Nafarroako Gobernuak «beharrezkotzat» jo du errenta bermatua aldatzea

Azken moldaketa egin zenetik zortzi urte igaro diren honetan, sistema eraginkorrago bat behar dela uste du Maeztuk. Geroa Baik esan du ez duela atzerapausorik onartuko eskubideen arloan. Kontu Ganberak «ahuleziak» atzeman ditu kudeaketan eta kontrolean.

Carmen Maeztu kontseilaria, urrian, pobreziari buruzko eztabaida batean. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA
Carmen Maeztu kontseilaria, urrian, pobreziari buruzko eztabaida batean. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA
joxerra senar
2025eko urtarrilaren 16a
11:54
Entzun

Uxue Barkosen gobernuaren garaian, 2016an, Nafarroako Parlamentuak ontzat jo zuen haren lege nagusietako bat: errenta bermatuarena. Zortzi urte pasatu dira geroztik, eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako eta Enpleguko kontseilariak iragarri du legearen erreforma aurkeztuko duela datozen hilabeteetan. Gobernuak «beharrezkotzat» jo du egungo sistema sendotzea, antzemandako gabeziak hobetzea eta oinarrizko diru laguntzen sistema «garai berrietara egokitzea».

Iazko azken hiruhilekoan, Maria Txibite lehendakariak jada aurreratu zuen asmo hori zutela eta Maeztuk gogorarazi du konpromiso hori jasota dagoela gobernu akordioan. Proposamena noiz aurkeztuko duen ez du zehaztu, baina prozedura azaldu bai: lehenik, Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari mahaigaineratuko diete; gero, «aurrekontuetako bazkideari», hau da, EH Bilduri; eta, azkenik, beste hiru indarrei. Maeztuk dei egin die alderdiei «ikuspegi politiko hutsak eta immobilistak uztera». «Erreminta eraginkorrago bat lortzeko bidean, adostasun zabalak behar ditugu», gaineratu du.

«Interes politiko hutsak eta ikuspegi immobilistak uztera dei egiten dut. Erreminta eraginkorrago bat lortzeko bidean, adostasun zabalak behar ditugu».

CARMEN MAEZTUEskubide Sozialetako kontseilaria

Maeztuk jada aletu ditu lantzen ari diren proposamenaren ildo nagusiak. Adibidez, administrazio lana kentzeko neurriak jasoko dira, horretan aritzen diren teknikariek errentaren onuradunei jarraipen hobeagoa egiteko laneratzeko orduan. Lana topatzeko pizgarriak hobetu nahi dituzte. Gainera, gutxieneko diru sarreren errenta eta errenta bermatua harmonizatzeko lan egingo dute, kudeaketan atzemandako arazoak konpondu nahirik. «Detektatu diren arazoei koherentzia eman behar zaie».

Dena den, edukia zehazki ikusteko zain, Geroa Baik ohartarazpen argia egin die sozialistei. Izan ere, 2016ko legearen aurka bozkatu zuen PSNk, UPNrekin batera. Isabel Aranburu parlamentariaren ustez, «ezinbestekoa da errenta bermatua ongi kontrolatzea», baina ohartarazi dio ez dutela onartuko aurrez aitortutako eskubideetan atzera egitea: «Ez dugu babestuko laguntza jasotzeko baldintzak gogortzea, gutxieneko diru sarreren errentarekin bateratzea, ezta administrazioaren lan zama eta tramiteak sinplifikatzea ere».

«Ez dugu babestuko laguntza jasotzeko baldintzak gogortzea, gutxieneko diru sarreren errentarekin bateratzea, ezta administrazioaren lan zama eta tramiteak sinplifikatzea ere».

ISABEL ARANBURUGeroa Baiko parlamentaria

PPren ustez, mezu horrek agerian uzten du balitekeela «liskarrak» izatea gobernuko bazkideen artean. UPNko Raquel Garbaioren ustez, berriz, errenta bermatuak «porrot egin du». Haren irudiko, Nafarroako Kontu Ganberak egindako azken txostenean agerian gelditu da «kudeaketa negargarria» dela. PSNkoei adierazi die bat egingo dutela haiekin UPNren garaiko eredura itzuliz gero. «Tematuta jarraitzeko asmoa baduzue, baliabideak kontrolik gabe jartzen errenta horretarako, ez gaitzazue kontuan hartu».

