Nafarroako Parlamentuak atzera bota ditu zerga neurrien aurkako osoko zuzenketak

UPNk, PPk eta Voxek aurkeztutako zuzenketak blokeatu dituzte PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Lege proiektuak proposatzen du tentsio handiko eremuetan pizgarriak ezartzea jabeei eta gutxienez 1.035 euroko pentsioa bermatzea.

Maria Txibite, Jose Luis Arasti eta Ramon Alzorriz, Nafarroako Parlamentuan, duela bi aste. JESUS DIGES / EFE
Maria Txibite, Jose Luis Arasti eta Ramon Alzorriz, Nafarroako Parlamentuan, duela bi aste. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2024ko azaroaren 28a
12:51
Entzun

UPNk, PPk eta Voxek ezin izan dute. Nafarroako Gobernuaren zerga neurrien lege proiektuaren aurka osoko zuzenketa aurkeztu dute hiru taldeek, baina gainerakoek euren gehiengoa baliatu dute, eta atzera bota dituzte eskuineko oposizioaren osoko zuzenketak. Ogasun Batzordean eztabaidatuko dira zatikako zuzenketak, abenduaren 13an, eta egitasmoa bera abenduaren 19an bozkatuko dute. Egun horretan bertan 2025eko aurrekontuaren lege proiektua ere izango da eztabaidagai.

Tramite bat izan da, berez, gaurko bozketa Nafarroako Gobernuarentzat. Horren erakusle, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak bere jarlekutik defenditu duela egitasmoaren edukia. Bere mintzaldian, nabarmendu du «elkarrizketaren eta kontsentsuaren emaitza» dela. 

Lege proiektuak hainbat zerga neurri proposatzen ditu: besteak beste, tentsio handiko eremuetan %50eko kenkariak jarriko dira etxebizitza alokatzen duten jabeentzat, eta %70etik gorakoak Nasuvinsaren sarean sartzen direnentzat; gutxienez 1.035 euroko pentsioa bermatuko da; lehen sektorean, landa garapeneko laguntzei %100eko kenkariak ezarriko zaizkie errenta zergan; ibilgailu elektrikoen erosketa bultzatzeko kenkariei eutsiko zaie; ikus-entzunezkoen sektorearentzako laguntzak jaso dira... Halaber, 2021etik 2024ra bitartean gehiegi zergapetutako mutualistei dirua itzuliko diete. Orotara, 220 milioi euroko kostua izango du Ogasunarentzat.

Alta, neurriok kritikatu ditu UPNk. Javier Esparzaren arabera, egungo zerga politika «ez da orekatua, lehiakortasunaren aurkakoa da». Haren hitzetan, herritarrak «nazkatuta daude, zergak itota». Antzera mintzatu dira PP eta Vox.

PSNko Ainhoa Untzuk erantzun die «apokalipsiaren hiru iragarleak batuta» daudela. «Esan iezaguzue lege honetan non dagoen zehazki zuek iragarritako infernua». EH Bilduko Adolfo Araizen hitzetan, eskuineko alderdi horiek «lapurreta gisa» aurkezten dituzte zergak, baina gogora ekarri du diru bilketa horrek sostengatzen duela ongizate estatua. Geroa Baiko Mikel Asiainek azaldu du eurek aldarri batzuei uko egin behar izan dietela, baina hori dela negoziazio ororen ondorioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.