2014an bertan behera geratu zen Nafarroako arte grafikoen sektoreko lan hitzarmena. Berriki, otsailaren 18an, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek lan itun hori negoziatzen hasteko eskatu zioten Aegram patronalari. Hark ezezkoa eman zien. Horregatik, gaur goizean patronalaren egoitza aurrean elkartu dira.
Sindikatuek ohar bidez adierazi zutenez, eskaera formal bat egin behar izan zuten, Aegram erakundeak ez dielako erantzun aurretik bidalitako mezuei. Aegram patronalaren barruan daude, besteak beste, Idazluma, Graficas Larrad, Navarprint, Graficas Zokoa, Imprenta Zubillaga eta Papeles El Carmen.
Lau sindikatuen arabera, jasotako ezezkoak adierazten du sektore horretako enpresak «eroso» daudela «sektoreko lan baldintzen prekarizazioa ikusita». Elkarretaratzearen bidez, enpresei agerian utzi nahi izan diete ez direla geldirik geratuko. «Sektorea aktibatuko dugu duela zenbait urte langileei kendu zitzaiena berreskuratzeko». Horretarako tresna guztiak erabiltzeko prest direla ohartarazi dute.