Nafarroako Gobernuak hamar milioi euro banatuko ditu ardogintzaren krisiari aurre egiteko

Mahats soberakinak konpentsatzeko, 5,5 milioi euro jasoko dituzte mahastizainek —1.450 hektarea, guztira—. Upategiak, berriz, 4,5 milioi eurorekin lagunduko ditu gobernuak, ardoa merkatutik ken dezaten.

Erriberrin, mahasti bat. FRANCIS VAQUERO / NAFARROAKO GOBERNUA
Erriberrin, mahasti bat. FRANCIS VAQUERO / NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2024ko maiatzaren 15a
13:50
Entzun

«Salbuespenezko egoera bat da». Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko kontseilariak jakinarazi du hamar milioi euro banatuko dituela mahastizainen eta upategien artean, ardogintza sektorearen ardo eta mahats soberakinak erretiratzen laguntzeko. «Ardo kontsumoaren beherakadak eragindako soberakinak pilatzea eragotzi nahi dugu, eta krisi koiuntural horren ondorio ekonomikoa leundu», arrazoitu du kontseilariak.

Hain zuzen ere, astelehenean bildu zen Aierdi ardogintzako eragileekin egoera aztertzeko. Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, Aierdik azpimarratu du «garai zehatz» eta zaila bizi duela sektoreak. Azken bi urteetan igo egin zaizkio produkzio kostuak, eta uholde eta lehorteei aurre egin behar izan die. Alta, sakonean merkatuaren egiturazko beste arazo bat dago. Ardoaren kontsumoa beherantz doa, eta produkzioa ez da apaltzen eskariaren erritmoan.

«Salmenten ondorioz, upategietako biltegietako ardo kantitatea handitu egin da, batik bat ardo beltza eta gorria. Hori zuzendu ezean, ondorio txarrak izango ditu». 

JOSE MARIA AIERDI Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko kontseilaria

Berriki argitaratutako txosten baten arabera, 1996tik honako epea aintzat hartuta, iaz behea jo zuen munduan. Europan, berriz, azken hamar urteko batezbestekotik %5 behera dago ardo kontsumoa. «Salmenten ondorioz, upategietako biltegietako ardo kantitatea handitu egin da, batik bat ardo beltza eta gorria. Hori zuzendu ezean, ondorio txarra izan dezake», onartu du Aierdik. 

Azken asteetan, soberakinei aurre egiteko diru laguntzak handitzea aztertu dute Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Nafarroako Gobernuak mahatsa heldu aurretik mahastiak kentzeko neurrien inguruko laguntza deialdia aurkeztu zuen. 2,9 milioi euroko aurrekontua zuten antolatua, baina, deialdira mahastizain gehiago aurkeztu zirenez, laguntzaren kopurua 5,5 milioi eurora handitzea erabaki dute.

1.453 hektarea

Guztira, 1.453 hektareari eragingo dio deialdi horrek. Guztiak ere Nafarroan badaude ere, bi jatorri izen nagusiei eragiten die: 517 hektarea mahasti Nafarroa jatorri izenaren babesean daude, eta 935 hektarea, Errioxa sor-markarenean. Laguntzen erdiak mahastia kentzeko laguntzak dira, eta beste erdiak, galdutako diru sarrerak konpentsatzekoak. Zehazki, mahastiak mekanikoki kentzeagatik 556 euro banatuko dira, eta eskuz eginez gero, 778 euro.

Diru sarreren konpentsazioa, berriz, 57 zentimokoa izango da Nafarroa jatorri izeneko mahats kiloa kentzeagatik; eta bikoitza, 1,14 eurokoa, Errioxa sor-markako mahatsari dagokionez.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, 1,8 milioi euroko diru laguntzen deialdia aurkeztu zuen martxoan, baina aurrekontua handitzeko aukera irekia utzi zuen. Iazko kanpainan, oso mahastizain gutxi aurkeztu ziren, baina, epemuga gaindituta, aurtengoan kontrakoa gertatu da: 383 espediente aurkeztu dira, eta Arabako mahats eremuaren %10 hartzen dute. Oraindik ofizialki esan ez badu ere, bost milioi eurora handitzeko aukera aipatu da.

Eusko Jaurlaritzak 1,8 milioi euroko laguntzak aurreikusi zituen martxoan, baina aurrekontua handituko du, aurten eskari ugari jaso baititu.

Upategientzat, berriz, 4,5 milioi euroko aurrekontua jaso du Nafarroako Gobernuak. Aierdiren arabera, laguntzaren helburua da ardo soberakina biltegitik kentzea eta hura eraldatzea, industria erabilerarako alkoholerako erabiltzeko. Errioxa sor-markako ardoentzat, hektolitroko 85 euroko laguntza banatuko da, eta Nafarroako jatorri izeneko ardoentzat, 45 eurokoa. Orotara, 7,6 milioi litro kentzea espero du.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, zortzi milioi euroko laguntza banatuko du upategien artean: 95,8 zentimokoa ardo beltz litroko eta 86,5 zentimokoa ardo gorri litroko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.