EH Bilduko Javier Arzak erantzun dio errenta «inbertsio on bat» dela. Gogora ekarri du onuradunen artean 14.000 adingabe daudela, eta pobrezia arriskuan daudenen %5i laguntzeko balio duela. Horregatik adierazi du ez dutela onartuko egungo babes sistema ahulduko duen proposamenik, «eskuinak horixe nahi duen arren». Aitzitik, sistema hobetzeko prest azaldu dira.

Kontu Ganberaren txostena

Bezperan, Nafarroako Kontuen Ganberak errenta bermatuaren kudeaketari eta enpleguan dituen ondorioei buruzko azterlan bat kaleratu zuen, PPk parlamentuan eskatua. Bada, gestioa konplexua izanik ere, «ahuleziak» antzeman ditu errentaren kontrolean, helburu bera duten bi diru sari daudelako —errenta bermatua eta Espainiako Gobernuak sortutako IMV edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera—.

Txostenean nabarmendu dutenez, diru laguntza bakoitzak bere baldintzak eta tramitatzeko epeak ditu. «Behar bezalako kontrola egiteko bitarteko nahikorik ez dago, eta informazio sistemak ez du automatikoki jakinarazten familia bakoitzak zenbat jaso duen»

Azken datuen arabera, nafarren %17 pobre bizitzeko arriskuan daude, eta %7, berriz, pobrezia larrian. Egoera horri aurre egiteko asmoz sortu zen errenta bermatua.

Kontuen Ganberak errenta jasotzeko zortzi baldintzak aztertu ditu, eta gabeziak atzeman ditu horietako bost kontrolatzeko orduan. Baldintzetako bat da eskaera egiten denean gutxienez bi urte emanak izatea Nafarroan bizitzen, eta uste du eskakizun hori ez dela ongi kontrolatzen. Halaber, onuradunak legez behartzen dira lan eskaintzak onartzera, eta ganberaren arabera, ez dago jakiterik lanerako eskakizun bat jasotzen dutenek onartu duten edo ez. Datuen arabera, 2023an onuradunen %26k lanpostu bat lortu zuten, eta %13k diru saria kobratzeari utzi zioten, sendiko kide batek lana topatu zuelako.

Irregulartasunei dagokienez, ganberak dio zazpiehun espediente ireki zituela Foruzaingoak, salaketaren bat jaso edo erabilera okerraren zantzuren bat izan ostean. Lautik hirutan baieztatu da erabilera okerra, eta jarritako diruaren %67 berreskuratu du administrazioak. Gainera, ikusi dute ordaindu behar ez ziren bi milioi euro ordaindu zirela guztira, 2.730 espedientetan. Gobernuaren arabera, 28.000 kontrol egin dira.

DATUak

35.000

Errenta bermatua. 2023ko datuen arabera, 35.000 herritarrek jasotzen dute, eta gobernuak 103 milioi euro jartzen ditu urtero horretarako. Onuradunen %44 lan egiteko moduan daude, eta gainerakoak adingabeak dira, 65 urtetik gora dituzte, edo gaixotasunen bat daukate. Errentaren zenbatekoa sendi bakoitzaren kide kopuruaren araberakoa da: 716 euro dira gutxienez, kide bakarreko sendietarako, eta 1.433 euro gehienez, sei kide edo gehiagokoetarako.

15.800

Gutxieneko diru sarrerak. Bizitzeko gutxieneko diru sarrera 2022an sartu zen indarrean Espainian, baina gaur egun Nafarroako Gobernuak kudeatzen du. Nafarroan 15.800 lagunei eman zieten 2023an, eta 50 milioi euro jaso zituzten denera.

%28

Bi laguntzak. Bi laguntzak bateragarriak izan daitezke baldintzak betez gero eta errenta bermatuaren gehienezko kopurua gainditzen ez bada. Onuradunen %28k biak kobratzen dituzte.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.