Mikel Torres lehendakariordeak. Hots, EAJk eta PSE-EEk ez diote muzin egiten eztabaidari, eta Confebask patronalari mahai horretan esertzeko eskatu diote. 

Sinadura bilketa

Alta, sei sindikatuek ez dute ezer egin gabe egon nahi egoera horren aurrean. «Ekinaldi garrantzitsuen bideak aldapatsuak dira maiz». Lehenik eta behin, hurrengo hilabeteetan gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadura bilketari ekingo diote, herri ekinaldi legegilea onartu izan balitz egingo luketen modu berean.

Era berean, kaleko mobilizazioen bidez ozen aldarrikatuko dute langileek soldata propioa behar dutela. «Argi geratzen da gutxieneko soldata ezartzean, zalantza juridikorik gabe, eskumen propioak behar dituela. Oso garrantzitsua da langileen egoera eta lan zein bizi baldintzak hobetzeko». Mobilizazio bat egingo dute apirilaren 14an. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.