Goizetik jakinarazi zuen LABek polizia operazio bat abian zela Iruñean eta sindikatuko hainbat ordezkari atxilotzen ari zirela. Atxilotu kopuruaren inguruko nahasmena sortu zen hasieran, baina, orduek aurrera egin ahala, sindikatuak baieztatu zuen sei kide atzeman zituela Espainiako Poliziak. Izaskun Juarez LABeko Iruñerria-Pirinioak eskualdeko idazkaria eta gainerakoak gaur goizean aske uztea espero da. Abokatua atzo arratsaldean izan zen haiekin, eta «nekaturik» zeudela esan zioten. Fermin Otamendi Iruñeko 2. instrukzio epaitegiko magistratuaren aurretik pasatuko dira gaur. Martxoaren 8an CEN patronalaren egoitzan egindako protesta batean parte hartzea eta apirilaren 9an ISN enpresaren kamioi batera igotzea eta errepidea oztopatzea egotzi diete.
Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritza «operazioa irekirik» zela baizik ez zuen esan. Sindikatuko abokatuak jakin duenez, Poliziaren txostenetan 11 lagunen izen-abizenak agertzen dira, eta horregatik ohartarazi zuten atxiloketa gehiago etor zitezkeela. Alta, arratsaldean ez zen atxilotu gehiagoren berri eman. LABen ustez, litekeena da datu hori argitaratu izanak Poliziaren asmoak gerarazi izana. Dena den,Jose Luis Arasti Espainiako Gobernu ordezkariari eskatu zion operazioa bertan behera utz zezala.
Atxilotuei egotzitako protestak garbiketaren sektorearen gatazkaren testuinguruan gertatu dira. Lan baldintza duinagoen eta sexu arrakalaren aldarrikapenak protagonismo berezia izan zuten gatazkan. Lehenik, martxoaren 8an, CEN enpresaburu elkartearen egoitza hauts gorriz bete zuen sindikatuak. LABen arabera, erabilitako osagaia «ekologikoa» izan zen.
Bigarren protesta apirilaren 9an izan zen. Goizaldeko 06:00etan, ISN sektoreko enpresa garrantzitsuenetako baten kamioira igo ziren bi langile, etaN-121 errepidea oztopatu zuten, Beriain herriaren parean. Sektoreko hitzarmenaren blokeoa salatu zuten langileek protesta hartan. Poliziak ekintza hartan parte hartu zuten langileak atxilotu ditu, eta errepideko segurtasuna arriskuan jartzea leporatu die.
Arastiri eskaera
LABek irmo gaitzetsi zuen polizia operazioaren ikusgarritasuna. Imanol Karrera koordinatzaileak gogorarazi zuen nahikoa zela jakinarazpen bat bidaltzea, haiek euren kabuz joan zitezen epaitegira deklarazioa har ziezaieten. Haren irudiko, Europako beste herrialdeetan baimenduta daude halako protestak: «Greenpeacek halako ekintza bat egiten badu, ez da ezer gertatzen, baina langileak mobilizatzen direnean, bai. Jose Luis Arastik galdera horri erantzun beharko lioke». Uste du operazioak langileen ahalduntzea eragotzi nahi duela.
Sindikatuari deigarria egin zaio Poliziaren jokabide diferentea. Alde batetik, CEN patronalak jarritako salaketa aintzat hartu du, baina, bestetik, entzungor egin die lan istripuen aurreansindikatuek enpresaburu elkartearen aurka egindako salaketei. Halaber, sindikatuak gogorarazi zuen Fermin Elizalde ISN enpresako jabearen aurkako makina bat salaketa daudela Iruñeko epaitegian, kontratazioan iruzur egitea eta soldatak gaizki ordaintzea leporatuta. «Epaitegietan ezaguna da Elizalde, baina ez dute ezer egiten».
Atzo, 11:00etan, atxilotuen askapena aldarrikatzeko elkarretaratzea egin zuen LABek, eta poliziek bertan parte hartu zuten hogei ordezkari inguruidentifikatu zituzten. Sindikatuko kide batek aurpegiratu zien poliziek ez zutela identifikazio plakaren zenbakirik soinean. Operazioburuak «errespetua» galdegin zion Imanol Karrerari.
Gaurko 11:00etarako elkarretaratzera deitzeko asmoa zuen sindikatuak, baina deialdia ez da baimendu. Aitzitik, «gehiegikeria hori salatzeko asmoz», larunbaterako deitu du manifestaziora. Iruñeko Baluarte jauregitik aterako da, 17:00etan.
Sortuk, ohar baten bidez, gaitzetsi zuen «onartezina» dela langileen eskubideen alde aritzen direnen aurkako jazarpena. Elkartasuna agertu die prekaritatearen aurkako borrokan ari diren garbiketa sektoreko langileei.
Polizia operazioa Nafarroan
Nafarroako garbiketa sektoreko protesten ondorioz, LABeko sei kide atxilotu dituzte
ISN enpresaren kamioi bat blokeatzea eta CENen egoitzan protesta batean parte hartzea egotzi diete. «Gehiegikeria» salatzeko, manifestaziora deitu du sindikatuak, larunbaterako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu