Aurrekontu publiko oso hedakorren garaia amaitu da. Aurrekontu publikoak saneatzeko aginduak eta zerga bilketaren hazkunde apalak zuhur jokatzera behartu dute Nafarroako Gobernua ere, eta gehienez aurten baino %1,8 gehiago izango du gastatzeko. Antzeko inflazioa espero denez, praktikan esan nahi du aurtengoaren pare ibiliko dela gastu publiko erreala.
2025eko gastu muga onartu du gaur Nafarroako Gobernuak, eta, horrela, aurrekontu proiektua prestatzeko lehen urratsa egin du. Muga 5.974,8 milioi eurorena da, aurtengoa baino 139 milioi handiagoa (+%2,4). Baina horretatik zati bat ez da gobernuarentzat izango: Espainiako Estatuari egindako ekarpenean 874 milioi euro joango dira, eta beste 331 milioi, udalak finantzatzeko funtsera. Horiek gabe, 4.770 milioi euro dira, aurten baino %1,8 gehiago.
Zorraren interesak eta amortizazioa ez dira sartzen kopuru horretan, eta, hortaz, aurrekontu proiektua horren gainetik izango da. Gainera, gobernuak kalkulatu du 150 milioi euro baliatu beharko dituela mutualistei aurretik egindako ekarpen batzuk itzultzeko.
«Hedakorra»
Igoera txiki hori baliatu du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak «aurrekontuen hazkundeaz» hitz egiteko, «nahiz eta testuinguru sozioekonomiko zail batean mugitzen ari garen».
Are urrunago joan da Laura Aznal EH Bilduko bozeramailea, esan baitu «aurrekontu hedakorrak» izango direla. EH Bildurekin negoziatu ditu koalizio gobernuak azken aurrekontuak, eta pentsatzekoa da 2025ekoa ere onartzeko harengana joko duela Maria Txibiteren gobernuak. Negoziazio horietan «politika publikoak sendotzea» izango da koalizio independentistaren helburua.
Gastu muga prestatzerakoan, Iruñeko gobernuak kalkulatu du BPGaren %0,3 arteko zuloa egin ahal izango duela —82 milioi euro—, baina Espainiako Gobernuak %0,1eko muga jarri die autonomia erkidegoei. Bere finantza egoera erkidego gehienena baino hobea denez, defizit handiagoa lortzeko negoziazioetan ari da Nafarroako Gobernua.