Azken urteetan, erosten den baino ardo gehiago ekoizten da, eta upategietako biltegiak gainezka daude. Horri gehitzen baldin bazaizkio azken urteetan munduan izan diren tirabira guztiak, krisi zantzuak nabariak dira Euskal Herriko ardogintzan, baina batez ere Nafarroan eta Arabako Errioxan. Gaur, gai hori hizpide izan dute Nafarroako Parlamentuan, eta Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko kontseilariak argi utzi du gobernuak zer ikuspegi duen mahastiak kentzeko aukerari dagokionez: «Neurri koiunturalak babesten ditugu, baina ez dugu nahi mahastiak kentzea. Mahasti eremuak behar ditugu sektorea bizirik egon dadin aurrerantzean ere».
Geroa Baik eskatuta hitz egin du Aierdik legebiltzarreko osoko bilkuran, eta, hala, orain arte hartutako neurrien berri eman du, baita etorkizunera begira hartu nahi duten bidearen berri ere. Hain zuzen ere, martxoaren 11n Ardoaren Mahaia eratu zen, eta hartan elkartu ziren upategien eta mahastizainen ordezkari nagusiak —Nafarroa eta Errioxa sor-marketako kontseiluak, Nafarroako Upategien Elkartea, UAGN eta EHNE sindikatuak, eta UCAN kooperatiben elkartea—. Aierdik aurreratu du «estrategia partekatu bat» landu nahi dutela sektoreko kideekin batera, eta batzera deitu ditu parlamentuko taldeak.
16.000Nafarroako ardogintza. Duela hogei urte, 26.000 hektarea mahasti zeuden Nafarroan, eta gaur egun, berriz, 16.000 hektarea —gehienbat, Goi Erriberan, Estellerrian, erdialdean eta Behe Erriberan—. Gainera, 153 upategi daude: %55 Nafarroa sor-markaren aterkipean daude; %44 Errioxa sor-markaren pean eta gainerako %1a lur eremuko ardoak dira, mikroklima berezi batean egindako ardoak, alegia. 2.800 lagunek lan egiten dute Nafarroako ardogintzan.
Azken urteetan, sektoreak hainbat krisi kateatu ditu . Lehenik, pandemia izan zen; gero, energia kostuen igoera etorri zen, Ukrainako gerraren ondorioz; azken urteetako lehorteek ere kalte egin diote sektoreari, eta orain Donald Trumpek piztutako merkataritza gerra gehitu behar zaio aurreko guztiari. Horiek horrela, ardo beltzaren ekoizpena %13 apaldu da Errioxa sor-markako Nafarroako upategien artean, eta %30, berriz, Nafarroa sor-markako upategien artean.
Ekoizpenak behera egin du, baina are gehiago jaitsi dira salmentak. Izan ere, ardo beltz gutxiago kontsumitzen da munduan, eta, horren ondorioz, ekoitzitako ardo botilen eta saldutakoen arteko aldea «nabarmen» handitu da. Funtsean, ardo gehiegi dago. 2022az geroztik, Nafarroako Gobernuak neurri koiunturalak hartu ditu, eta mahatsa eta ardoa botatzeko laguntza deialdiak egin.
Ikusi gehiago
Iaz, zehazki 7,4 milioi euro jarri zituen horretarako: 3,8 milioi mahastizainentzat, 65.000 hektolitro ardo egiteko bezainbeste mahats botatzeko; eta 3,6 milioi 37 upategirentzat. Aierdiren arabera, orotara 130.000 hektolitro ardo gutxiago ekoitzi ziren, Nafarroako ekoizpenaren %16.
Aurten, berriz, 5,3 milioi euroko laguntza deialdia aurkeztuko da helburu bererako —1.600 hektareari eragingo dio gehienez—.
Alta, kontsumoaren eta ekoizpenaren arteko egiturazko alde hori ikusita, egiturazko neurriak aztertuko ditu Ardoaren Mahaiak. Hiru lantalde eratu dituzte horretarako, aztergai hartuta hektareako ekoizpenean nola eragin, klima larrialdira nola egokitu, eta merkatuan zer joera eta aukera dauden.

Gobernuaren posizioari begira, Aierdik azaldu du «neurri koiunturalen alde» egingo dutela aurrerantzean ere. Halaber, uste du utzi egin beharko litzaiokeela Errioxa eta Nafarroa sor-markek irizpide gisa ezarritakoaren gainetik ekoizteari, eta kalitatearen aldeko neurriak hartu. Gainera, ontzat jo du nazioarteko merkatuetan aukera berriak bilatzea. Azkenik, uste du estrategia «partekatu» hori Eusko Jaurlaritzarekin eta Errioxako Gobernuarekin elkarlanean landu behar dela.
Halaber, hizpide izan dituzte AEBetako muga zergak ere, baina Jose Mari Aierdik nahiago izan du zuhur jokatu «gorabehera handien harira». Izan ere, Donald Trumpek mehatxu egin du Europako Batasuneko ardo inportazioei %200eko muga zerga ezarriko diela, baina 90 egunez %10eko muga zerga orokor bat ezartzea izan da haren azken mugimendua. «Oinak lurrean eduki behar ditugu», aipatu du Aierdik. AEBak dira ardo esportazioen helmuga nagusietako bat, eta, hain zuzen, ohartarazi du merkatu hori galduz gero salduko ez diren botilek zeharka eragina izan dezaketela barne merkatuan.
Alderdien ikuspegia
Javi Ollo Geroa Baiko parlamentariak azaldu du barne merkatuan jarri behar dela azpimarra kontsumoaren joerari erreparatzeko orduan. «Ikusi behar dugu etxe barruan zer egin dezakegun barne kontsumo hori sustatzeko», aipatu du, argi utzita kontua ez dela edari alkoholdunen apologia egitea. UPNko Miguel Bujandaren arabera, Aierdik «ez du benetako neurrik iragarri». Haien ustez, sektorearekin batera egin behar da bidea, «haiek entzunez eta enbarazurik egin gabe».
EH Bilduko Adolfo Araizek ontzat jo du Ardoaren Mahaia osatzea, eta uste du egiturazko neurriak hartu behar direla.
Muga zergek kezka eragin dute taldeen artean, baina Aierdik oroitarazi die ardoaren krisia ez zela Trumpekin hasi. «Muga zergek okertu egin dute krisia».