Nafarroako langile publikoen lan baldintzak hobetzea nahi dute sindikatuek, eta gobernuarekin negoziatu «horretarako legitimitatea eta babesa duen tokian», Mahai Orokorrean. Horregatik, grebara deitu dituzte beharginak apirilaren 9rako. Agerraldi bateratua egin dute mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiek —LABek, ELAk, CCOOk, UGTk eta Afapnak—, eta adierazi dute «kalitatezko zerbitzu publikoa izatekotan nahitaez lan baldintza egokiak behar» direla.
Sindikatuek zerrendatu egin dituzte Nafarroako Gobernuari egin dizkioten eskariak, 30.000 langile ingururi eragiten dietenak. Hamar dira: soldatak Nafarroako KPIaren arabera igotzea; beste estatutu bat osatzea; behin-behinekotasuna %8tik beherakoa izatea; lantaldea handitzea «beharren araberakoa» izan dadin; eta sektore publikoaren pribatizazioa amaitzea.
Ez hori bakarrik: nahi dute karrera profesionalak irizpide objektiboetan oinarritzea; osasunari buruzko foru legearen aurreproiektuan Osasunbideko enpresa erakunde publikoaren sorrera geldiaraztea; familia eta lana bateragarriak egiteko hobekuntzak txertatzea; lan kontratupeko langileentzako hobekuntzak izatea, hitzarmena eguneratuz; eta erosahalmena berreskuratzeko neurriak hartzea. Soldatak igotzea da, beraz, eskari nagusietako bat.
Ez dute gehigarria jaso oraindik
Soldatak igotzea da Nafarroako sindikatuek gaur egindako eskari garrantzitsuenetako bat. Izan ere, lansariak izoztuta dauzkate funtzionarioek, eta oraindik ez diete ordaindu inflazioa konpentsatzeko azken akordioan adostutako %0,5eko gehigarria. Atzerako eraginez jaso behar dute 2024ko urtarrilaren 1etik. Indarrean den lan hitzarmena abenduaren 31n iraungi zen, eta Espainiako sindikatuak Madrili presio egiten ari dira soldaten igoera eta hurrengo ituna negoziatzeko, oraindik ez baitakite zer soldata jasoko duten aurten. Haiek aste honetan ekingo diete mobilizazioei.
Prentsaurrekoan salatu dute gobernuak utzikeriaz jokatu duela langileen ordezkariekin negoziatzeko orduan, eta horren adibide dela estatutu berriaren negoziazioari ezarritako blokeoa. Azaldu dutenez, grebara deitu aurretik ahalegin ugari egin dituzte gobernuarekin mahai orokorrean esertzeko; esaterako, iazko otsailetik urrira bitartean elkartu ziren estatutuaz jarduteko, baina, ordutik, gobernuak ez die jaramonik egin berriz biltzeko eskariei.
Funtzio publikoko behargin guztiei egin diete lanuzteetan parte hartzeko deia, eta aztertzen ari dira deialdia udaletan ere egitea. Grebaren egunerako zenbait mobilizazio antolatuko dituzte, hala goizerako nola arratsalderako.
Eskariak, oraindik indarrean
Gaur iragarritako protestaren gisako azkenekoa duela bi urte egin zuten sindikatuek, 2023ko otsailaren 15ean, eta orduko eskariak indarrean daude oraindik: langile publikoen lan baldintzak hobetzea eta Nafarroako Gobernuarekin «benetan» negoziatu ahal izatea galdegin zuten orduan ere.
EAEn bihar da biltzekoa Sektore Publikoaren Mahai Orokorra, eta aurretik elkarretaratzera deitu dute ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko aintzat har ditzala langileen eskaerak.